Kepa Junkera: "Azpeitia ingurua trikitixaren santutegia da, dudarik gabe"

Uztarria.eus 2013ko mar. 15a, 14:23

Motriku pandero-jotzailea ezkerrean, eta Kepa Junkera soinuarekin, eskuinean. (Kepa Junkera utzita)

Musikari bilbotarrak bere hastapenetako abestiak joko ditu San Jose Trikiti Jaialdian bihar, zapatua, Soreasu antzokian, Motriku pandero-jotzailearekin batera. 17:30ean hasiko da emanaldia.

Usadioarekin jarraituz, San Jose Trikiti Jaialdia antolatu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. Jaialdia bihar izango da, eta guztira zazpi taldek partekatuko dute Soreasu antzokiko agertokia, 17:30ean hasita. Parte-hartzaileetako bat Kepa Junkera (Bilbo, 1965) trikitilaria izango da, eta saioan Jose Mari Santiago Motriku pandero-jotzailea izango du lagun, hastapenetan bezalaxe. Musikari bilbotarra ilusioz beteta agertu da "trikitixaren sorlekura" itzuliko delako.

Denbora luzea daramazu trikitixa tradizionalenetik edo puruenetik urrun. Alde horretatik, bati baino gehiagori arraroa egingo al zaio zu San Jose jaialdian ikustea?

Ez dut uste. Balizko pertzepzioak direla uste dut. Nire aititak panderoa jotzen zuen, eta nire ama Silvestre Elezkano Txilibrin albokari eta trikitilari handiaren bikotekidea izan zen. Beraz, trikitixa tradizionala beti izan da nire sentimenduen parte garrantzitsua. Ni autodidakta moduan hasi nintzen, eta erromerietan nahiz jaialdietan murgildu nintzenean, beste mundu bat aurkitu nuen; batik bat, Azpeitia eta Azkoitia inguruko trikiti giroa. Ni beti izan naiz Auntxa, Sakabi, Laja, Epelde eta Zendoia bezalako trikitilarien fana. Mundu horrek oso inportantea izaten jarraitzen du nire bihotzean. Gero, bizitzako zirkustantziegatik edo, proiektu ezberdinak izan ditut, eta asko bidaiatu dut mundu osoan. Guretzako ez ezik, trikitixak beste belarri batzuentzako ere interesgarria izan zitekeela pentsatu nuen, eta horretan aritu naiz. Alde horretatik ez zait iruditzen urrundu egin naizenik.

Beste esparru batzuetan ibili zarelako har dezake  ezustean beharbada publikoak zure parte hartzea.

Baina hori publikoaren kontua da, eta logikoa izan daiteke. Ikuskizunaren munduan pertzepzioak oso ezberdinak izaten dira maiz egilearen eta hartzailearen artean. Adibidez, nik konposizio berri bat egin eta modu ez oso tradizionalean jotzen baldin badut, pentsatzen dute ez zaidala betiko trikitixa gustatzen. Niri zuzenean hori horrela den galdetzen badidate, nire erantzuna ezezko biribila da. Guztiz alderantzizkoa da; batetik, familiatik datorkidalako eta bestetik, aipatutako trikitilari handi horiei guztiei sekulako errespetua diedalako.

Hori horrela, atseginez jasoko zenuen jaialdiko gonbita, ezta?

Azpeitia ingurua, dudarik gabe, trikitixaren santutegia da. Beraz, San Jose Trikiti Jaialdirako deitu nindutenean poz-pozik jaso nuen gonbita. Ohorea da inguru horietara itzultzea. Jaialdian jotzen dudan lehen aldia bada ere, txapelketetan eta beste jaialdi batzuetan aritua naiz. Oroitzapen benetan onak ditut zonaldeaz. Gainera, oraindik ere harremana mantentzen dut Laja, Landakanda eta Epelde bezalakoekin. Jende jatorra izateaz gain, ekarpen handia egin diote generoari. Altxorrak dira gaur egun ere.

Elkarrizketa osoa ikusteko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide