Ondo gordeta

Erabiltzailearen aurpegia estitxu 2013ko eka. 13a, 18:53

Lagun baten izeba kezkatuta dago. Preferenteak direla, ekarpenak direla, telebistan protestak ikusten ditu behin eta berriz, eta bere dirua kajarrosen seguru al dagoen galdetu dio ilobari. 80 urte ditu andre horrek, makina bat lan egindakoa da, eta urteotan aurreztea lortu duen apur hori dauka orain aurrezki kutxan sartuta. Ilobak badaukala irtenbidea esan dio: diru hori bere hipoteka ordaintzeko emateko, eta horrekin biek finantza erakundeekin dituzten loturak etengo dituztela. Eta izebak zera erantzun: "Ez, ez, diru hori nik behar dut, zahartzen naizenerako".

Nonbait, asko dira orain nire lagun horren izebaren antzerako kezkak dituzten adinekoak. Horietako asko berandu hasi ziren kajarrosak erabiltzen, batzuk dirurik apenas izan dutelako, eta beste batzuk, fidakaitz, bestelako ohiturak zituztelako.

Kontatu izan didate etxean, lehen, baserrietan, hormen barruan ezkutatzen zituztela diruak, baliozko gauzak eta bitxiak. Familia bazkari batean jakin nuen gure baserrian ere orain urte batzuk horma batzuk botatzen hasi zirenean kaxa batean ezustekoa topatu zutela: urrezko txanpon bat, 1802koa, Carol IV.aren garaikoa; zilarrezko beste txanpon batzuk, garai hartakoak eta berriagoak, eta Azkoitiko txanpon bat ere bai. Bai, Azkoitiko txanpona, kooperatibakoa. Eta erakutsi egin zizkidaten.

Bada misterioa: ez dakite nork, noiz eta zergatik gorde zituen diru haiek han, existitzen zirenik ere ez zekitelako. Han gorde zituenak ez zien ondorengoei bere sekretuaren berririk eman, edo haren ondorengoek, edo ondorengoen ondorengoek gorde zuten sekretua.

Kontua da, orain inork ez dakigula zeinenak eta zeinentzat utzitakoak diren. Bestelako aurkikuntzak ere egin dituzte baserrian; handik urte batzutara, erretila egiten hasi zirenean, berriz, ikurrin bat topatu zuten teilapean ezkutatuta. Eta hura ere nork, noiz eta zergatik ezkutatu zuten ez dakite. Gipuzkoarren izaerarekin bat omen dator diskrezioa eta galderak ez egitea; hala esan zidan behin bizkaitar batek. Gurean ondo gipuzkoarrak izan gara, orduan.

Gure bailaran asko ei dira baserri hormetan agertutako altxortxoak. Hala entzun izan diet ingurukoei. Txanpon zaharrak, bitxiak... Ohitura zen nonbait, kalera jaitsi eta finantza erakundeen esku utzi beharrean norberak bere etxean toki ezkutuan gordetzea. Baina disgustuak ere izan dira: kontatu zidan osabak nola Elgoibar inguruan bazen baserritar bat azokara saltzera joaten zena, eta ateratzen zuen diru guztia etxean gordetzen zuena, toki ezkutu batean. Milioi pezetatik gora omen zuen gordeta, baina joan zen batean saguek janda topatu omen zituen billeteak. Gorde beharraren gorde beharraz, akabo, betirako galdu.

Krisi honek argi erakutsi digu ez direla fidatzekoak finantza erakundeak, baina gure arbasoek aspalditik zekiten hori, nonbait. Baina nola aldatu? Eric Cantona futbolariak 2011n egin zuen ahalegina. "Egungo sistema birrintzeko", herritar guztiak finantza erakundeetara joan eta zeukaten diru guztia ateratzera deitu zituen. Ez zuen arrakasta handirik izan, baina beti izan dut jakinmina hori eginez gero zer gertatuko ote zenaren inguruan.

Baina, noski, dirua atera, gorde, ezkutatu... gisa horretako kezka edukitzeko aurrena dirua eduki egin behar da. Ateratzera joan, eta sartzeko gehiago dugunak asko gara; zorra, hipoteka. Etxea kendu arren zorra eta hipoteka dutenak ere, gero eta gehiago. Eta egunerokorako lain ez dutenak, ugaritzen.

Hormak botatzen hasi beharko dugu laster. Baina nongoak? Norenak?

 

(Urola Kostako Hitza-n argitaratua)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide