Aizarnatik Anetora

Xabier Euzkitze (Noticias de Gipuzkoa) 2013ko mai. 12a, 15:14

Haurtzaroan gara izan nahi duguna. Orduan egiten dugu amets mugarik eta oztoporik gabe, burutu nahi dugun egitasmoa aurrera ateratzeko behar beste diru izango dugun hausnartu edo gizartearen aurriritziez kezkatzeke. Irudimenak ematen dizkigu hegoak, hari esker bihurtzen dugu haurtzaroa ametsaro. Urteek errealitatean esnarazten gaituzte, txikitako ilusioak gauzatzeko zailtasunek oinak lurrean tinkarazten. Alta, traben aurrean denok ez dugu gisa berean erantzuten, batzuek ez dute inoiz amore ematen eragozpenen aurrean.

Mendizale -ez mendigoizale- gisa ibilbide oparoa zuen Benantxio Iruretak. Izan ere, mendian osoki plazer hartzen zekien, ez tontorrean bakarrik. Horixe da mendiaz benetan gozatzen dakitenen abantaila, plazera ez dela gailurrera mugatzen. Lehenik, haurraren irudimenaz, espedizioarekin egiten dute amets: bidaia, bidelagunak... Gero, eskarmentuaren heldutasunaz, azpiegiturak eta alderdi praktikoak lantzen dituzte. Eta azkenik, mendia bera: igoera, gaina eta jaitsiera.

Askotan esan izan digute: bidaia ez da gailurrean amaitzen. Benantxio Iruretak bazekien hori, mendiaren gazi-gozoak ongi dastatuak zituen. Yalung Kang (8.505 m) menditzarraren gailurra zapaldu izana zuen lorpenik handientsuena. 1988an izan zen hori, Azpeitiko espedizio batekin. Hara itzultzeko ametsa zuen. Ez tontorreraino, baina kanpamendu nagusira joan eta "oraindik bizi nauk!" oihu egin nahi zion hainbat urte lehenago besarkaturiko harritzat izugarriari. Minik handiena, aldiz, 2001ean Pumoriko espedizioan bost kide galdu izana. Ez zuen inoiz ahantzi, ez zuen ahantzi nahi. Atzo berekin zihoazenek ere ez dute sekula burutik kenduko Anetotik jaisten ari zela pauso makur batek harri artean amilarazi zuela, eurek ezin izan zutela ezer egin. Aizarnan sortu eta munduan zeharreko hainbat eta hainbat menditan ibilitako gizonak Anetoko maldetan eman du azken urratsa, heriotzara arte luzatu du ametsaroa. Gugan bego.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide