Elkarlanerako premia berretsi du Iraurgi Lantzenek 25. urteurrenean

Urola Kostako Hitza 2013ko eka. 26a, 12:40

Iraurgi Lantzen Urola Erdiko Garapen Agentziak 25 urte bete zituen astelehenean, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten langileek, Azkoitiko eta Azpeitiko zinegotziek, egungo alkateek eta azken mende laurdenean alkate izan direnetako batzuk; besteak beste, han izan ziren Azpeitiko eta Azkoitiko alkate Eneko Etxeberria eta Pello Bastarrika, Jose Mari Bastida eta Julian Eizmendi Azpeitiko alkate ohiak, eta Nerea Zubizarreta eta Asier Aranbarri Azkoitian alkate izandakoak. Guztiek egungo krisi sozioekonomikoari aurre egiteko eta elkarlanerako premia nabarmendu zuten, eta Iraurgi Lantzenen atzoko eta gaurko erronkak izan zituzten hizpide.

Bastida da garapen agentziaren sorrera ezagutu zuenetako bat. Iraurgi Lantzen egungo egoera antzekoan sortu zela gogoratu zuen: "Duela 25 urte ere izugarrizko krisia zegoen, eta Azpeitian gaur baino langabezia tasa altuagoa". Testuinguru horretan, "orduko egoerari aurre egiteko eta turismoa sustatzeko" asmoz sortu zuten agentzia, udalek udalez gaindiko zereginak kudeatzeko eskumenak jaso zituztenean. Ordutik hamaika ekintza eraman ditu aurrera; hala nola, enpresa, turismo, ikerketa eta garapen, merkataritza, kultur eta prestakuntza arlokoak.

Ekonomia egoera aldatzen ikusi du Iraurgi Lantzenek. Baina, mende laurden geroago sorrerako testuinguruaren antzekoa da, eta horrek erronka berriak jarri dizkio agentziari. Bastarrikaren arabera, "egoera gogorra eta guztiz kezkagarria" da egungoa, langabeziak "guztiz harrotuta" baitauka bailara. Maiatzeko langabezia datuak eman zituen alkateak, eta jakinarazi zuen Azkoitian biztanleetatik %14,40 (790 lagun) zeudela lanik gabe pasa den hilean. Azpeitin, berriz, %15,50 (1.047) zeuden egoera horretan. Bailaran, berriz, langabezia tasa 2007tik ia hirukoiztu egin dela ohartarazi zuen.

Azken urteetan sektore nagusia industria izan dela gogoratu zuen, eta epe erdian ere hala izaten jarraituko duela uste du. "Aitzindaria eta teknologia berriekin kudeatutako industria da behar duguna". Bastarrikaren arabera, aurrerantzean "ikerkuntzan, dibertsifikazioan eta berrikuntzan" oinarritu behar du sektoreak, eta horretarako ezinbestekoa da "formazio egokia". "Prestakuntza arloa ez da izango bide bakarra, baina bai funtsezkoa, eta gure apustua horrek izan behar du". Bastarrikaren iritziz, ikastetxearen eta eskualdeko udaletxeen arteko elkarlanean "ezer gutxi" egin da.

Ildo honetan, Zubizarretaren ustez, udalen arteko elkarlanak "hutsuneak" ditu eskualdean. Gogoratu du Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama eta Zestoak osatzen dute bailara, baina agentzian soilik Azkoitia eta Azpeitia daudela kritikatu du, hasieran Zestoa ere batu bazen ere. "Herri bakoitzak bere ikuspegiak ditu, eta izango ditu, baina derrigortuta gaude elkarlanean jarraitzera", adierazi zuen Zubizarretak.

Jesus Agirrek, ordea, berretsi zuen garapen agentziak "eskualdearen alde" egin duela lan.
Honen arabera, egun duten erronkarik nagusienak dira bailarako komunikazioa hobetzea eta "deskapitalizazio saihestea". "Askok kanpora joan behar izaten dute bizitza profesionala egitera, eta maiz ez dira itzultzen. Hori ekiditen ez badugu, maldan behera joango gara".

Iraurgi Lantzenen 25 urteko ibilbidea azaldu zuen Agirrek, eta azpimarratu zuen ekonomiak aldaketa handiak izan dituela azken urteetan. "Lehiakortasuna areagotu egin da, eta gaur egun pertsonen gaitasunak, gogoak eta balioak dira benetan garrantzia dutenak. Ez da nahikoa finantziazioa izatea". Etorkizuna erakundeen arteko elkarlanak bermatuko duela nabarmendu zuen. "Lehen ere atera gara garai txarretatik, eta oraingoan ere egingo dugu aurrera. Baina erronkak gero eta zailagoak direla jakin behar dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide