Badira, emakume, gazte eta haur ausartak. Nik batzuk ezagutzen ditut. Azpeitian bizi dira gehienak, nahiz eta denak ez diren bertan jaioak. Lagunak dira bihotza lapurtu didaten hauek guztiak.
Helduak dira emakumeak; hamazortzi urtetik gorakoak, adin txikikoak gainontzeko guztiak. Txikienak zazpi urte, helduenak hirurogeita hamarretik gora... Hirurogei urteren tartea badago bien artean, baina sentsazio eta sentimendu berak harrapatu ditu biak. Batak badaki zer egitera doan, eta besteak lehenengo aldiz egingo du... Sei urte baino ez oinez ikasi zuela... Bestea, berriz, nekatuta egon daiteke milaka urrats emateaz...
Bakoitzaren barruan sartu nahiko une batez, segundo batez bada ere. Zer sentitzen ote dute? Urduri al daude? Zenbaterainokoa da gogoa? Eta ikara? Zenbaterainoko konfiantza dute beren buruarengan, eta besteengan? Zer espero dute?
Nire barruan sartzen denak ere galdera ber-berekin egingo du topo, erantzunak topatzea kostatu egingo bazaio ere. Hor nonbait egon behar dute erantzunek, badakit, baina une horretan hain nahasia da dena... Euforia izan daiteke beharbada... Baliteke, bai...
Ibilbide honetan, urte hauetan guztietan, badira bidean galdu ditugunak ere. Minbizi madarikatua! Baina gure memoriak ez du bere irribarrea ahaztu, talde sendoak ez baitu bide-laguna abandonatzen.
Badira, bizitzaren hainbat arrazoi dela medio, une batez gugandik urrundu direnak, gu haiengandik... Baina hamar urteren ondoren, Dena berriz bueltatzen da lelopean oholtzara igo dira beste behin. Teatroa. Oholtza zapaldu behar maitatzeko, ulertzeko, bizitzeko.
Batzuk betikoak dira, leialak. Nora joango nintzateke hauek gabe?
Beste batzuk aurten hurbildu dira gugana. Ez zenuten erronka makala! Antzerkia egiteaz gain taldera egokitzea tokatzen zitzaizuelako. Bejondeizuela! Zuek gabe ez zen gauza bera izango!
Badira bakanak: hamar urte, hamar antzerki-lan. Eskerrik asko, ama!
Eta lagunak: "Paper hau zuk egiteko modukoa da ba" esatearekin, hor daudenak. Ahots mehearekin ezagutu nituen haur haiek gizon bilakatu dira dagoeneko. Umeak ziren neskatoak, berriz, emakume. Zenbat ordu eman ditugun elkarrekin, zenbat astelehen gela txiki batean sartuta, pozik, gustatzen zaiguna egiten...
Bakoitzak du bere bizitza, bere mundua, baina elkarrekin beste mundu berri bat sortzeko gai izan dira. Haien neurrira egokitutakoa, askea. Ondo bukatzen diren istorioengan sinesten dute, badakit. Jakingo bazenute zenbat ikasten ari naizen haur eta gazte hauekin...
Haur batek hunkituta dagoela esan dio amari. Oholtzara igotzeko egunarekin batera, sentimendu festa... Euforia... Baliteke... Horregatik bakarrik merezi izan du aurtengoak ere. Bakoitzarengan sentsazio bakar bat pizteko gai izan bada teatroa, piztu daitezela berriro ere aretoko argiak, mesedez!
Arnasa hartzea kosta egiten zaigu, egia da. Baina gu bagoaz. Haize erauntsia badator. Urte erdia pasatu dugu gaurko eguna prestatzen, eta ikusleak badaki hori, beste behin gurekin bat egin duelako, leial, urtero moduan. Nola eskertu hori? Nola esan zuei, denak behar zaituztegula?
Modu bakarra bururatzen zait... Guk datorren urtean ez dizuegu hutsik egingo!
Gora Azpeitiko artista koadrila!