Enpresa handienek metaleko grebarekin bat egingo dutela diote sindikatuek

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 24a, 10:42

Adegiren Donostiako egoitza aurrean izango da herrialdeko protesta; Zumaian egingo du LABek, 17:30ean hasita.

Gipuzkoako metalgintza sektoreko enpresak greba egitera deitu dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, herrialdeko hitzarmenaren defentsan. Uztailaren 7an lan itunen ultraaktibitatea bukatuko da, eta ordurako berritzen ez badute, hitzarmena desagertu eta Espainiako Lan Erreforma ezarriko diete enpresei. Baina apirilaren 9tik Metal Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia eta Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartea ez dira elkartu, eta LABek ohartarazi du ordutik  "negoziazioak etenda" daudela, hitzarmen kolektiboa "arrisku bizian" jarriz. Testuinguru honetan planto egitekoak dira gaur metalgintza sektoreko enpresa asko, eta eskualdean grebak jarraipen handia izatea espero dute sindikatuek. Atzo oraindik hainbat enpresa batzarrak egitekoak bazen ere, LABek jakinarazi du eskualdeko "enpresa handi gehinek" egingo dutela lanuztea, eta, oro har, greba "arrakastatsua" izango dela aurreratu du. Eskualdean, besteak beste, GKN Zumaia, Corrugados Azpeitia, Corrugados Lasao, Getariako eta Aiako Indaux, Goialde, Juaristi, Biele, OBE Hettich, TS Fundiciones, Astilleros Balenciaga, Xey, Electromontajes Gohita, Buzones Arregi, Sarralle, Mendiaraiz eta Fresma enpresek egingo dute greba.

Lanuztearekin batera, mobilizazioak egingo dituzte egunean zehar. Adegiren Donostiako egoitza aurrean herrialdeko manifestazioa eta ekitaldia egingo dute, langileen aldarriak "ozen eta argi" entzunarazteko. LABek, bere aldetik, eskualde mailako mobilizazioak ere egingo ditu; Zumaian manifestazioa egingo dute, 17:30ean.

Eskubide murrizketak

Sindikatuek Adegiren jarrera gogor salatu dute; Adegin behin eta berriro argitu du "indarrean dagoen legedia" hartu nahi duela oinarri edozein negoziazio egitekotan; lan erreformaren aurrean duen "jarrera itxia" alde batera uzteko eskatu die, hitzarmen kolektiboari "mehatxu" egiten dielako. LABek Adegiri eskatu dio "akordio justua lortzeko negoziatzeko prest" egon daitezela. Izan ere, herrialdeko hitzarmenak "ezinbestekotzat" jo ditu "langileen eskubideak bermatzeko": "Sektoreak hitzarmen bat behar du, alde batetik lan harremanak arautuko dituena, eta bestetik erreformaren aurrean langileak babestuko dituena". ELA haratago doa, eta uste du herrialdeko hitzarmenak lan erreformako neurriak "mugatzen" dituela, baina ez "blindatu": "herrialdeko hitzarmena egokia da, baina ez ditu guztiz babesten langileak; horregatik, herrialdeko hitzarmenak baino, enpresetakoak hobesten ditugu".

LABek, berriz, azpimarratu du herrialdeko hitzarmena belaunaldi desberdinen "talde-borroka" izan dela: "30 urte baino gehiagotan sektoreko langileen eskubideak bermatzeko balio izan du; sektoreari eta Gipuzkoari egonkortasuna eta kohesioa eman die". Hala, hitzarmena desagertzeak langileengan "ondorio latzak" ekarriko lituzkela ohartarazi dute; Espainia mailako metalgintza hitzarmenaren edota Langileen estatutuaren menpe egongo lirakete, eta ondotioz, egun dituzten "eskubide gehienak" galduko lituzkete; "lehenengo mailako ofizial baten urteko gehienezko soldata 8.979 eurokoa izango litzateke; horrez gain, langileek urtean 1826 ordu egin beharko lukete lana, egun baino 130 ordu gehiago".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide