Etxeratek hainbat mobilizazio egingo du "sakabanaketaren ondorioak salatzeko eta gizarteratzeko"

Uztarria.com eta Berria.info 2013ko uzt. 18a, 16:26

Joan den urteko saninazioetan hainbat lagunek hartu zuen parte Etxeratek deitutako kontzentrazioan. (Nerea Uranga/Urola Kostako Hitza)

Besteak beste, eta ohitura den moduan, abuztuaren 1ean, saninazio bigarrenean, elkarretaratzea egingo dute Loiolako Santutegiaren ondoan, 10:00etatik aurrera.

Etxerat, Euskal Errepresaliatu politikoen senide eta lagunak taldeak, hainbat mobilizazio iragarri du datozen asteetarako. Besteak beste, ohitura den gisan, abuztuaren 1ean, saninazio bigarrenean, Loiolako Santutegiaren ondoan elkarretaratzea egingo dute, 10:00etan hasita, eta giza kateak egingo dituzte Euskal Herriko bost hondartzatan (Donostia, Zarautz, Hendaia, Plentzia eta Laidan) uztailaren 21ean. 

Gaur Donostian egindako ageraldian, euskal gizarteari mobilizazioetan parte hartzeko deia egiteaz gain, sakabanaketak senitartekoen "bizitza arriskuan jartzera behartzen" dituela salatu du Etxeratek. Azaldu dute presoen sakabanaketa eta horren ondorioak ez direla senitartekoen erantzukizuna, "ezartzen diguten beharra baizik". Gainera, gogor kritikatu dituzte Angel Yuste Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak ekainaren 25ean Espainiako Kongresuan egindako adierazpenak. Izan ere, sakabanaketaren ondorioz gertatzen diren errepide istripuen erantzukizuna presoak bisitatzera doazenena dela esan zuen agerraldi hartan Yustek.

"Egun, 599 preso politiko daude 79 espetxetan sakabanatuta, eta horietatik hamar soilik daude Euskal Herriko kartzeletan. Preso kopuru handiena etxetik 800-900 kilometrora dago eta, ondorioz, 1.300 kilometro inguru egin behar izaten ditugu astebururo", azaldu dute presoen senide eta lagunek. Horrez gain, sakabanaketak "tentsio eta neke izugarria" eragiten duela adierazi dute, eta horrek ondorio psikologikoak eragiten dituela salatu dute: "Ondorioak askotarikoak izan daitezke, baina lazgarriena heriotza da, eta jada presoen hamasei senide eta lagunek galdu dute bizitza errepidean". Bestalde, ondorio ekonomikoak ere aipatu dituzte, eta Etxerateko kideek esan dutenez, "astebururo, bataz beste, 377,94 euroko gastua suposatzen dio familia bakoitzari; urtean, 19.653 eurokoa".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide