Hurrengo maiatzaren 30ean, 2012ko martxoaren 29an egin genuen bezalaxe, emakumeak kaleak okupatzera deitzen ditugu. Orduan, etxeko eta zaintza lanak ikustarazteko beharra nabarmendu nahi izan genuen,lan hauek eremu pribatutik ateratzeko. Horretarako, Euskal Herriko emakumeei deialdi bat luzatu genien beraien amantalak balkoietan eskegitzeko alde batetik,eta bestetik, oinarrizko behar hauek bermatzeko erantzukizun sozial bat eskatzeko.
Urtebete pasa da eta merkatu ekonomiak eta politika ultrakontserbadoreek beraien bidea inposatuz jarraitzen dute biztanleriaren gehiengoaren bizi baldintzak etengabe larriagotzen doazen heinean. Eta larriagotze horretan, emakumeok egoerarik larrienak bizitzen ari gara. Guzti hau era ikusezinago batean ematen da gainerako biztanleriarekin alderatuz: zaintza lanek, gure soldatapeko lanek eta gure bizitzek ez dutelako berdin balio sistema heteropatriarkal kapitalista honetan.
Hala, sistema honek bere egiturazko krisia baliatu du, bere burua berriro ere asmatu eta aurretik ezagutu ez dugun eta atzera bueltarik ez duen eredu aldaketa batera eramateko. Horretarako gure oinarrizko eskubideak eta arrisku egoeran dauden kolektibo eta herritarrak sakrifi katuz. Egoera honetan emakumeok asko dugu galtzeko.
Horregatik guztiagatik ondorengoa aldarrikatzen dugu:
Emakumeon kontrako prekarietate selektiborik ez!
Ez delako kasualitatea gure lan eta bizi baldintzek okerreranzko joera hartzea: langabezi tasa altuagoak, behin-behinekotasuna, aldirokotasuna, azpi enplegua,soldata diskriminazioa... Prekarietateak eta pobreziak, kasu gehiegitan du emakume aurpegia.
Lana, aberastasuna eta enpleguaren banaketari bai!
Etxeko eta zaintza lanak, aitortzarik gabeak eta eskubideetan eta bermeetan hanka motz direnak, lanak direlako. Bizitzaren iraunkortasunerako ezinbestekoak dira lan hauek eta aberastasuna eta ongizatea ahalbideratzen dute guztiz ikusezinak izan arren. Bizitza eta pertsonek sistemaren erdigunean egon behar dute eta ez merkatuak eta kapitalak.
Gainera, feminismoak eztabaida eta aldaketarako proposamenen erdigunean presente egon behar duela aldarrikatzen dugu. Hau kontutan hartzen ez duen edozein aldaketarako alternatibak zein zilegizko proposamenak, jarraituko du emakume eta gizonen arteko egiturazko bereizkeri egoera eta injustizia erreproduzitzen.
Arrazoiak soberan ditugulako, espresuki emakumeei maiatzak 30eko greba orokorrean kalera ateratzeko deialdia luzatzen dizuegu eta baita etxeetan greba egin dezagun ere!