Julen Juaristi: "Gau Txori argazki rallya oso berezia da niretzat"

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 21a, 18:34

Julen Juaristik Gau Txori Rallyan Urola Ikastolako eraikinari ateratako argazkia. (JULEN JUARISTI)

Julen Juaristi argazkilariaren lehiaketa kutunetakoena da Gau Txori argazki rallya, eta aurten sari bat jaso du Azpeitiko bizilagunak.

Pasa zen larunbatean banatu zituzten Azpeitiko Gau Txori argazki rallyko sariak, eta aurten, Julen Juaristi (Azkoitia, 1972) Azpeitiko bizilagunak jaso du herriko argazkilariaren saria. Urola Ikastolako eraikinari ateratako irudiari esker lortu du saria Juaristik.

Zer du berezia aukeratutako argazkiak?

Argazki rally guzietan gai jakin batzuk ematen dizkigute jorratzeko, eta Azpeitiko Gau Txori argazki rallyan eman ziguten gaia Leihoa izan zen. Parte-hartzaile gehienak xehetasun jakin baten edo leiho zehatz baten bila aritu ziren, baina nik garbi neukan zerbait berezia egin nahi nuela.

Beti deitu izan didate atentzioa Azpeitiko Urola Ikastolako eraikinak eta bere leihoek. Argazkia paisaia urbano bat da, eta leihoek izugarrizko indarra dute. Gainera, argazkia zuri-beltza izateak irudia bera indartu egiten du. Hogeita hamar segundoko exposizio bat da, tripodearekin ateratakoa, lanbro azpian.

Ba al dakizu epaimahaiak zergatik saritu duen argazkia?

Argazki zehatz bat baino, jorratutako bost gai hartzen dituzte kontutan saria ematerako garaian. Hala ere, aurkeztu ditudanen artean hau dut gustukoena.

Gau Txori gaueko argazki rallyan ateratakoa da. Zer dute gaueko lehiaketek egunekoek ez dutenik? Xarma berezia dutela uste al duzu?

Bai, Gau Txori rallya oso berezia da niretzat. Gipuzkoan lehendabiziko gaueko rallya izan zen, nik dakidala, behintzat, eta gainera lehenengo edizioan ziklogenesia izan genuen. Gauez argazkiak ateratzeko teknikak menperatu behar dira, denbora luzeko exposizioak izaten baitira batez ere. Horrez gain, oso giro ederra egoten da lehiakideen artean, eta kanpotik etortzen den jendea ere oso gustura ibiltzen da.

Ohiko lehiaketetan hainbat kontu izan behar da kontuan; argia, adibidez. Gauekoetan, ordea, zer faktore dira garrantzitsuak?

Argazkilariaren erreminta garrantsitzuena argia da, bai egunez, baita gauez ere. Gauez argi gutxiago izaten da, eta, beraz, irudian argi kopuru bera jaso ahal izateko denbora gehiago behar du argazkilariak, eta horretarako beharrezkoa da tripodea. Horrez gain, argi artifizialaren kolore tenperatura ere kontuan izan behar da.

Gaueko rallyak egunekoak baino zailagoak al dira?

Ez dut uste hala denik. Nire ustez, batean ongi dabilena bestean ere halaxe ibiliko da; finean, argazkilaritzaren inguruko oinarrizko kontzeptuak ondo finkatuta edukitzea da horretarako gakoa.

Gau Txori rallyan, azken urteetan, eguraldi txarra egin dizue. Nola konpontzen zarete?

Beno, ahal den moduan, egia esan. Zorte pixkat izanez gero, beti egoten da tarteren bat euririk egiten ez duena. Hala, bizkor-bizkor aprobetxatu behar dira momentu horiek.

Lehiaketa askotan parte hartzen al duzu?

Ez, Gau Txori rallya eta Zarauzko rallya ditut gustokoen. Gainontzean neure kabuz ibiltzen naiz. Era berean, geure taldetxoarekin kostara joatea gustuko dut.

Nolako argazkiak ateratzea duzu gustuko?

Gaur egun gehien asebetetzen nauena paisaia da. Halako argazkiak ateratzerakoan naturaren parte sentitzen naiz, eta ikaragarri gozatzen dut. Ekaitzaren ostean askotan ateratzen ditugu argazkiak, argia berezia izaten baita une horietan. Eta noski, ordu zelebreetan ere ibiltzen gara... Alegia, eguzkia irteetarekin edo ezkutatzearekin batera prest egoten gara gu ere, tripode eta guzti.

Noiztik duzu argazkilaritzarekiko zaletasuna?

Aitaren eskutik hasi nintzen argazkilaritzan. Berak oparitu zidan nire lehendabiziko kamera, Nikon FE2 markakoa, eta berarekin xomorroei eta loreei ateratzen nizkien argazkiak. Garai hartan diapositibekin ibiltzen nintzen.

Beti gustatu izan zait naturaz blai egitea eta gauza txikietaz gozatzea. Gaur egun ere paisaia jorratzen dut. Erretratuak ere egiten ditut. Hiru seme-alaba ditut, eta horiei eta emazteari argazkiak ateratzea gustuko dut. Garaian garaikoa, beraz.

Kamera beti soinean duzun horietakoa al zara?

Beti ez, baina askotan ibiltzen naiz hala. Hala eta guztiz ere, kamera soinean ez dudanean ere buruan izaten dut, beti egoten naiz adi, ordu eta argi egokia eta deigarria egiten zaidan lekuren bat noiz topatuko. Behin leku gustokoa topatutzen dudanean, ordua zaintzen dut, hurrengoan ordu egokiagoan joan ahal izateko. Beraz, pazientzia handia behar da zaletasun honetarako.

Gertutik

  • 1972. urtean jaioa, Azkoitian.
  • Lanbidez, proiektu zuzendaria da.
  • Argazkilaritzaren inguruko formazio ofizialik ez duen arren, gustuko du argazkiak ikusi eta gaiaren inguruan irakurtzea. Baina, batez ere, "Azpeitiko Argazki Elkartean ditugun maisuen ondoan ikastea" gustatzen zaio.
  • Batez ere inguruko argazki rallyetan hartzen du parte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide