Eñaut Elorrieta: "Nire mugekin topo egin nahi izan dut disko honekin"

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 17a, 19:35

Ken Zazpiko abeslariak maiatzaren 25ean Sanagustin kulturgunean kontzertua emango du Deserriko kantak bere bakarkako lehen diskoa aurkeztuz (sarrerak salgai daude). Urola Kostako Hitza-n elkarrizketa egin diote Elorrietari. Bideoan jasotako pasarteak eta elkarrizketa osorik, hemen.

Eñaut Elorrietak (Gernika,1975)  atzo aukeztu zuen bere bakarkako lehenbiziko lana, Deserriko kantak. Emaitzarekin gustura dago, are gusturago prozesuarekin. Bere «kaskarkeriarekin» topo egin nahi izan du, bere burua proban jarri. Zerotik hasi da, eta filosofia horrekin aukeratu ditu zuzenekoetarako bidelagunak: «Sekula nirekin lan egin ez duten kalitatezko musikariak nahi nituen». Ruben Caballero (gitarra), Txus Aranburu (teklatua) eta Igor Telletxea (bateria) egingo du diskoaren promozioko bira. Hilaren 25ean emango du lehenbiziko kontzertua, Azpeitiko San Agustin kulturunean.

Nondik sortu zaizu bakarka disko bat ateratzeko beharra?
Ez dakit zer izan den zehazki. Beharbada beharra izango zen; gogoa eta ilusioa, behintzat, sentitu dut. Duela hiru urte irakasle lanak uztea erabaki nuen eta musikagintzara modu esklusiboan dedikatzeko apustua egin. Neukan denbora osoa musikagintzari eskaini nahi nion. Bestalde, alaba ere jaio zen, eta hori beste faktore garrantzitsu bat izan zen erabakia hartzekoan.

Era berean, Gernikatik Getariara etorri nintzen bizitzera, eta deserri hautatu batetik  bizi izan nuen egoera hori guztia, beraz. Nolabait astroak lerrokatu eta disko monografiko eta kontzeptuala egiteko ilusioa piztu zitzaidan.

Aspalditik al zeneukan deserriaz hitz egiteko gogoa?
Aurrez Ken Zazpirekin egin ditut deserriaz kantuak. Deserriaren espektroa zabaltzen joan nintzen eta iruditu zitzaidan bidea banuela disko bat egiteko. Euskal Herrian historikoki bizi izan dugun deserri politikoaz hitz egin dut lanean, baina baita ere gure gorputzekiko deserriratzeaz ere. Egun gure gorputzetatik oso urrun  bizi garela iruditzen zait, kanpoko inpulsoei gehiegi begiratzen diegula. Deserri politiko eta sozialaz gain, deserriratze espiritualaz ere jardun dut. Horrek, finean, bizitzaz hitz egiteko aukera eman zidan.

Hemengo eta kanpoko idazleen letrak hartu, eta gitarra soil batekin hasi nintzen, oso modu sinplean. Gozamena berehalakoa izan zen; poema bat hartu, musikatu eta segituan gozatzen ari nintzen.

Zer da zuretzat deserria?
Deserria ez lekua da, lekuz kanpo sentitzea. Egon behar ezin den lekuan sentitzea, galduta. Ez lekuan modu behartuan sentitzea. Nire kasua deserri hautatua izan da,  atseginagoa, nahi dudanean atera naitekeelako. Hala ere, nik uste dut gaur oso maiz sentitzen garela ez lekuan. Hori sentimendu orokorra dela deritzot.

Letrei dagokionez, bilaketa lana izan al da?

Hasieran aukeratu nituenak deserriaz hitz egiten zuten, baina orduan ez nuen batere argi disko guztia deserriaren hariari tiraka egingo nuenik. Disko monografikoa egitea erabaki nuenean hasi zen bilaketa lana. Ni ez naiz oso irakurle amorratua, ez ditut kontrolatzen idazle eta poeta guztiak, kanpokoak behinik behin. Bertako idazleei gomendioa eskatu, eta hala hasi nintzen testuak bilatzen.

Testu batzuk hautatu egin dituzu, baina beste batzuk propio egin dituzte diskorako, ezta?
Lau testu Joseba Sarrionandiarenak dira, Kartzelako poemak liburuan idatzitakoak. Gabriel Aristiren Nire aitaren etxea olerki famatua ere musikatu dut. Horrez gain, Mario Benedettiren poema bat itzuli dit Uxue Alberdik;Preguntas al azar olerki bildumako Donde esta mi pais?, hain zuzen. 1936ko gerran Frantziara alde egindako Joan Oliverren testuak ere baliatu ditut.

Bi testu nik idatzi ditut, eta  Harkaitz Canok eta Lander Garrok beste bana propio egin dute disko honetarako. Garrorena kuriosoa izan zen. Une batean konturatu nintzen testuak nahiko gordinak zirela, eta beldurra neukan ez ote zitzaidan aterako disko oso iluna. Garrok orduan galdetu zidan ea itzulerari buruz zerbait idatzi nuen. Deserriratua itzultzen deneko bizipenak jasotzea oso interesgarria iruditu zitzaidan orduan. Nik Itzulera I egin nuen, eta Garrori Itzulera II idazteko eskatu nion.

Diskoa nolabait tristea zela esan duzu. Itzulerarekin norabidea aldatu nahi izan al duzu?
Itzulera ez oso argia deskribatu dut, itzultzen den  deserriratuaren larruan jartzen saiatu naiz. Ez dut, ordea, itzulera handi bat irudikatu, su artifizialekin eta. Nahiko itzulera gordina da. Ez du lagundu diskoa alaitzen, egia esateko.

Sarrionandiaren jarraitzailea zara, eta beti duzu presente zure letretan. Hari eskainitako diskoa al da hau?
Niretzat idazle erreferentea da; oso gaztetatik harrapatu nau. Nire disko guztietan egon da prestente, baita honetan ere. Testuek atzean daukaten musika interesatzen zait gehien; hori ikusten saiatzen naiz, eta hori erreproduzitzen. Eta uste dut, beste poetekin gai ez naizen bezala, Josebak idazten dituen testuen musikalitatea antzemateko gauza naizela.  Testu horiek inspiratzen naute; badaukat halako lotura bat testu horiekin.

Arestiren Nire aitaren etxea olerkia aukeratu duzu, eta baita poema horri erreferentzia egiten dion Sarrionandiarena ere. Hiruron arteko lotura egin nahi izan al duzu?
Testu guztien artean daude nolabaiteko loturak. Joko hori ez da erabat konzientea izan, ordea. Geografia kantuan Gure aitaren etxea aipatzen zuen Sarrionandiak, eta hortik abiatuta heldu nion Arestiren Nire aitaren etxeaolerkiari.
Bestelako loturak ere badaude. Sarrionandiaren Besamotzaren besoa abestia, esaterako, Garrok berreskuratu du Itzulera II kantan. Deserria beso galdu batekin lotzen du. Autore bakoitzak deserriari begiratzeko ikuspuntu jakin bat du, baina, aldi berean, irudi komunak ere badituzte.

Aitez ari garela, azken kantuko offahotsa zeure aitarena al da?
Bai. Beti gustatu izan zait bere ahotsa. Itzulera II abestian deserritik itzultzen den pertsona baten ikuspuntua aipatzen da. Argi neukan pertsona horrek adinekoa behar zuela izan, urte pilo bat kanpoan egin eta bueltatzen zen norbait. Alde batetik, ilusioa egin zidan nire aitak parte hartzea diskoan, eta bestetik, Garroren testua errezitatzeko oso aproposa iruditu zitzaidan bere ahotsa.

Gustura geratu al zara emaitzarekin?
Emaitzarekin baino, prozesuarekin geratu naiz oso gustura.Une batzuetan gogorra ere egin zait, eta sentitu dut bakardadea. Sentitu dut nire mugekin topo egin nahi dudala, nire kaskarkeriarekin. Horri buelta ematen saiatu naiz. Erabaki guztiak nik hartu behar izan ditut, eta une batzuetan perspektiba galduko nuen beldur nintzen. Zalantzek eta isuek gainditu izan naute momentu batzutan. Oraindik bertigo hori ez dut gainditu, baina fase horretatik pasatu naiz dagoeneko, diskoa jada kalean dago. Nik uste dut bizirik atera naizela prozesu horretatik, eta esperientzia oso aberasgarria izan dela.

Ardura horri bakarka aurre egiten jarraitzeko asmoa al duzu? Zer gertatuko da Ken Zazpirekin?
Ken Zazpik abenduan Euskadiko Orkestra sinfonikoarekin diskoa kaleratuko du; proiektuak aurrera jarraituko du. Nire bizitza musikari eskaintzen jarraituko dut. Bakarkako lan hau abiapuntua da niretzat. Une honetan gai alaiago edo arinagoez hitz egiteko gogoa daukat. Nolabait enpatxatuta sentitzen naiz disko hau grabatuta. Hau nire ibilbidearen lehen pausoa besterik ez da. Hala izatea nahiko nuke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide