Azoka Herritik ekimenaren baitan, bigarren eskuko azoka izango da irailaren 20an eta 21ean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2013ko ira. 5a, 14:49

Etxean soberan edo erabili gabe dituzuen gauzak bigarren eskuan salduko al zenituzke?
Gure laguntzarekin, orain duzu aukera! 

Egun bizi dugun krisi ekonomikoak oso egoera zailean utzi ditu herritar asko. Gutxi batzuen neurrira antolaturiko eredu ekonomikoak gehiengoaren kaltea, bazterketa eta eskubideen murrizketa baino ez du ekarri. Zentzu horretan, gehiengo horren elkarlana beharrezkoa izango da aldaketa bultzatzeko.

Aldaketa sakonak behar ditugu justua eta solidarioa izango den gizarte baterantz bidea egiteko. Baina argi dugu aldaketa txiki askoren baturatik etorriko direla aldaketa sakonak. 

Zentzu honetan, Azpeitian bertan, herritarren elkarlanetik eta parte hartzetik, aldaketa horretan eragin dezakegula sinistuak gaude.

Kasu honetan, Azoka Herritik ekimenaren harira, kontsumo ereduaren inguruko gogoeta bultzatu nahi dugu Elkar-ekin taldetik. Nola kontsumitzen dugu? Zein dira gure benetako beharrak? Erabiltzen ez ditugun zenbat gauza ditugu etxean? Zer egiten dugu horiekin? Beharrezkoa al da beti gauza berriak erostea? Eta herritarren artean elkarbanatuko bagenitu?
Galdera horien inguruan denon arteko gogoeta proposatu nahi dugu. Eta honekin lotuta, Elkar-ekin taldetik bigarren eskuko produktuen salerosketari bultzadatxoa eman nahi diogu Azpeitian. Horretarako, aukera egokia dugu Azoka Herritik ekimena.

Nola parte hartu dezakegu bigarren eskuko azokan? Hemen dituzu azalpenak:

- Irailaren 21ean eta 22an izango da Bigarren Eskuko Azoka, eta herritarrok etxean alferrik dituzuen produktuak bertan saltzeko aukera izango duzue, gure laguntzarekin.

- Bigarren eskuko azoka Santiago kalean kokatua egongo da. Gure ondoan egongo dira Bidezko Merkaritzaz arduratzen diren lagunak. Postu hauetan ere material ezberdinak eskuragarri izango dituzue.

- Gu arduratuko gara 2. eskuko produktuak bildu , katalogatu eta saltzeaz. Saltzen ez direnak jabeoi itzuliko zaizkizue Azokaren ondoren.

- Herritarrok nahi duzuen prezioa jar diezaiokezue produktuari, baina zentzuzko salneurria izatea eskatuko genuke. Saltzen den produktu bakoitzetik ateratako %5 Elkar-Ekin taldearentzat geldituko da, eguneroko lan sozialarekin jarraitu eta antzeko ekimenak bultzatzeko.

- Nahi duzuenok zuen postu propioa jartzeko aukera izango duzue azokan bertan, kasu honetan aurrez gurekin harremanetan jarri beharko duzue.

- Produktu asko ekartzen dituzuen herritarroi, azokan, postuan egotea eta inplikatzea eskatuko zaizue.

- Nahi duzuenok aukera duzue zuen produktuak musutruk emateko. Kasu horretan, Elkar-ekin arduratuko da prezioa jartzeaz. Irabaziak gure eguneroko lanean antzeko ekimenak bultzatzeko erabiliko dira.

- Irailaren 9tik 13ra eta 16etik 20ra, herritarron produktuak jaso eta dituzuen zalantzak argituko ditugu, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, Sanjuandegiko Auzo Lokalean eta Soreasuko eraikinean (Sarreran egongo gara).

- Printzipioz ez dugu mugarik jarriko ekarri daitekeenari dagokionez. Zentzuz jokatzea eskatzen dugu, eta, beraz, horrelako dendetan saltzen egon ohi diren produktuak ekar ditzakezu. Produktuak berrerabiltzeko moduan eta txukun egon behar dute. Aurrez jakinarazten bada, erraz konpontzeko moduko matxuraren bat edota axola ez duen kalteren bat izan dezakete. Hori bai, pisu handia duten gauzak (Altzariak, hozkailuak, etab) edota ekartzeko arazoa eman dezaketenak argazki bidez erakutsiko ditugu, eta saltzailea eta interesatua harremanetan jartzeaz arduratuko gara.

- Arroparen kasuan, pertsonako gehienez sei prenda ekartzeko aukera izango duzu. Umeen arroparen kasuan berriz hamar.

Saldu daitezkeen produktuen adibideak:

Janztekoak: arropak, botak, zapatilak, kirol arropa, eta abar.

Etxeko eta brikolajeko tresna elektrikoak: telebistak, DVDak, irratiak, ordenagailuak, hozkailuak, kafeterak, zuku-makinak, bihurkinak (atornillador), zulagailuak (taladro), eta abar.

Aisialdirako produktuak: bizikletak, patinak, baloiak, pilotak, eskiak, lerak (trineo), elurretarako eta surferako taulak, mendirako tresnak, eta abar.

Etxeko osagarriak eta apaingarriak: koadroak, altzariak, aulkiak, antigoaleko objektuak, dekorazioko figurak, mahai-tresneria (cuberteria), ontziteria (vajilla), eta abar.

Bestelakoak: liburuak, haurrentzako jostailuak, mugikorrak, vintage edo retro produktuak, kolekzionismorako objektuak, poltsak, pultserak, lepokoak, eta abar.

Harremanetarako:

Elkarrekin.azpeitia@gmail.com
https://twitter.com/ElkarEkin

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide