Mikel Labaka: "Azpeitia gabe bizitzen badakit, baina Azpeitian bizi nahi dut"

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 4a, 19:44

Joan zen astean iragarri zuen futbolari izateari utzi ziola; bere ibilbidea bere herriarekin oso lotuta egon da. Lagun Onak herriko taldean hasi zen, eta bizilekua ere herria izan du ia beti.

Mikel Labakarentzat (Azpeitia, 1980) aste berezia izan zen aurrekoa. Futbolari izateari uzteko erabakia plazaratu zuen www.uztarria.com atariak, eta ordutik, pare bat egunez, hedabideen deiei erantzuten egon zen. Tartean, berripaper honena. Garmendipe futbol zelaian egin zen hitzordua. Azpeitian bertan. Non bestela.

Izan ere, bere herriari oso atxikita bizi da futbol zelaian erdiko atzelari lanak bete dituen futbolaria. Lanean ibili izan denean ere bai, hiru denboralditan izan ezik: Murtzian bizi behar izan zuen 2003-2004 denboraldia jokoan zen bitartean, Murtzia Hiria taldean aritu baitzen; eta azkeneko bi sasoietan Madrilen egon da, Rayo Vallecanoko jokalari izan den artean. Realean jokatu zuen urteetan, Azpeitia izan zuen bizileku. "Azpeitia gabe bizitzen badakit, baina Azpeitian bizi nahi dut", esan du erabateko ziurtasunaz.

Azpeitiarra izanik, Lagun Onak herriko futbol taldean ekin zion bideari. "Hamabi urte nituela hasiko nintzen, beste guztiak bezala, Infantil mailan". Futbolerako zaletasuna nondik datorkion galdetzen bazaio, berezko zerbait dela erantzuten du: "Etxekoek ez zuten eraginik izan nik futbola aukeratzean. Pilota bizi zuten gehiago etxean, zerbait bizitzekotan. Lagun gehienek aukeratu genuen futbola, eta niri betidanik gustatu izan zaidanez...".

Ez zuen denbora asko behar izan bere mailaren berri emateko. Izan ere, futbolean hasi eta lau urtera, hamasei urterekin, lehen taldean ari zen jokatzen, Hirugarren mailan. "Alfredo del Castillo zen goiko taldeko entrenatzailea, eta hark erabaki zuen nik goian jokatu behar nuela". Zerbait ikusiko zion.

(Elkarrizketa osorik irakur daiteke Urola Kostako Hitza-ren webgunean, Arkupean gehigarrian, PDF formatuan).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide