Amorrua ematen omen dio iratzargailuak jo baino lehen esnatzeak, eta azkenaldian sarritan gertatzen omen zaio. Gauean, ohean sartzean, lo egin beharreko orduak kalkulatzen omen ditu; egunaren arabera gehiago edo gutxiago. Iratzargailuak jo baino lehen esnatzen bada, gero asko kostatzen omen zaio berriro lokartzea, eta jaiki egiten omen da, amorrarazita.
Are eta amorru handiagoa ematen omen dio, ordea, lanean ari denean, kontzentratuta, dela ordenagailuan, dela zerbait pentsatzen, iratzargailua joka hasten dela entzuteak. Jo behar ez duenean! Korrika itzuli logelara eta askotan hitz egiten hasten omen zaio. "Orain? Orain jada berandu duk! Isildu hadi, min egiten didak eta!". Bihotzik ez duenari errieta egitea erraza omen da...
Ez zaio gustatzen, irratian, eguraldi nahasia izango dugula entzutea. Ez zuri eta ez beltz, definiziorik gabeko zerbait. Zenbat aldiz gertatu ote zaio arropa garbitu berria zintzilika jarri eta ia lehortu denean euri jasaren batek berriro dena blai eginda uztea? Halakoetan "joder!" ateratzen omen zaio, besterik ez. Pentsatu omen du inoiz, egoera horretan, komunera joan eta bere burua ispiluan begiratzea, bere aurpegiko keinua zein den ikusteko. Baina ez omen du astirik hartzen horretarako ere, amorruaren amorruz zeruari begira geratzen delako, etsita, "zergatik niri" galdetuz.
Jasangaitza egiten omen zaio mimoz prestatutako bazkaria gehitxo egitea, erretzea alegia! Dilistak, dilistak omen dira bere etsairik handienak. Mimo asko behar omen dute... Berak dio, bera dilistak bezalakoa dela, asko mimatu beharrekoa.
Zenbat ur jarri izaten omen da bere kezka, gehitxo jarriz gero ur zikina baino ez baita ateratzen, eta gutxitxo jarriz gero, bi asterako erre usaina etxeko sukaldean! Dilista erreen orbana ere ez omen da edonolakoa. Lapikoaren barrenean menditxoak bezala sortzen omen dira, kraterrak, zirkulu perfektuak... Irudi horrek kirria sortzen dio nonbait, nazka.
Dutxatzerakoan musika pixka bat entzuteko ohitura omen du. Bere kasuan egia omen da dutxan abestearen kontu hori, ahotsa ere findu egiten omen zaio ur azpian. Eta dapa! Telefonoa. Burua xaboituta dutxatik atera ditxosozko telefonoa hartzeko, eta "Hola, buenos dias. Le llamo de tal compañia de telefono...". Hurrengoari esan egingo omen dio, argi eta garbi: biluzik dagoela sukalde erdian, burua xaboituta, hotzez akabatzen.
Ez naiz ausartu galdetzen zer egiten duen butanoa gastatu eta ura hotza ateratzen denetan.
Ez omen dakigu zer sentitzen omen den, goiz erdian kafetxo bat hartzeko asmoz kikara sukaldeko mahai gainean utzi, hain maitea duzun liburu horren ondoan, eta azukrea botatzerakoan deskuiduz kikara kolpatu eta kafe beroa liburuko orri zurietan barrena barreiatzen ikustean. Kafea, liburua eta azukrea bera ere madarikatzen omen ditu. Sinesten diot. Liburu horrenak egin omen du, akabo. Ez omen dago kafez zikindutako eta lurrindutako liburu bat baino gauza exkaxagorik. Itxurak ere axola omen du...
Gauza txikien handitasunaz aritu zait gaur berriketan, handiak ondo egiteko txikiekin asmatu behar... Baina zortea ez omen da sekula bere aliatua izan.
Behin hala esan omen zion goiko bizilagunak, zabor poltsa betea hartuta eskaileratan behera abiatu eta zulatu zitzaionean: "Soka erraz korapilatzen, nekez askatzen".
Baietz erantzun omen zion, arrazoi zuela. Baina dena dela, amorruak amorru, eta soka korapilatu edo ez, "zauri batzuk zirela senda errazak, mihiarenak aldiz, nekezak".
(Urola Kostako Hitza, 2013-03-21)