Labaka hamaikakoan

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2013ko eka. 24a, 23:05

Futbolista izateari utzi diola iragarri berri du Mikel Labakak (Azpeitia, 1980). Hark esandako batzuk eta hari buruzko iruzkin eta pasadizo batzuk, hemen.

1. Entrenatzaileek esana Labakari buruz

Entrenatzaile Philippe Montanier zela utzi zuen Mikel Labakak Reala, 2011ko udaran. Montanierrek nahiago zituen beste zentral batzuk Labaka baino. Pertsona bezala, ordea, oso gustukoa du Montanierrek. Honek esana da 2011ko iraileko elkarrizketa batean: "Orain arteko erabakirik zailena Mikel Labakari nire plangintzetan ez zela sartzen jakinaraztea izan da. Estimu handitan daukat hura, eredugarria baita".

Miguel Angel Lotinak ere Labakaren aldeko hitzak izan zituen 2007ko maiatzean, Realeko entrenatzaile zela: "Realeko jokalariak oso profesionalak dira, baina batzuek arreta deitzen dute. Profesionalki beste talderen batean aurkitzeko oso zailak diren laupabost jokalari daude Realean. Horiek dira taldearen gidari, eta haietako bat aipatuko dut, gutxien jokatzen duena delako, edo ez duelako ia batere jokatzen: Mikel Labaka. Horrelako profesional bat eta klubarekin halako konpromisoa duen bat aurkitzea, bere izateko erarekin gainera, egundokoa da. Badira horrelako gehiago, baina Labaka nabarmendu nahi dut, merezi du-eta".

2. Labakaren faborito batzuk

2006ko elkarrizketa batean esana da Labakak:

Kantu bat? Itsasoari begira, Benito Lertxundirena. Aktore bat? Angel Alkain, Wazemank!-ekoa. Telebista programa bat? Hitzetik hortzera, ETBko bertso programa. Futboleko lagunik onena? Mikel Aranburu. 

3. Berak elkarrizketa

2004ko azaroan Gara egunkariarentzat elkarrizketa txiki bat egin zion Labakak berak Mikel Aranbururi. Hemen galdera-erantzun batzuk:

- Labaka: Kotxean sartu gaituk Zubietara bidean. Ze musika CD entzungo dugu? Edo irratia nahiago duk?

- Aranburu: Atzo ordu erdian arazo mordo bat konpondu genian: taldekoak, Euskal Herrikoak, mundukoak... Gaur samba pixka bat entzungo diagu. Edo Orkatzeko Aran-ek grabatutako CDbat nahiago? 

- Labaka: Iritsi gaituk Zubietara. Ordu erdi pasatxo behar izan diagu bidean. Zenbait azpeitiar lehenago iritsiko zuan...

- Aranburu: Azkartasuna erakusteko errepidea baino leku aproposagoak bazaudek, eta berriketan lasai joatea hobe diagu.

- Labaka: Aldagelatik irten eta 10-15 ume inguratu zaizkik, denak presaka, sinadura eske. Regateak egiten ez haiz makala, baina ez zagok horiek erraz atzean uzterik, ezta?

- Aranburu: Horien poztasun aurpegiak ikusteagatik merezi dik minutu batzuk pasatzea. Hala ere, kontuz ibili, umeei boligrafo punta begian sartu gabe!

- Labaka: Gauean, oheratu aurretik, irratsaio batera deitu duen pertsona batek honela esan dik: ‘Realak galtzen duenean ez dut lorik egiten’. Zer pentsatu duk?

- Aranburu: Hurrengo gauean azkarrago hartuko dik lo.

4. Kotxean

Urteak egin zituzten Labakak eta Aranburuk elkarrekin kotxean joaten entrenatzera Zubietara. Labakak esana: "Kotxea txandatuz eramaten genuen, eta behin baino gehiagotan egon izan gara biok kotxe banatan, bata bestearen etxe aurrean egun berean eta ordu berean elkarren zain, ‘gaur nei tokatzen zitek ta hau nun ote dao?’ pentsatuz". 

5. Bi adierazpen

2004koa da Labakaren adierazpen hau, Realean debutatu zuenean: "Sekula ez naiz itsutu gora iristeko, eta horrek asko lagundu dit".

