Bizi ereduen aldaketa sakonen aurrean gaude, sistema kapitalista patriarkalak bortxaz ekarri gaitu gaur bizi dugun aldaketa honen tenorera. Egun, Euskal Herrian bizi dugun aldaketa, ezinbestean feminista izango dela konbentzituta gaude. Gure ustez, bizitza osasuntsu eta duinak ahalbidetuko dituen bizi-harreman ereduak sortu nahi baditugu, sexu bereizkerian oinarritutako eredua errotik aldatu eta eredu sozial eta ekonomiko berri baterantz gure aldarrikapenak lehen lerroan kokatzea izango da gakoa. Euskal Herriko herritarron egoera sozioekonomikoak atzerapauso oso nabariak eman ditu: krisi finantzario edo ekonomiko baten aitzakiapean egundoko murrizketak eragin dituzte langile klasearen (langile oro izan enplegatua edo ez, kontabilizatua edo ez barnebiltzen duen langile klaseaz ari gara) bizi baldintzetan zuzenean eragiten duten eremuetan. Hala nola, lan erreformak, Wert-en hezkuntza erreforma atzerakoia, osasungintzan eginiko murrizketak, justizian zenbat esparru pribatizatzeko ahalegina, etxebizitza eskubidearen aurkako urraketak edota pentsioen erreforma.
Zehazki, jendarteak ezartzen dizkigun funtzioak direla eta, emakumeoi zuzenean eta era lazgarriagoan eragin digute murrizketa hauek: familia esparruan zainketaren arduran zein etxeko lanetan, edota ezkutuko ekonomiaren indartzean esaterako. Inposatutako genero arauen ondorioz, emakumeok, lan merkatuari zein herrien ekonomiari egiten dizkiegun ekarpenak dira hauek. Lan merkatutik kanpo egiterakoan 'lan-enplegu' bezala onartzen ez direnez, inoiz ez zaie balio ekonomikorik aitortu edota baloratu ere egin. Eta lan hauek bizitzak sostengatzen eta elikatzen dituzte egunero, bizitza duinak ahalbidetzeko ezinbestekoak izanik.
Egun bizi dugun prekarietateak lan harremanen arloa gainditzen du eta bizitzako arlo guztiei eragiten die, egiturazko fenomeno bat izatera pasaz. Lehen, enplegu prekarioez (baldintza kaxkarrak zituzten lanpostuez hitz egiten genuen, eta egun, bizitza prekarioez hitz egiten dugu. Ez da krisia, kapitalismo patriarkalaren aurpegi gordinena da!
Baina aurre egin, eta egiteko era berriak jorratuz, gure herriaren aldaketan eragiteko eta eskubideen defentsan etxean, erresidentzietan, jangeletan, kalean, baserrian, garbiketa enpresetan, espetxeetan, haur hezkuntzan, telemarketing sektorean eta abar, borrokan gabiltza emakume langileok. Elkartasun eta besarkada feminista bana!
Honela, arauak puskatu eta sortzeko, eraikitzeko, asmatzeko, zaintzeko, kooperaziorako eta komunikatzeko dugun gaitasunean sinistuz, emakumeon eta herriaren burujabetzaren aldeko apustua eta elkarlanaren aldeko deia egiten dugu.
Bukatzeko, maiatzaren 30ean eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde Hego Euskal Herrian greba orokorra egin eta bazterrak astindu eta abiatuko den prozesu sozialean parte hartzeko deialdia egin nahi diegu herritar guztiei eta bereziki emakumeei!