Izarraizko ibilbideak eskuko gida batean jaso dituzte

Uztarria.eus 2013ko uzt. 5a, 20:50

Lagun Onak MBren egoitzan aurkeztu zuten eskuko gida.

Lagun Onak Mendi Bazkunaren proiektuarekin bat egin dute Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, Iraurgi Lantzenek eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak. Mendizaletasuna eta turismoa uztartu nahi izan dituzte. 10.000 ale argitaratu dituzte eta inguruko turismo guneetan banatuko dituzte.

"Izarraitz eta bereziki Xoxote hemendik kanpo ezagutzera ematea nahi genuen, alde horretatik hutsune bat ikusten genuelako". Horrela azaldu zuen Aitor Unanue elkarteko lehendakariak Lagun Onak Mendi Bazkunean zuten helburu nagusienetakoa. Orain, mendizaleen "aspaldiko asmoa" zenak forma hartu du eta atzo, osteguna, aurkeztu zuten Izarraitz. Goietara ibilaldia eskuko gida.

Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako, Iraugi Lantzeneko eta Gipuzkoako Mendizale Federazioko ordezkariak izan zituen alboan Unanuek aurkezpenean. Izan ere, mendizaleek bidaide izan dituzte erakundeok mendizaletasuna eta turismoaren sustapena uztartu nahi dituen proiektuan.

Xoxoteko aterpean bueltan eta Izarraitzen barrena "hainbat bide" egin daitezkeen arren, eskuko gidan bide horietako bi jaso dituzte, "xehetasun guztiekin": Azpeitia-Xoxote (Iturritxikitik abiatuta) eta Attola-Xoxote. Ibilbide bakoitzaren luzeraz, bataz beste eskatzen duten denboraz eta desnibelaz gain, bidean zehar ibiltariak topatuko dituen beste hainbat ezaugarri eta xehetasun eskaintzen ditu gidak. Mapa batean, bi ibilbide nagusiez gain Izarraitzen egin daitezkeen beste batzuk ere jarri dituzte, Azkoititik Zestoarainoko eremukoak; eta, mapa berean, Izarraitzek eskaintzen dituen hainbat interesgune kokatu dituzte: Azketa, elurzuloa, eskalada gunea, baserriak, iturriak... Bestetik, teknologia berrietara egokitutako informazioa ere gehitu dute: horrela, gidako bi ibilbide nagusien eta beste lauren edukiak mugikorretara jaisteko QR kodeak txertatu dituzte argitalpenean. Azkenik, ostalaritza zerbitzuen informazioa ere jaso dute, Xoxoteko aterpeari arreta berezia eskainita.

Denera eskuko gidaren 10.000 ale argitaratu dituzte: 7.500 euskaraz eta gaztelaniaz, eta 2.500 ingelesez eta frantsesez. Iraurgi Lantzeko Jexux Mujikak azaldu zuenez, turismo guneetan jarriko dituzte eskuragarri: Loiolako turismo bulegoan, nekazalturismoetan, hoteletan eta Burdinbidearen Euskal Museoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide