'Parot doktrina'-ren etorkizuna ebazpenaren zain gelditu da

Uztarria.eus 2013ko mar. 21a, 12:11

Azpeitian atzo arratsaldean 197/2006 doktrinaren kontra elkarretaratzea egin zuten. (Nerea Uranga)

Juan Karlos Arruti Paterra preso dago, Parot doktrina dela medio.

Atzo goizean, Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko areto handian 197/2006 doktrina edo Parot doktrina bezala ezagutzen denari buruzko auzi saioa izan zen. Bi ordu inguruko saioa izan zen, eta epaimahaiak ebazpena ematerako asteak edo hilabeteak igaro daitezke.

Epai horrek, ordea, doktrina ezarrita duten dozenaka presorengan izango du eragina. Behin betikoa izango da. Zigorra beteta izan arren, doktrina ezarri ondoren kartzelaldia luzatuta du hainbat presok, eta horien artean da Juan Karlos Arruti Aizpitarte Paterra azpeitiarra.

Arrutiren senideek hedabideen bidez jarraitu dute saioa. Hala jakinarazi dio Urola Kostako Hitza-ri Joxe Arrutik, Juan Karlos Arrutiren anaiak. Ez da ez baikor ez ezkor agertu, eta "ziurgabetasuna" nabarmendu du. "Inork ez daki zer gertatuko den. Sei hilabete igaro daitezkeela diote, epaia jakiterako, eta orain arte bezala jarraitu beharko dugu bitartean, ziurgabetasunarekin", azaldu du. "Handia da tentsioa". Erabakia oso garrantzitsua dela nabarmendu du, senideentzat eta presoentzat. "Amaierako puntuaren hasiera izango da epaia", adierazi du, epaiaren behin betikotasunari erreferentzia eginez. "Epaiak epai, dena den, ikusi egin beharko da erakude penitentzialen jarrera zein den".

Juan Karlos Arruti Aizpitarte Paterra-k  2009ko martxoaren 5ean gelditu behar zuen libre, baina doktrina ezarrita beste hamar urtez luzatu zioten kartzela zigorra, 2019ra arte. 1989ko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Irunen, ETAkoa izatea egotzita.

09:30 aldera hasi zen atzo Ines del Rio tafallar presoaren egoerari buruzko auzi saioa Giza Eskubideen Auzitegiko areto handian, eta 11:15ak ingururako bukatu zuten. Del Rioren abokatu Amaia Izkok saioaren gaineko balorazio positiboa egin zuen atzo, Espainiaren abokatuak lehengo argumentu berak azaldu zituelako, "argudio ahulak". Hain zuzen, Estrasburgok 197/2006 doktrinaren aurka egin zuen lehen, iazko uztailean emandako ebazpenean.

Atzo, Herrirak deituta, 197/2006 doktrinaren kontrako hainbat mobilizazio egin zen Urola Kostan, tartean, Azpeitian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide