Duela 5 urte ezagutu genuen Jon, 10 hilabete zituela. Europan behintzat ez duzu haren irria baino erogarriagorik aurkituko. Donostian bizi zen, adin txikikoen harrera etxe batean. Gurasoak ez zeuden haur bat hazi eta hezteko moduan, eta Foru Aldundiaren gizarte zerbitzuek hartu zuten beren gain. Harrera etxeko zaintzaileek ahal zuten goxotasun guztia eskaintzen zioten, ongi elikatu eta janzten zuten, mediku-zaintzarik ere ez zuen falta. Dena bazuen. Dena, familia baten goxotasuna izan ezik.
Pare bat hilabete pasatu genituen harrera etxera joan-etorriak egiten, elkar ezagutzen. Gero asteburu bat pasatzera etorri zen gurera eta, urtea betetzear zela, etxeko bat gehiago bihurtu zen. "Eta kentzen badizuete?". Hori da bost urteotan ehunka aldiz egin diguten galdera. Egunen batean epaile batek guraso biologikoengana itzuli behar duela erabaki lezake. Haien egoera hobetu delako litzateke. Baina bitartean bizi izaten ari garen istorio zoragarria, urte hauetan Jonek gure bihotzetara ekarri duen argia eta goxotasuna, inork ez digu kenduko. Eta beti izango du lekua argitu dituen bihotzotan eta gure etxean. Agian noizbait joan beharra izango du, baina kendu, inoiz ez digute kenduko.
Zergatik kontatu dizuedan hau? Ba begira... Joni harrera etxera egindako bisita haietako batean, Alex izeneko mutiko batek hau esan zigun: "Jon zuen etxera joango da laster, ezta? Ni ez nau inork eramaten". Xehatuta geratu ginen, lur jota. Eta orain jakin dut une honetan beste 254 adin txikiko daudela Gipuzkoako harrera etxeetan. 2012. urteko erroldaren arabera, 712.097 biztanle ditu Gipuzkoak. Ez dakit horietako zenbatek irakurriko duzuen artikulu hau. Zuri, lerrook irakurtzen ari zaren horri, minutu bat eskatu nahi dizut. Begiak itxi eta, 60 segundoz, pentsa ezazu zer nolako bizia emango zeniokeen, ez laguntza behar duen haur bati, zeure buruari baino. Hain segur, bizian eman duzun urratsik ederrena izango da. Eta orain, ireki begiak. Eta bihotza.