2011koa hau, Reala utzi berritan: "Beti esan dugu etxeko jokalariei aukerak eman behar zaizkiela eta jende gaztearen aldeko apustua egin behar dela. Hau da benetako momentua ideia horri bultzada bat emateko".

6. Gol internazionala

Espainiako Lehen Mailan bost gol sartu ditu Labakak. Nazioarteko gol bat ere sartu izan du: 2010eko abenduaren 29an, Euskal Selekzioarekin. Venezuelaren kontra izan zen, eta 2-1ekoa egin zuen. 3-1 irabazi zuten, San Mamesen.

7. Rayo, berezia

2011ko udaran Rayora iritsi zenean berehala antzeman zuen klub berezia dela. "Fitxatu aurretik pentsatzen nuen klub berezia dela, eta iritsitakoan frogatu zen baietz, berezia dela. Txikia da Rayo, desberdina, eta horregatik oso harro nago bertako taldeko kidea izateagatik. Afizio honek Lehen Mailako taldea merezi du".

8. Anekdota Madrilen

2004ko abenduaren 12an Real Madril-Reala suspenditu egin zuten partidua bukatzeko sei minutu falta zirela. Arrazoia: batek telefonoz egindako bonba abisua. 1-1 zihoazen. 2005eko urtarrilaren 5ean jokatu zituzten sei minutu horiek. Bitartean, Real Madrilek entrenatzailea aldatu zuen: abenduaren 30ean kargutik kendu zuen Mariano Garcia Remon, haren partez Wanderlei Luxemburgo jartzeko. Hasi ziren urtarrilaren 5 hartan sei minutuak jokatzen, eta Labakak penaltia egin zion Ronaldo aurrelari brasildar famatuari. Zidanek bota, eta gola. 2-1. Horrela bukatu zen partidua.

9. Azken bi urteetan, Madrilen

Gauzak zer diren: Labakak azken bi urteetan Madrilgo talde batean jokatu du, Rayon. Baina ez zen Madril hiriburuan bizi, Boadilla del Monten baizik. 47.000 biztanleko herria da, eta Madrildik hamalau kilometrora dago. Ondoan Majadahonda, Villaviciosa de Odon, Alcorcon, Pozuelo de Alarcon eta Brunete herriak ditu. Labakak etxetik Rayoko entrenamendu lekura, lehen Azpeititik Zubietara adina denbora pasatzen zuen kotxean ailegatzen. Behin aipatu zioten: "Azpeitiar bat Madrilen...". Labakaren erantzuna: "Azpeititik Madril oso urruti ikusten dugu, baina Madrildik Azpeitia ez da hain urruti ikusten".

Entrenatzera ez bazen, apenas joaten zen Madrilera Boadilla del Montetik. "Igual, astebetean ez naiz batere joaten", esaten zuen. Dena dela, gustuko hiria du Madril. "Planak egiteko aukera handia daukazu. Eta ez zaitu inork ezagutzen". Madrildik zer ez zaio gustatzen? "Trafikoa eta zarata".

10. Erretiroa buruan

Iazko azaroan esandakoa berak: "Dagoeneko 32 urte ditut, kontratua bukatu eta segituan 33 urte beteko ditut, eta badakit gero eta gutxiago geratzen zaidala futbolista bezala. Kirol arlotik begiratuta, gustura nago, baina bi alaba dauzkat eta nekatzen hasten zara". Rayok denboraldi honetan 25 jokalari pasatxo izan ditu; Labaka zen zaharrena. Hartu berri du erretiratzeko erabakia, 33 urteren bidean.

11. Eta erretiratutakoan, zer?

"40 bat urterekin nola ikusten zara?", galdetu zion behin uztarria.com-eko irakurle batek elkarrizketa digital batean. "Galdera ona! Auskalo! Gutxien-gutxienik, fisikoki kirola egiteko moduan egotea espero dut. Futbolista asko geratzen dira kolpeen edo ebakuntzen ondorioz nahiko kolokan fisikoki. Gainontzean, lehen hezkuntzako eta kirol hezkuntzako ikasketak eginak ditut...; baina, auskalo!".

---

Duela urtebete Mikel Aranburu erretiratu zeneko soslaia

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide