Olatz Prat: "Amets txiki handi bat da proiektuaren parte izatea"

Urola Kostako Hitza 2013ko eka. 14a, 21:05

Sortuko dira besteak egitasmoaren hirugarren biran hartuko du parte abeslari azpeitiarrak; lehen saioa gaur (ostirala) du, Beasainen. Aritz Mutiozabalek elkarrizketatu du, Urola Kostako Hitza-rako. Hemen elkarrizketaren bideoa eta edukia.

Euskal kantagintzako ahots ezagunen plaza bihurtu da Sortuko dira besteak ikuskizuna, eta gaur (ostirala) bira berriari ekingo dio Beasainen. Eñaut Elorrieta, Alex Sardui, Mikel Urdangarin eta Petti artistekin batera, Olatz Prat (Azpeitia, 1984) abeslaria ariko da aurrerantzean. Ilusioz beterik dago, berriro ere oholtza gainera igoko delako.

Zer berrikuntza dakartza Sortuko dira besteak-en bira berriak?

Hau hirugarren bira da. Duela hiru urte ekin zion, Xabier Leteren omenez. Iaz euskal kantagintzako beste abesti batzuk ere barneratu zituzten, eta aurten euskal kantagintzatik kanpoko abestiak ere barneratu ditugu, euskaratuta eta moldatuta.

Nola sortu zitzaizun egitasmoan parte hartzeko aukera?

Bizitzan zehar egiten joaten zaren kontaktuei esker izan da. Juan Garzia idazlearen ekimenez, Zuri&Beltz taldearekin hasi nintzen, Bea Hurtadorekin batera. Harrezkero, harremana mantendu dugu. Bestalde, Mikel Errazkinekin Lantz taldean aritu nintzenean, Joxean Goikoetxea ezagutu nuen. Goikoetxea Sortuko dira besteak proiektuaren sustatzaile eta zuzendari musikala da. Juan Garziak nitaz hitz egin zion, eta kontaktu horien bitartez guztia lotu zen.

Zuretzat zer esan nahi du Sortuko dira besteak ekimeneko lantaldean barneratzeak?

Urte batzuk egin ditut oholtzetatik kanpo, eta berriz itzultzea oso gustagarria da. Are gehiago horrelako proiektu baten barruan. Ilusio handiarekin heldu diot. Gainera, lehen artista hauen kontzertuetara joaten nintzen -Mikel Urdangarin, Petti eta Eñaut Elorrieta, esaterako- eta orain nire kideak dira. Haiekin partekatuko dut oholtza, baita musikari onekin ere. Egia esan, amets txiki handi bat da proiektuaren parte izatea.

Bira gaur hasiko duzue, Beasainen. Nondik nora ariko zarete?

Bira guztiz itxi gabe dago oraindik, datak lotzen ari baikara. Ekainean hiru emanaldi ditugu: gaur Beasaingo frontoian, Gure esku dago dinamikaren barruan; hilaren 21ean, Tolosako Leidor aretoan, Joxean Lizarribarren omenez; eta hilaren 29an, Eskoriatzan. Urtean zehar han eta hemen ariko gara, eta, azken finean, segida izango duen proiektua izango da. Jendeak nahi duen adina luzatuko dena,alegia.

Zure aurreko proiektuetan, Karelean eta Lantz taldeetan, abesti propioak abesten zenituen. Oraingo honetan, ordea, besteen abestiei ahotsa jartzen diezu. Eroso al zaude formatu horretan?

Bai, oso gustura. Norbere sortzeko beharra norberak ase dezake. Egia esan, azken urteetan ez naiz horren emankor ibili sormen aldetik, beste gauza batzuetara egon naizelako. Olerkitxo bat egin edo gitarra jotzea beti egin dezakedan zerbait da. Ikuskizun honetan egoteagatik ez dut faltan sentitzen. Aitzitik, nire adinagatik edo ohitura musikalengatik ezagutzen ez nuen mundu bat ezagutzeko aukera izan dut. Euskal kantagintza urrun geratzen zait, abesti asko ni jaio aurrekoak baitira. Sormena ez dut lantzen, baina beste gauza asko ematen dizkit proiektu honetan egoteak.

Zein da zure parte-hartzea emanaldian? Zein abesti kantatuko dituzu?

Formato anitzetan abestuko dugu guztiok, binaka edo multzoka, kanta bakoitzaren arabera. Horrez gain, bakarka abestuko ditugun piezak ere izango dira. Nik euskal kanta klasikoak eta modernoak interpretatuko ditut; Zea Mays, Benito Lertxundi eta Errobirenak, esaterako. Etxetik kanpo aterata, Janis Joplin eta Alan Parson musikarien bertsioak egingo ditut. Askotariko musikak abestuko ditugu; abaniko zabala topatuko du entzuleak. Estilo asko dago, eta ahots asko, bakoitza bere berezitasunekin. Nolabait esateko, kapitulu ugari dituen istorio atsegina da.

Proiektu hau jauzi bat izango al da zure ibilbidean?

Ez dakit. Proiektu honetan egotea jada jauzi bat da niretzat. Pausoz pauso joan behar da. Momentu hau aprobetxatu eta gozatu ahalik eta gehien. Gero gehiago baldin badator ongi etorria izango da, eta etortzen ez bada, hor geratuko da egin duguna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide