Azpeitiko biztanleen %83,64 zen euskalduna, 2011n

Uztarria.eus 2013ko uzt. 22a, 15:18

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak 2011ko Euskal Autonomia Erkidegoko euskararen ezagueraren inguruko txostena plazaratu du. 2006ko datuekin alderatu dituzte hainbat datu, eta EAEn, 2011n 2006an baino 14.400 pertsona gehiago ziren euskaldunak.

Eustat, Euskal Estatistika Erakundeak, 2011ko datuak eta 2006koak alderatuta, Euskal Autonomi Erkidegoko euskararen ezagueraren inguruko txostena plazaratu du. Txostenaren arabera, euskara ezagueraren bat duen biztanleen ehunekoa %3,3 igo zen (lehen %62,8koa zen) bost urte horietan. Beraz, euskaldunen kopurua hazi egin da, eta 2006. urtearekin alderatuta, 14.400 pertsona gehiago dira euskaldunak. Ia-euskaldunen kopurua ere igo egin zen urte bitarte horretan, eta 82.600 pertsona gehiago ziren 2011n ia-euskaldunak. 

Pertsona euskaldunen lurraldearen araberako azterketa eginez gero, 2011tik Gipuzkoa mantendu da euskaldun kopuruaren ehuneko handiena duen lurralde gisa (%53,3); haren atzetik dago Bizkaia (%31,2) eta gero Araba (%23,9). Ia-euskaldunak kontuan hartuz gero, Gipuzkoan lau pertsonatik hiruk dute euskara-ezagueraren bat, bostetik hiruk Bizkaian, eta bitik batek Araban. Gipuzkoan, gainera, 88 udalerritatik 43tan handitu zen euskaldunen ehunekoa.

Euskal Autonomi Erkidegoak 2.119.586 biztanle zituen 2011n. EAEn euskaldunen (789.439 biztanle) eta ia-euskaldunen (541.562 biztanle) kopurua 1.331.001 biztanlekoa da, eta erdaldunen kopurua, berriz, 788.585 biztanlekoa. Urola Kosta (55.000) euskaldun gehien zituen laugarren eskualdea zen EAEn, Bilbo Handia (205.000), Donostia (139.000) eta Arabako Lautadaren (57.000) ostean. Hori bai, aurreneko hiruak ziren 2011n biztanle kopuru handiena zuten eskualdeak. 

Azpeitiko kasuan, eta 2011ko datuei erreparatuta, 14.015 biztanletatik, 11.723 ziren euskaldunak eta 1.119 ia-euskaldunak. Biztanleen %83,64 eta %7,98 hurrenez hurren, hain zuzen. Azkoitiak, berriz, 11.222 biztanle zituen 2011n, eta horietatik 8.363 ziren euskaldunak eta 1.450 ia-euskaldunak. Euskaldunen ehunekoa %74,52 zen eta ia-euskaldunena, berriz, %12,92 zen.

Etxean zer?

Euskal Autonomia Erkidegoko zazpi biztanletatik batek hitz egiten du euskaraz soilik etxean. Probintziei dagokionez, Gipuzkoa gailentzen da, etxean lautik batek egiten baitu euskaraz bakarrik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide