"Esti, orain ere iritsi da ba zuretzat gutun bat…". Aitak hori esanez deitzea baino gauza ernegagarriagorik ez dago. Esan eta isilik gelditzen da, eta ez da azalpen gehiagoren beharrik izaten: bai, multa, isuna. Nik zerbait esan arte isil-isilik egoten da bera telefonoaren bestaldean. Mekauenlaka hasten naizenean ere, errespetuz agoantatzen du errosarioa amaitu arte, eta "beno, hemen utziko dizut marmol gainean" esanez amaitzen du.
Bost eurokoak, hogeikoak, 100ekoak eta 300dik gorakoak… denetarik iritsi zaizkit; gaizki aparkatzeagatik, TAOko papera ez jartzeagatik edo gaizki jartzeagatik, azkarregi gidatzeagatik… Mekauenlaka, hankajokak, eta protestak, ez da giro izan jaso izan ditudanean, baina aitortu beharra daukat, merezita jarri dizkidate gehienak.
Erreklamatzen duen horietakoa naiz. Bai, kontsumitzaileen bulegokoa dirudidala ere esan izan didate lagunek askotan. Telefono konpainietara, finantza erakundeetara, hoteletara…, guztietara deitu izan dut injustuki zerbait kobratu didatela ikusi dudanean. Izan ere, herritartasunaren inguruko ikastaro batean hala erakutsi zidaten: eskubidea ezezik, gure betebeharra ere bada erreklamatzea, hala egin ezean estatistiketan ez delako kexarik agertzen eta erakundeek datu horiek euren mesederako erabiltzen dituztelako.
Eta isunekin ere hala egin izan dut. Ondo dakite inguruko udaltzainek. Pare bat multa kentzea lortu dut, e-mail, paper eta kexa ugariren ondoren. Gehienetan, ordea, "hartu, ordaindu eta ahaztu", hori izan da nire lema isunekin, jakin izan baitut baietz, gaizki egin dudala, azkarregi nindoala, behar ez den lekuan aparkatu dudala, edo dena delakoa. Arauak ez betetzeak hori dauka: arriskatu egiten zara, baina badakizu harrapatzeko aukera badagoela, eta harrapatzen zaituztenean kiroltasunez onartu besterik ez dago.
Aste honetan, inguruko udal batera iritsitako kexa bat erakutsi didate. Herri horretan, kanpoko igerilekuaren inguruko espaloietan aparkatzen dituzte autoak herritarrek. Hala egin dute azken urteetan. Igerilekua herri gunetik hamar minutura dago oinez, 100 metrora aparkaleku handi bat du; baina jendeak espaloi gainean aparkatzen du. Eta multak jartzen hasi da udala, gune hori zahar etxetik gertu dagoelako eta gurpildun aulkiek zein ume kotxeek errepidera irten behar izaten dutelako gaizki aparkatutako kotxeen erruz. 40 euroko isunak jartzen hasi dira, hilabeteren barruan ordaintzeaz 20 eurokoa izango direnak, eta noski, jendea mekaguenlaka eta hanka joka hasi da.
Honela dio herritar horren kexak: "Umeekin egun osoa igerilekuan pasatu dut, eta kotxera iritsitakoan, zer, eta isuna. Badakit gaizki dagoela espaloi gainean aparkatzea, baina mesedez, denok gara herritarrak eta adar jotzerik ez!". Enpatia sortu dit hasieran, pertsona horrek harrapatu zuen suarekin identifikatuta, baina, noski, gero lotsagarria iruditu zait erabilitako argumentua: egun osoa espaloi gainean aparkatu duela esan, gaizki egin duela onartu, eta halere mesedeezzz guztiok garela herritarrak.
Zahartzen ariko naiz, zuzentzen, baina, nire garairik ilegalenean ere, kiroltasunez aritu naizelakoan nago. Arauzaletu egin ote naiz? Karkatu? Edo zentzua iritsi zait, behingoz?