Wert legeaz Uztarria aldizkarian

Uztarria.eus 2013ko mai. 17a, 19:21

Gaur, maiatzaren 17a, onartu du Espainiako Gobernuak iragarrita zegoen hezkuntza erreforma. Maiatzeko Uztarria aldizkariak, orain lege proiektu bihurtu duten proposamenaren gainean Azpeitiko ikastetxeetako ordezkariek duten iritzia jaso du. Hona hemen erreportajea.

Enegarrenez, beste estutu bat eman nahi dio Espainiako Gobernuak hezkuntza arautzen duen legediari. Boterera iritsi ahala, irakaskuntza eredua nahieran aldatzea ohikoa da aldiko gobernuarentzat. Agintean daudenen kolorearen arabera hezkuntza sistema aldatzeak ikastetxeen lana baldintzatzen du.

Azpeitiko ikastetxeetako arduradunei entzunda, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak aurkeztutako erreforma aurreproiektua, LOMCE deritzona, deskalabru pedagokikoa dela esatea ez litzateke urrunegi joatea. 2011ko abenduan eman zuen jakitera PPren gobernuak aldaketa sakonak egingo zituela hezkuntzan, eta iragarritako asmoek hautsak harrotu eta zalaparta eragin zuten. Hasierako zirriborroan zeuden puntu batzuetan amore eman du Wertek; besteak beste, Lanbide Heziketara bideratutako ikasleak DBHko titulazio gabe utzi nahi zituzten edota Espainiako Konstituzioa goratzea helburu zuen ikasgaia eman nahi zuten. Negoziazioak negoziazio, ministroak iragarri du aurreproiektuak ez duela aldaketa gehiago jasango eta Diputatuen Kongresura bere horretan eramango dutela. Madrilgo Gobernuak ez du argi utzi hurrengo ikasturterako ala 2014-2015erako martxan nahi duen eredu berria.

Erreformaren helburua, "ikasleak espainiartzea" dela adierazi du ministroak. Eduki homogeneo eta zentralistetan oinarritutako curriculum espainiarra ezarri nahi du erreformak; euskara "espezialitateko" ikasgaitzat hartu eta gaztelania indartu; ikasle 'onak' eta 'txarrak' bereiztu eta 'talenturik gabeak' alboratu. Kritikoek, aurreproiektuaren kontra daudenek -eta ez dira gutxi izan aurkako iritziak-, ezagutza memoristiko eta akademikoa hobetsi eta gaitasunak alboratzen dituen eredu ekonomizista izatea egotzi diote. Murrizketez hornitutako neurria.

PPren gehiengo absolutuak ahalbidetuta, Espainiako Estatuan ezarri nahi duten hezkuntza sistemak kezkatuta eta asaldatuta ditu Euskal Herrian arloko eragile gehienak eta Azpeitiko ikastetxeak ere bai. LOMCE legearen aurrean dituzten kezkak jakin eta zernola eragingo dien jakite aldera, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibako Aitor Unanuerekin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Begoña Sarasuarekin, Iraurgi Ikastetxeko Maje Agirrerekin eta Urola Ikastola BHIko Alberto Izagirrerekin hitz egin du Uztarriak.

"Administrazio publikoaren aldetik datorren eta atzetik bultzada ideologikoa eta politikoa dakarren beste doktrinamendu saiakera bat bezala" ulertzen du Unanuek Werten aurreproiektua. Guztiak bat datoz esatean, aurreproiektua ez dela egokitzen gure errealitatera. Curriculum arloan "hezkuntza zentralista eta homogeneoa", nazioarteko erakunde guztiek bultzatzen duten "hezkuntza politiken aurkakoa" dela gaineratu du Unanue lehendakariak. Izagirreren eta Sarasuaren esanetan, "lortu nahi dituen helburuak, Europar Batasunaren xedeak, dagoeneko gure artean betetzen ari dira. Aurreproiektua inbaditzailea da eta soberan dago; are gehiago Euskal Herriko testuinguruan". Horren aurrean, Unanuek dio "benetako hobekuntza bultzatzen duen legedia" behar dela. "Hezkuntza sistema eta lege propioak behar ditugu, gure errealitatera egokitzen den eredua".

Nolako izaera, halako eragina

Ikastetxe bakoitzaren izaeraren arabera, hezkuntza erreformak desberdin eragingo die batzuei eta besteei. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastola Euskal Eskola Publikoko sarean kokatzen dira eta, beraz, antolamendu eta jarduneko kudeaketa guztietan eragiten die. Urola Ikastolako zuzendari Izagirreren esanetan, "aurreproiektua onartu eta indarrean jarriko balitz, guztiz aldatzen dira etapen egiturak, ebaluazio nahiz promozio irizpideak, aniztasunaren trataerak, etapen arteko trazagarritasuna eta abar luze bat. Legean oinarrizko helburu bat nabari da: estatu espainolean hezkuntza zentralista eta homogeneoa garatzea, inongo aniztasun sozial, kultural edo historikoak kontuan hartu gabe. Euskal Herriari dagokionez, euskararen koofizialtasuna soilik hartzen du kontuan curriculuma gauzatzerakoan, baina hori ere ikasle-gurasoon esku izanik, ez murgilketa prozesu baten ondorio. Azken 40 urteetan, zazpi hezkuntza lege izan ditugu, eta orain zortzigarrenaren mehatxua dugu gainean. Orain arte, ezin izan dugu euskal curriculum propioa gauzatu, baina EAEn arauen autonomia nahiz zirrikitu guztiak baliatuz, goi-mailako hezkuntza gaitasunak garatu ditugu arlo guztietan. Halere, kezkatzekoa da, gobernu aldaketa bakoitzarekin, hezkuntza sistemaren ildoak aldatu nahi izatea, horrek ikasleengan suposatzen duenarekin. Orain arte, gizartearen laguntzaz, halako 'blindaje' bat egin izan da aldaketa bortitz eta zentzugabedunek eragin murritzena izan dezaten ahalbidetzeko".

LOMCE erreformak ekarriko lukeenaz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Sarasuak dio, Eusko Jaurlaritzak curriculumean dituen eskumenak murriztuko direla eta Madrilek enborrezko irakasgaien edukiak eta ordutegiak zehaztuko dituela. "Hezkuntza sistema uniformea eta kontrolatua bultzatzen du LOMCEk. Era berean, eskola elkarteko kideek osatzen duten Ordezkaritza Organo Gorenaren eginkizunak mugatuko lituzke eta kontsulta organo baino ez litzateke izango, eta hezkuntza komunitatearen parte hartzeko aukerak murriztuko lirateke. Hizkuntzaren normalkuntzan atzera egingo genuke eta egungo gizartean dugun aniztasunari erantzuteko oztopoak izango genituzke. Izan ere, D eredua eta Hizkuntza Errefortzurako irakaslearen figura eta arlo horretako programak arriskuan egongo lirateke. Euskara gure ama hizkuntza da eta hizkuntza gutxitua izanik, lehentasuna izan behar luke irakaste jardueretan; gure ardatza izan behar luke. Baina LOMCEk bigarren mailako hizkuntza bihurtzen du. Gure helburua euskaldun eleanitzak heztea da eta lege honek arriskuan jartzen ditu helburu hori eta euskararen normalizazioa. Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoaren erreferentziatzat Euskal Herriko curriculuma hartu beharko luke kontutan".

Euskal Herriko Ikastolak Europar Koop. Elkartean dago Azpeitiko Ikastola Ikasberri; jabetzaz guraso eta irakasle-langileek osatzen duten kooperatibarena da ikastola. Unanueren esanetan, horrek autonomiaz jokatzeko hainbat aukera ematen dizkie administrazio publikoaren aurrean. Besteak beste, kooperatibaren kontseiluak izendatzen du ikastolako zuzendaria. "Euskal Herriko ehundik gora ikastolok, Sehaskakoak eta Nafarrokoak barne, europear kooperatiba bat osatzen dugu. Bertan hezkuntza eredu propio bat -materiala eta hezkuntza proiektuak- lantzen dugu eta euskal curriculumaren ardatzean ari gara lanean. Hein batean, ikastolak administrazioak inposatzen zituen hezkuntza ereduen aurrean herriak sortutako aukera izan baikara. Eta hori berme handia da gure seme-alabentzat. Garbi dugu gure seme-ala>ben hezkuntza garrantzitsuegia dela kolorearen arabera mugitzen den gobernuaren esku uzteko. Historikoki ikastoletan esperientzia handia dugu antzeko legeen inguruan gure hezkuntza proiektuarekin lan egiten". Era berean, lege aurreproiektu honetan egiten den sailkapenaren ondorioz, hizkuntza koofizialak -euskara, kasu-, hirugarren mailakoak direla adierazi du. "Ez dira enbor atalekoak, eta hizkuntz koofizialak ez dira ebaluatzen DBH eta Batxilergoko azken frogetan. Euskara lehentasunezko hizkuntza dugu ikastolok, sorreratik gure izanaren arrazoi funtsezkoenetako bat da".

Kristau Eskolak sarearen baitan dago Iraurgi Ikastetxea, eta hango zuzendari Agirrek dioenez, "oso kezkatuta" daude aurreproiektuarekin. "LOMCEren helburu nagusienetako bat da orain arte erkidegoek eta ikastetxeek hezkuntza proiektu propioak osatzeko izan dugun autonomia moztea". Planteatzen den lege-erreformak, "Euskal Curriculuma ez du aintzat hartzen; Madrilgo Gobernuak zehaztutako edukiei emango die garrantzi nagusia eta ikaslearen garapen orokorrean oso garrantzitsuak diren alderdi asko alde batera utzi nahi ditu". Bestalde, "neurri erabat okerra" iruditzen zaie ikastetxeen ibilbidean, kontrolerako lau azterketa izatea, gisa horretan, "ebaluazioa gobernuaren konpetentzia esklusiboa" izango delako. "Azken urteotan, Howard Gardenerren adimen anitzen teoria lantzeko apustua egin dugu eta programa hori bertan behera geratzeko arriskuan legoke". Euskarari dagokionean ere, LOMCEk hizkuntza eskubidea urratzen duela dio. "Badirudi, hizkuntza koofizialak ikaskuntzarako oinarrizko hizkuntza bezala erabiltzea galarazi eta ez direla enborreko ikasgaitzat joko. LOMCEk euskara hirugarren mailara pasatu nahi du, argi eta garbi". Agirreren esanetan, "hezkuntza eragileekin adostuta, hezkuntza sistemak oinarrizko akordio politiko eta sozial bat beharko luke, eta horiek ez lirateke aldatu behar gobernua aldatzen den bakoitzean".

Horren aurrean, zer?

Werten hezkuntza politika gaitzetsi, eta herriko ikastetxeek garbi dute zer nahi duten: "Euskal Herriko errealitatera egokitzen den hezkuntza sistema izatea". Ea ba, luze baino lehen, urek bide hori hartzen duten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide