Euskal Herria, 2023, kristalezko bolan

Pako Aristi ('Berria') 2013ko uzt. 8a, 15:25

Berria egunkariak atzo, igandea, argitaratutako Pako Aristiren iritzi artikulua da hurrengoa. 

Sandalo usainez lurrindua zegoen gela, eta pertsiana erorien artetik barreiatutako argi izpiek are sakonagoa bihurtzen zuten iluntasun sentipena. Aztiak kristalezko bolaren gainean paratu zituen eskuak, eta arnasa sakon hartuz, ea zer jakin nahi nuen galdetu zidan. "Ez da niretzako ezer —erantzun nion-, Euskal Herriaren etorkizuna dut kezkabide". Eskuak askatuz bolari so geratu zen. Nik ez nuen ezer ikusten bertan, baina berak bai antza. Hizketan hasi zitzaidan, barruan iltzaturik geratu zitzaizkidan hitzak xuxurlatuz bere ahots sakonarekin, interesik balute edo hemen transkribatu ditudanak.

2023. urtean gaude, duela hilabete ospatu da Gure esku dago plataformak eskatu zuen erreferenduma. Koitaduak, euskaldunak! Galdu egin dute, ez dira %40ra ere iritsi. Baina irabazi balute ere berdintsu, ez baitzen loteslea. Belaunaldi baten itxaropena labarretik behera joan da, euskaldunak, beste behin ere, bide okerretik tematu zirelako.

Espektatibak murriztuz joan ziren, ekimena jada konplexuz beterik sortu zelako. "Modu naturalean" ari zirela zioten, baina estatu bat sortzea ez da naturala, ekimen politiko baten ondorio baizik. Estatu bat sortzeko unean aurka jarriko zaizu, bai gizatalde bat, edo bai beste estatu bat, edo bi euskaldunen kasuan. Zerbait "anitza" egin nahi zutela zioten, baina estatuaren espiritua homogeneizazioa da, begira bestela Espainia eta Frantziaren historiari; estatuek gobernatzen duten gizartearen identitate nazionala indartzea dute xede; pluraltasuna mantenduz, baina integrazioa bilatuz beti, etengabe.

Hori izan zen euskaldunen akats larri bat: etorkinen mehatxua kontuan ez hartzea. Izan ere, Hego Amerika, Asia eta abarretatik etorriak soilik zeuzkaten etorkintzat, Espainiatik etorritakoak ere etorkinak zirela ahaztuta, gure kulturan, hizkuntzan eta nortasunean integratzeari muzin egin ziotenak. Integratzeari uko egiten dion etorkina kolono bilakatzen da herri menderatuetan, botere propiorik gabe integrazio hori bultzatzeko tresnarik ez baitauka. Hori da funtsezko beste arrazoi bat lehenengo estatu propio bat edukitzeko, migrazioa ez dadin erosio faktore bilakatu herri batentzat. Idiak jarri zituzten gurdiaren aurretik.

Erreferenduma tranpa bat izan zen, ahaztu baitzuten Euskal Herria atzerritarrez bete izan dela, XVI. mendetik Nafarroa Garaian, eta XIX. mendetik aurrera baskongadetan. 500 urteko kolonizazioa ahaztea errealitatea ongi ez ezagutzea da; diagnostiko okerra, emaitza okerrak.

Gauzatu zituzten, ekimen horrekin, historian zehar euskaldunek patologikoki errepikatu dituzten beste bi akats larri: bata, zorroztasun falta, zeren, independentziaren aurka daudenak independentziaren aldeko ekimen batera gonbidatzea desbideratze estrategiko barkaezina da; eta pertsonalismoa, bestea, gisako gonbidapenak egiten dituen protagonismo antzua: asmo bat daukat, bazatoz asmo horri sostengua ematera? Ez zituzten planteamendu ezberdinak alderatu, ez zuten interesik izan urte askotako lan sakona eginez jakinduria pilatu zuten pertsonen iritziak entzuteko. "Nik izan dut ideia", esan zuten, eta hura atzaparretatik kentzeko beldurrak ez zien utzi euskal gizarteari zerbitzu eder bat egiten, zeren eta asmoa okerra bada, herriari egin dakiokeen aportaziorik ederrena asmo hori baztertzea baita. Lao-Tsek aspaldi esan zuen: "Noiz geratu badakienak ez du jarraitzen arriskuaren bidea".

Izan ziren ahotsak erabakiaren ezegokitasuna edo, areago, burugabekeria eta ahulezia estrategikoa salatu zutenak, baina ez ziren kontuan hartuak izan.

Ekimena "pre-politikoa" zela esan zuten, baina prehistoriko bilakatu zuten, hau da, ahistorikoa, euskaldunon historia bera ukatzera iritsi baitziren ekimenaren bideo-klipean honako hau kantatuz: "Guk ez dugu aldarri egiteko heroi edo konkistarik". Ahaztu zuten euskaldunek izan duten historia izan ez balute Europako nazio independenterik zaharrenetakoa osatuko luketela, Hungariarekin batera, zeina 1001. urtean osatu zen erresuma independente gisan; 3 milioi euskaldunek euskara hitz egingo zutela, eta %20ak baino ez espainola edota frantsesa, eta ez zela gaurko lurralde zatiketarik existituko ezta hain korrosiboa gertatzen ari den ahulezia ideologikorik ere.

"Pre-politikoa", "naturala", "anitza" eta enparauek funtzio bakarra izan zuten, hitz batez esanda: kolonizatzaileak ez haserraraztea. Ahuleziaren hizkuntza, beldurtiaren jokaldia, txikitasun konplexuaren loraldia.

Ahaztu zituzten funtsezko printzipio batzuk: askatasuna ez dela eztabaidatzen, eta gutxiago bozkatzen. Hori ea genero berdintasuna ezarri behar dugun edo ez bozkatzea bezala litzateke, edo euskarak bizirik jarraitzea nahi dugun edo ez. Herri batek bizirik irauteko eskubidea dauka, bere botere propioarekin eta duintasuna egunero borrokatuz era guztietako etsaien aurka. Erabakitzeko eskubidea da ea bizirik jarraitu nahi dugun edo ez bozkatzea bezala. Zalantza dago, ala?

Beste printzipio bat: okupatua izan den herriak ez duela bere zapaltzailearen baimena itxoin behar. "Gure esku dago", eta ondoren Espainiarekin eta Frantziarekin negoziatzen hastea kontraesan mingarria dela, independentzia ezin lortu ahal delako independentzia hori galarazteko sortu eta inposatu zuten sistema politiko arrotz baten baitan.

Beste printzipio bat: sentsibilitate guztien errespetua aldarri zuten, ahazturik dependentzian bizi diren herriek beste ezaugarri bat dutela: menperatuak eta menperatzaileak bizi direla bertan. Horiek ez dira herri baten sentsibilitate ezberdinak, proiektu politiko ezberdinak, bi herri ezberdinen proiektuak baizik. Herri batek bestea indarrez bereganatu duenean bi proiektu existitzen dira soilik gizarte horretan: bata inperialista da, bestea defentsiboa. Kontsultaren bidez inperialismoari ateak irekitzea erru galanta izan zen.

Oraingoz fikzioan soilik lortu du Euskal Herriak bere independentzia, Fermin Etxegoienen Zinegotzia nobela ederrean ikusi digun bezala.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide