Gipuzkoako Hitza-ko elkarrizketako pasarteak:
- [Imanol Lazkanori abenduan Ordizian egin zioten omenaldian, hark behin amonari jarritakoak bota zituen Roman Elosegik, mila entzuleren aurrean]. "Lazkano lehen ere adituta zegoen. Goierriko bertsolariek bazkari bat egiten dute, urtero, eta, azkeneko bietan, Akapulko esaten diogun lekuan egin dute, gure etxetik gora. Lazkano andrearekin urtero etortzen da. Ni azkeneko bi urteetan joan naiz, eta kantatu nizkien bertsoak. Lehengo batean ere Lazkanoren etxean izan ginen, berak gonbidatuta, bazkaltzen. Omenaldia antolatzen ibili zirenak, Ordiziako ikastolakoak, Azpeitikoak... 30 bat lagun ginen. Kantatu nituen, eta ni, gustura".
- "Bertso gehienak Imanol Lazkanorenak dakizkit, eta Manuel Lasarte zenarenak, oraindik gehiago. Bi horien liburuak dauzkat, eta leitzen aritu, eta saio bat gustatzen bazait, buruan hartzen ditut. Gero, jendearen aurrean behin kantatuz gero, ez dira ahazten. Beti neure kasa berritu egiten ditut".
- "Joxe Agirre Oranda hil berria denak badauzka andrea zenari jarritakoak, eta aurrekoan, Amezketako batek ekarri zizkidan paperean, nik ikasiko nituzkeela eta. Segituan ikasi nituen. Larunbat batean ekarri, eta jai gauean lanera joan behar nuen, eta aberia makinan. Egunkaria leitzen ari nintzela, burura etorri zitzaidan autoan nituela Agirreren bertsoak. Haiek hartu —bi orduko geldialdia baitzegoen aberiarekin—, eta, bi orduan, hamabi bertsoak ikasi nituen. Etxera etortzerako, denak kantatu nituen; neure kasa buruan pasatu nituen denak. Ordenagailuan sartuta daude jada. Orain, ez da giro hauek kantatzen. Jainkorik ez du aipatzen, baina... Fabrikan kantatzen ari nintzela, malkotan egon nintzen. Andre zenari jarritakoak dira, sentimenduzkoak oso. Afal ondorenerako, tristeak".
- "Kantatzeko gehien Lazkanoren omenaldian kantatutako haiek eskatzen dizkidate, Lazkanok amonari jarritakoak. Ederrak dira. Bestela, ama-alabei jarritakoak gehientsuen: Lazkano ama, eta Sebastian Lizaso alaba, gaia jarrita. Bat-batean kantatutakoak dira. Ikaragarri dotoreak dira launa bertso biek".
- "Gustura entzungo nukeen saioa da Agirre zena eta Azpillagarena. Santa Ageda eskeko doinuan, gaia jarri zieten: Azpillaga joaten da Orandaren baserrira, Santa Ageda eskean; Azpillaga kanpotik, eta Agirrek barrenetik erantzuten dio. Kristoren saioa da, eta inon ez ditut aurkitzen horiek. Aspaldikoak dira bertsoak, orain dela hogeitaka urtekoak, baina grabatuta daude. Hamar-dozena bat kopla izango dira. Azpillagak atean kantatu eta Agirrek barrenetik erantzuten dion bezala, hori da zorroztasuna".