Azpeitiko anbulatorioan eskatutako euskara maila duen pediatrarik ez dagoela salatu du UEMAk

Uztarria.eus 2013ko uzt. 11a, 18:39

Udalerri Euskaldunen Manokumitateak oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza errealitatea neurtu du, eta Euskal Autonomi Erkidegoan Mankomunitatekoak diren 57 udalerritatik 28tan euskara hutsean jarduteko arazoak daudela ondorioztatu du. Tartean, Azpeitian.

"Azpeitian eskatutako euskara maila duen pediatra bat bera ere ez" dagoela salatu dute UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek, gaur, osteguna, Donostian egindako agerraldian. "Hori dela-eta, haurrak gazteleraz egitera behartuta daude, medikuarengana joaten direnean", azaldu dute.

UEMAk oinarrizko osasun zerbitzuetako hizkuntza errealitatea neurtu du, eta Euskal Autonomi Erkidegoan Mankomunitatekoak diren 57 udalerritatik 28tan euskara hutsean jarduteko arazoak daudela ondorioztatu du: "Arazo hori duten udalerrietako medikuen %37k eta pediatren %62 dutela Hizkuntza Eskakizuna egiaztatu gabe dute". Osakidetzako 205-2011 Euskara Plana bukatu da, eta plan horren ebaluazioa egin dute: "Planean aurreikusita zeuden aurrerapausoen %30 inguru dira bete ez direnak, eta gaur egun, oraindik, Osakidetzako langileen artean %75ek ez dauka euskara maila egiaztatuta. Egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, gutxienez lehen mailako arreta zerbitzuetan urratsak ematea izan da planaren lehentasuna, eta datuak ez dira onak".

Horrenbestez, "Osakidetzako plan berria diseinatzeko unea iritsi" dela uste dute, eta horretarako udalerri euskaldunek osatzen duten lurgunea hartu behar dela kontuan: "Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzeaz gain, paper garrantzitsua dute gure hizkuntzaren geroan. Beraz, udalerriotan eragin soziolinguistikoa daukan erakunde orok oso kontuan hartu beharreko errealitatea izan behar luke aipatutakoak. Edozein zerbitzu euskaraz emango dela ez bermatzea larria bada, are larriagoa da udalerri euskaldunetan eskubide hori urratzea. Gainera, osasun zerbitzuei lotzen bagatzaizkio, hainbat herritar euskaldunek gaztelaniaz komunikatzeko duen zailtasunarekin egiten dute topo, eta modu horretan, euren intimitate eskubidea ere urratzen zaie nolabait".

Hori dela-eta, "beharrezkoa bezain presazkoa da udalerri euskaldunetan osasun zerbitzuak bere osatasunean euskaraz bermatzea". Horretarako, Euskara Plan sendoa diseinatu eta garatu behar dutela Osakidetzak eta Osasunbideak uste dute: "UEMAK hori horrela izan dadin lan egingo du, eta bi erakundeekin eta beharrezko diren beste hainbatekin harremanak eginez eta elkarlanean arituz".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide