LOMCE erreforma

Uztarria.eus 2013ko mai. 17a, 20:42

Ikasgai ardatzak indartu

Gaztelania sustatu. Egungo hezkuntzan oinarrizko gaitasunak ezinbestekotzat jotzen dira, baina legeak dioenez, horiek alboratu eta eduki kontzeptualen ezagutza izango da nagusi. Finean, hezkuntza merkantilizatu eta"baliagarri" diren ikasgai ardatzak -gaztelania, ingelesa, matematika, biologia, fisika, historia- indartuko ditu. Oinarrizko ikasgaien curriculuma bere gain hartuko du Wertek, eta horien edukia zehaztuko du. Euskara "espezialitateko" ikasgai jo, eta gaztelania indartu nahi du PPk, euskararekin "orekan" egon behar duela adieraziz.

Bereizketa ikasleen artean

Baztertzailea. Ikasleek 14 urterekin aukeratu beharko dute zein bide hartu. Guztiek talentu bera ez dutela eta, errendimendu akademiko baxua dutenak Lanbide Heziketara zuzendu nahi ditu, eta gainerakoak unibertsitatera. Unibertsitatean ikasle gehiegi dagoela eta bahea zorroztu nahi dute; tartean, bahe ekonomikoa. Eskola porrotari aurre egitea omen da neurriaren helburua, baina eskola-uzte goiztiarra %14,7koa baino ez da Hego Euskal Herrian. Ikasle 'on' eta 'txarren' arteko bereizketa areagotzeko balioko du neurriak.

Kontrolerako lau azterketa

Ebaluazio goiztiarrak. Legeak aditzera ematen duenagatik, administrazioak ezarritako froga estandar bana egin beharko dute ikasleek 9, 12, 15 eta 18 urterekin. Batxilergoan selektibitatearekin gertatzen dena aintzat hartuta, ikastetxeen ibilbidea ebaluazio goiztiar horiek gainditzera egongo da zuzenduta. Urte horietan landu beharreko gaitasun orokorrak jasotzen dituen curriculumak apenas izango du lekurik. Areago, emaitzekin ikastetxeen rankina plazaratzeko asmoa du Gobernuak.

Zuzendaria, Madrildik

Autonomia kamustu. Ikastetxeari autonomia emango zaiola dio LOMCEk, baina autonomia hori zuzendariaren menera egongo da. Madrildik hautatuko dute zuzendaria, eta eskola-komunitatearen parte-hartzea hutsaren hurrengoa izango da, kontsulta-mailara zokoratuz. Izaera kooperatiboa edo pribatua dutenen kasuan, administrazio publikoaren ondoan autonomiaz jokatzeko hainbat aukera dute

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide