Hondakinen prebentziorako bere proposamenak plazaratu ditu Hamaikabatek

Uztarria.eus 2013ko mar. 19a, 19:07

Gaiaren inguruan "informazio guztia prentsaren bidez" jasotzen dutela-eta kexu ageri da Aitor Aranguren zinegotzia, baina "txalotu" egiten dute Urola Erdiko Mankomunitatea 2013-2020 aldirako Hondakinen Prebentzio Plana lantzen hasi izana.

Hamasei neurrirekin osatutako proposamen-zerrenda da Hamaikabatek prentsa-ohar bidez plazaratu duena "Sortzen ez den hondakina da onena", diote. Hauek dira proposamenak:

  1. Konpostajea neurririk eraginkorrenetakoa da hondakinen prebentzioan: Autokonpostajea eta auzokonposta bultzatu herrian.
  2. Udaletxean (eta bere sozietate, patronato, eta abarretan) prebentzio plana landu.
  3. Herriko ikastetxeetan prebentzio planak lantzea bultzatu.
  4. Hondakinen tasan hobariak ezarri prebentzio ekintzak egiteagatik, taberna, jatetxe, hotel, eta enpresei.
  5. Erosketetan poltsa berrerabilgarrien erabilera sustatu.
  6. Edalontzi berrerabilgarriak erabili festetan, kirol ekintzetan...
  7. Bigarren eskuko merkatuak egin.
  8. Prebentziorako gida bat landu (ekintzekin) eta ezagutarazi.
  9. Buzoietan banatzen den publizitatea murrizteko ekintzak (pegatinak).
  10. Pixoihal berrerabilgarriak erabiltzea bultzatu haurtzaindegietan eta umeak dituzten familien artean.
  11. Sareko ura edatea sustatu herritarren artean.
  12. Sareko ura dratea sustatu jatetxe, taberna eta hoteletan (ur pitxerrak banatu).
  13. Lurra herritarrei utzi baratzeak lantzeko eta bere kontsumorako produktuak ekoizteko.
  14. Bertako produktuen kontsumoa sustatu.
  15. Bolumen handiko hondakinen bilketa hobetu eta hondakin hauek berreskuratu.
  16. Berreskuratutako hondakinak (boluminosoak, textilak, eta abar) berrerabiltzeko azpiegitura sortu bailara mailan (Donostiako Emausen Ekocenter da eredu).  Mankomunitateak-udalek erraztasunak eman sortzeko: lokalak, laguntzak... Gainera, lanpostuak sortuko lirateke.

Hondakinen kudeaketaren gainean zuzeneko informaziorik ez dutela dio Aitor Aranguren zinegotziak, eta kexu dira Hamaikabaten: "Legealdi hasieran Bilduk eta EAJk ez zuten onartu Urola Erdiko Mankomunitatean Hamaikabateko ordezkaririk egotea. Beraz, hondakinen gaian Hamaikabatek jasotzen duen informazio guztia prentsa bidez jasotzen du, zeren udaletxean ez da batere informaziorik ematen. Horrela jakin dugu Urola Erdiko Mankomunitatea 2013-2020 aldirako Hondakinen Prebentzio Plana lantzen ari dela".

Mankomunitatearen ekimena "txalotu" egin dute Hamaikabaten, "Europako direktibarekin bat datorrelako eta hondakinen kudeaketan lanik zailenari heldu diolako".


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide