Lan gatazka luze baten kronologia

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 22a, 14:23

  • 2011ko azaroaren 9a. 140 langile kaleratzeko txostena aurkeztu zuen Corrugados Azpeitiak.
    Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak Enpresa Batzordeari 140 langile kanporatzea barne hartzen zuen Lana Erregulatzeko Txostena (LET) aurkeztu zion.
  • 2012ko urtarrila, ehun langile kalera.
    Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugados enpresak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostena onartu zuen, baina ez osotasunean. Hala, enpresako zuzendaritzak eskatuta baino langile gutxiago kaleratzeko aukera izan zuen; 140 langile kaleratzea eskatu zuen eta 100 kaleratu zituen (87 boluntario bezala aurkeztuta eta gainontzekoak enpresak erabakita). Hala, 320 langile gelditu ziren enpresan eta hauei sei hilabetean  60 lan eguneko suspentsioa ezarri zieten.
  • 2012ko ekainak 7, beste 60 langile kaleratzeko asmoa.
    Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak beste 60 langile kaleratuko zituela iragarri zien langileei.
  • 2012ko ekainak 11, kaleratzeak eta murrizketak.
    Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordea Gallardo Taldeko ordezkari Manuel Romerorekin batzartu zen. Bileran, 60 langileren kaleratzeak baieztatzearekin batera, enpresak urte bukaera arte  Lana Erregulatzeko Txosten  berria martxan jarriko zuela jakinarazi zien Romerok, eta bi eskaera jarri zituen mahai gainean: plantillako 245 langileen soldatak %35 jaistea eta urtean 49 ordu gehiago lan egitea.
  • 2012ko ekainak 15, astebeteko greba.
    Greba hasi zuten Corrugados Azpeitiako langileek, astebetez egiteko asmoarekin ekin zioten.
  • 2012ko ekainak 18, greba mugagabea hasteko erabakia.
    Enpresa Batzordeak proposatuta, Corrugados Azpeitiako langileek ekainaren 23tik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki zuten.
  • 2012ko uztailak 18, kanpaldia Donostian BBVAren aurrean.
    Bi eguneko kanpaldia egin zuten Corrugadoseko langileek Donostian BBVA bankuaren egoitzaren aurrean. Beste batean, Bilboko BBVAren egoitza bagusiaren aurrean ere kanpaldia egin zuten. Horrez gain, Azpeitiko BBVAren bulegoaren aurrean hainbat elkarretaratze egin dute. Azpeitiko lantegiak zorrak ditu, eta hartzekodun nagusia BBVA baita.
  • 2012ko abuztuak 20, itxialdiaren hasiera.
    Abuztuaren 20tik irailaren 14ra arte lantegiko laminazioko plantan itxialdian egon ziren 150 langile inguru.
  • 2012ko irailak 8,manifestazioa Azpeitian.
    Enpresaren etorkizuna argitzeko eskatuz manifestazioa egin zuten Azpeitiko kaleetan ehunka lagunek, Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko LAB eta ELAk deituta.
  • 2012ko irailak 10, Madrilen bilera.
    Corrugados Azpeitia enpresako LABko eta ELAko langileen ordezkariak Gallardo Taldeko buruekin bildu ziren, Madrilen. Orduan, nagusien aldetik bilera "antzerki hutsa" izan zela salatu zuten, eta langileen kontrako murrizketak bere horretan mantentzen zituztela kritikatu zuten.
  • 2012ko urriak 16, Bilbon epaiketa.
    Bilboko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian Corrugadosetik kaleratu nahi zituzten 60 langileen inguruko epaiketa izan zen.
  • 2012ko urriaren bukaera, langileen proposamena.
    Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek hiru puntutan oinarritutako proposamena helarazi zioten Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzari, "blokeo egoerari irtenbidea aurkitu" asmoz. Baja boluntarioak erraztea, enpresan jarraituko duten langileei lanpostuei eutsiko dietenaren bermea ematea, eta Lana Erregulatzeko Txostena langile guztiei era berean ezartzea ziren hiru puntuak.
  • 2012ko azaroak 15, Donostian bigarren epaiketa eta zuzendaritzarekin bilera. Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, soldaten jaitsieraren eta lan baldintzen aldaketaren inguruko txostenaren kontrako epaiketa izan zuten Corrugadosekoek. Horrez gain, arratsaldean, lantegiko ELA eta LABeko langileen ordezkariak Azpeitiko enpresako zuzendaritzarekin bildu ziren, Azpeitiko ELAren egoitzan. Bilera hartan aurrenekoz bi sindikatuetako aholkulariek hartu zuten parte.
  • 2012ko abenduak 12, kaleratzeen gaineko txostena baliorik gabe.
    Corrugados Azpeitia enpresatik kaleratu nahi zituzten 60 langileen inguruko epaia beharginen aldekoa izan zen. EAEko Justizia Auzitegiak kaleratzeen gaineko lan erregulazio txostena baliorik gabe utzi zuen. Corrugados Azpeitia enpresaren ordezkariei "negoziatzeko betebeharra ez betetzea" egotzi zien epaileek. Epaiaren aurrean, enpresak ez zuen helegiterik jarri.
  • 2012ko abenduak 21, murrizketen gaineko txostena ere baliorik gabe.
    Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak aurkeztutako murrizketen aurka egin zuen Donostiako Epaitegiak. Enpresaburuek negoziatzeko prestutasunik ez izana jarri zuen epaia emateko arrazoi bezala. Ondorioz, soldaten jaitsiera eta 49 ordu gehiagoko urteko lanaldia ezartzeko Lana Erregulatzeko Txostena baliogabe utzi zuen.
  • 2013ko urtarrilak 2, greba bertan behera. Lanuztea utzi eta urtarrilaren 4an lanera itzuliko zirela azaldu zuten Enpresa Batzordekoek Sanagustin kulturgunean egindako agerraldian. “Akordio bat lortzeko bidean, negoziazioaren mesedetan” utzi zuten greba.
  • 2013ko urtarrilak 4, lanerako itzulera. Langileak lanera itzuli ziren, baina enpresak oporrak hartzera behartu zituen. Urtarrilaren 25a arte egon ziren "inposatutako" oporraldian.
  • 2013ko urtarrilak 25, oporraldia bukatuta. Zazpi hilabetez labeak itzalita egon ondoren, fundizioa eta laminazioa martxan jarri ahal izateko mantenu lanetan hasi ziren Corrugados Azpeitiako langileak.
  • 2013ko otsailak 23, fundizioko labeak piztuta. Fundizioko planta martxan jarri zuten, greba aurretik pilatuta zegoen txatarra urtuz.
  • 2013ko otsailak 25, laminazioa ere martxan. Fundizioko plantan ekoitzitakoarekin lanean hasi ziren laminazioko plantan ere.
  • 2013ko martxoaren hasiera, lehengai falta. Enpresan pilatutako txatarra bukatu eta lanean baina lana ezin eginda zeuden langileak, enpresak txatarra gehiago noiz ekarriko zain.
  • 2013ko martxoak 21, enpresa ixteko asmoaren berri. Gallardo Taldearen ordezkariak Corrugados Azpeitiako enpresa batzordeko ELA eta LABeko ordezkariekin bildu ziren, eta enpresak Azpeitiko planta ixteko asmoa zuela azaldu zien.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide