Landa-paisaien balioez jabetzeko egitasmoa hasi du Urkomek

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 2a, 18:39

Baserri-paisaiak mantentzeko proposamenak jasoko dituzte hilaren 9an Sindikatu Zaharrean egingo duten saio irekian. Ondoren, iritziak aztertu eta eskualdeko erakundeei eta eragile sozial eta ekonomikoei aurkeztuko dizkiete, "hurrengo urteetan ekimenak gauzatu ditzaten".

Urkome Urola Kostako Landa Garapen Agentziak, eskualdeko baserri-paisaiek gordetzen dituzten "altxorrak" agerian jartzeko asmoz, egitasmo berri bat jarri du abian, Gipuzkoako eta Bizkaiako beste zortzi landa garapen elkarterekin elkarlanean. Herritarren pertzepziotik eta iritzietatik abiatuta, landa-paisaiek dituzten balioen garrantzia aintzat hartu, zaindu eta ezagutarazi nahi ditu agentziak. "Lehen sektoreak guztion ongizateari eragiten dizkion ekarpenei dagokienez, baserri-paisaien balioak mantentzea nahi dugu; era berean, balio horien inguruan sentsibilizatu eta eskualdeko baserritarrei eta haien produktuei balio erantsi bat gehitzeko aukera eman nahi diegu", dio Urkomek.

Baserri-paisaien elementu bereizgarriak identifikatuko dituzte herritarrekin batera, eta horiek mantentzeko egokiak izan daitezkeen ekintzen inguruan eztabaidatu eta proposamenak jasoko dituzte, horretarako antolatu duten saio irekian. Maiatzaren 9an, Azpeitiko Sindikatu Zaharreko lehen solairuko batzar gelan elkartuko dira Urkomeko ordezkariak eta proiektuan parte hartzeko interesa duten herritarrak, 18:00etan. Ondoren, iritziak aztertu eta eskualdeko erakundeei eta eragile sozial eta ekonomikoei aurkeztuko dizkiete, "hurrengo urteetan ekimenak gauzatu ditzaten".

Saio irekira joateko, ordea, aldez aurretik izena eman dezaten eskatu du elkarteak; horretarako paisaia.atl@paisaia.com helbidera idatzi edo 686738152 eta 943335048 telefono zenbakietara deitu daiteke.

Oinarrizko elementuak

Urkomek baserri-paisaien garrantzia azpimarratu du, euskal testuinguruan "esanahi berezia" duelako, eta bertako nortasunaren, historiaren eta kulturaren "oinarrizko elementu" direlako. Elkarteak gogoratu du lehen sektorearen "euskarri fisikoa" direla; "sektore honi esker sortu eta mantendu dira gizarteak miresten dituen baserri-paisaiak". Honen iritiz, "nekazaritzaren errekonozimendua" eta "baserriko bizimoduaren duintasuna" hobetzeko proposamenak jasotzea ezinbestekoa dute baserri-paisaien kalitatea mantentzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide