M30ean, eredu hobearen alde

Eider Alkorta (Urola Kostako Hitza) 2013ko mai. 31a, 15:03

Behin eta berriro irakurri ahal izan dugu krisia hasi zenetik zortzigarren greba deialdiaren aurrean gaudela. Zortzigarren hori azpimarratzeak ez dakit ze intentzionalitate duen. Asko dira? Gutxi dira? 2012. urtean hiru greba deialdi izan genituen. Martxokoa sindikatu guztiek deitu zuten, urrikoa ELAk eta LABek, eta azarokoa CCOOk eta UGTek. Oraingoa Gune plataformak deitu du, eta sindikatu abertzaleei gizarte arloko hainbat elkarte gehitu zaie.
 
Ez ditut errepikatuko greba deialdi orotan aldeko eta aurkakoek igortzen dituzten argudio eta
leloak. Aurretiaz mobilizazio hauek desegokitzat jotzen dituenak bere horretan jarraitu du,eta
ziur aski maiatzaren 30a ere ez da une aproposa izango mota honetako deialdi baterako. Aldekoek, aldiz, inoiz baino garrantzitsugotzat joko dute berriro ere kalera ateratzea. Sindikatuen arteko ikusezinak ere bere horretan darrai.
 
Hortaz, zerbait aldatu al da aurreko deialdietatik? Nik, zoritxarrez, baietz esango nuke. Egun
egoera sozioekonomikoa grisez marraztera ere ez nintzateke ausartuko. Beltza da panorama, eta askok ez dugu argirik espero epe motzean, ezta ertainean ere. Gaindegiaren 2013ko lehen hiruhileko datuen arabera, 237.243 langabetu daude Hego Euskal Herrian. Aurreko deialdietako ingurumariarekin alderatuz, beraz, okerrago gaude. Eta gertuago dugu uztailaren 7a;  Espainiako Gobernuaren lan erreformaren haritik, euskal lurraldeetako sektore itunak baliogabeturik gera daitezkeen data, hain zuzen ere. Madrilen sindikatuek eta patronalak adostatutakoa eszpetizismo handiarekin ikusi dute ELAk eta LABek, eta gurean lan harremanen desarautze hori zertan geratuko den airean da momentuz.
 
Sindikatuen eta alderdi politikoen arteko hika-mika berriak ere ikusi ditugu grebaren deialdiaren testuinguruan. ELAri, bereziki, politika egin nahi badu hauteskundeetara aurkezteko
gonbita egin zaio. Sindikalgintzaren eta politikaren arteko jardun eremuak bereizten saiatu dira batzuk, eta neure hortan pentsatzen dut sindikatuek beti egiten dutela politika. Zer bestela? Politika egitea eta alderdikeriaz jokatzea bi kontuez berdin dira; gure herrian, beste gehienetan bezala, oso zaila bada ere alderdietatik harago doan politika egikaritzea.
 
Sindikatuek, besteak beste, politika sozialen eta ekonomikoen inguruko proposamenak egiten dituzte, gobernuek bezala, eta askotan ur berean igeri egitera behartuak daude. Horregatik,
grazia egiten didate  deialdiak gobernuen aurkakotzat jotzen dituzten komunikabideek eta lerroburuek. Maiatzaren 30a Urkulluren aurkako lehen greba deialditzat jo dute batzuek. Kuriosoa, ze oraingo deiatzaileek 2009an egin zuten greba deialdia Patxi Lopezen aurkakotzat jo zuten medio ber-berek. Orduan gobernu espainolistari "ongi etorria" egiteko antolatu zutela gaineratu zuten. Zertan geratzen gara?
 
Deialdia, beste behin, krisi ingurumarian txertatua datorkigu, eta haren atzaparretatik ihes egitea zaila izango zaie instituzio eta gobernuei. Orain dela zazpi hilabeteko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde kanpainan krisi ekonomikoa izan zen protagonista. Kataluniako olatuak hemengo mezuak zenbatetan baldintza zitzakeen dudak baziren ere, nire irudiko krisitik aterako gintuen kudeatzaile onenaren lehia irudikatu nahi izan zen. Eta lasterketa horretan, EAJ, Urkullu, atera zen garaile. Baina ondoren ikusten ari garenak garaipen mingots baten itxura du. Krisia mahai gainean dago, eta horrekin askotan kaxoian utzi diren eta ditugun zenbait ardatz lehentasun bilakatu dira askorentzat. Eta zeharka bada ere, Euskal Autonomia Erkidegoan abertzale edo espainolzale izatetik harago, beste zerbait ere bagarela agerian geratu dela esango nuke. Aurrekontuak luzatu behar izan ditu Jaurlaritzak eta ondoren proposatu diren herri akordio, mahai instituzional, alderdien mahai edota alderdien binakako bileretako desadostasunek irizpide sozial eta ekonomiko ezberdinak dituzte oinarrian. Ardatz hauek azken urteetan gutxietsi egin dira, eta bazirudien gu horren gainetikgeundela, akordio sozialik bazela gurean.
 
Maiatzaren 30eko greba deialdia ez da Euskal Herrian krisi gorian burutzen den lehena, baina
oraingoa sortzen ari den triskantzaren larritasunak errezeta berriakeskatzen ditu. Politikaren
desafekzio eta ospe-galtzearen garai hauetan politika aldarrikatzeko garaia da, sindikatuena ere bai, kaletik datorrena ere bai. Eredu propioa baino, ere du hobea aldarrikatuko nuke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide