Aldarriak zehaztu du helburua

Berria 2013ko mai. 15a, 20:07

Aritz Arzallus absolbitu du Gorenak, "eskubide bat aldarrikatu" zuela esanda. Kasua berezia da; argazkiaren alboan idatzita zegoen aldarria erabakigarria izan da erabakia hartzeko garaian (gaur, maiatzaren 15a, Berria-n argitaratu duten artikulua).

Kasu berezia da Aritz Arzallusena, haren abokatu Onintza Ostolazaren hitzetan. Joan den hilean, 2009ko Korrikan euskal presoen argazkiak bere hutsean eramateagatik zigortu zituzten Iruñeko hainbat herritar; 2011ko Azpeitiko jaietan Gotzon Aranbururen argazkia zuen pankarta jarri zuen Arzallus, berriz, absolbitu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Ebazpena emateko orduan, erabakigarria izan da Aranburu presoaren argazkiaren alboan "Gotzon herrira" idatzita egotea. "Kasu horretan, auzitegiak esan du zilegi dela guk egindako eskaera eta Aritzen asmoa ez zela izan pertsona horrek egindakoa goraipatzea, baizik eta haren eskubide bat aldarrikatzea", adierazi du Ostolazak.

Bere kasua etorkizunerako erreferente izatea gustatuko litzaioke Arzallusi. "Etorkizunean nire kasua oinarri gisa hartzeko eskatuko nieke; arrazoia eman dit: errefente izan beharko luke".

Zuzenbidearen ikuspegitik presoen argazkiak erakustea zilegi dela esan du abokatuak, baina auzitegiek hainbat kasutan erabaki dutela ezetz. "Zehaztu behar da non dagoen argazkiko pertsonak egindakoa goraipatzearen eta adierazpen askatasunaren arteko muga". Argazkiak adierazpen batekin jartzen direnean helburua "oso ongi" mugatzen dela esan du Ostolazak, baina gogorarazi du emaitza ez dela beti bera izaten. "Interpretazio kontuak daude tartean. Baina, betiere, errazagoa da defendatzea argazkiak aldarrikapenekin daudenean; izan ere, eskubide baten aldarrikapena denean, zailagoa da zigortzea. Hala ere ez da ezinezkoa; hori garbi dago", jakinarazi du Ostolazak. Abokatuak adierazi du gauzak ahal bezain "zehatzena" esanda herritarrak bere burua "gehiago" babesten duela.

Ostolazaren hitzetan, ez da oso "ohikoa" halako ebazpenak jasotzea. Auzitegiek euskal presoen argazkiei buruz emandako azken epaiak ez dira "oso onak" izan, haren esanetan. Baina, kasu honetan, auzitegiak argi ikusi du presoaren eskubide bat aldarrikatu nahi izan zuela Arzallusek. Hala ere, Auzitegi Goreneraino jo behar izan du; hots, Auzitegi Nazionalean epaiketa izan zuen, hark urtebeteko espetxe zigorra eta zazpi urteko inhabilitazioa ezarri zion, eta Gorenean helegitea jarri ostean lortu du absoluzioa. "Abokatuak esan zidan aukerak bazeudela eta esperantza izan nezakeela; azkenean, bi urte pasatu ostean, arrazoia eman dit auzitegiak", adierazi du Arzallusek. Nabarmendu du bere kasua, beste hainbaten aldean, nahiko azkar joan dela. Baina gogorarazi du bi urte izan direla eta denbora horretan nahitaez buruan izan duela epaiaren zain zegoela eta horrek "mugatu" egiten duela.

Abokatuak esan du absolbituarentzat bizi izandakoak "kostu pertsonala" izan duela. Eta hori berretsi du Arzallusek berak ere. "Zigorrarekin ez nuen kartzelara joan beharrik, ez nuelako aurrekaririk, eta horrek lasaitu egiten zaitu. Ez zidan egunerokoa baldintzatzen, baina hor duzu, karga moduan. Nik neuk uste dut dependentzia bat eragiten dizula, beste zerbait pasata ere, aurrekariak dituzunez hor duzulako espetxera joateko aukera. Kostu ekonomikoa ere ez dizu inork kentzen. Eta Madrilgo auzitegira joan, eta han deklaratu behar izan dut", adierazi du Arzallusek.

Delitua al da?

Arzallusena ez da izan lehenengo absoluzioa euskal presoen argazkien aferan; Ostolazak nabarmendu du orain arte absoluzioak eta zigorrak izan direla.

Abokatuak gogora ekarri du Txori Barroteko lau kideren absoluzio kasua. Auzitegi Nazionalak 2011ko ekainean esan zuen euskal presoen argazkiak erakustea "ETAren terrorismoa justifikatzea eta gorestea" zela, baina auzipetuta zeuden lau lagunak absolbitu egin zituen ebazpen berean, ezin zelako frogatu haiek lanean ari ziren txosnako irudiak eurek ipini zituztenik. Beste kasu batean, 2010eko uztailean, tabernari bat auzipetu zuen Auzitegi Nazionalak, lan egiten zuen tabernatik presoen argazkiak kentzeari uko egiteagatik; ondoren, absolbitu egin zuen. EAEko auzitegiak 2009ko irailean adierazi zuen presoen argazkiak erakustea bera ez dela delitua. Auzitegi Gorenak ere, bide berean, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkate ohia absolbitu zuen. Mattin Sarasola eta Igor Portu atxilotzean, haientzat txalo zaparrada bat eskatu zuen. Ebazpenean, epaileak esan zuen alkate ohiak egindakoa ez dela delitua, "hurbiltasun afektiboa" legezkoa dela.

Beraz, ezin da jakin halakoetan zer gertatuko den. Baina aldarriek asmoak erakuts ditzakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide