Iker Bueno: "Argi eduki behar dugu gure altxorra harmailetan sartzen ditugun 800 lagunak izan behar direla"

Iker Bueno, Iraur SBko talde nagusiaren entrenatzaile berria. (ISB)

Iraurgi SBko entrenatzaile berriak argi dauka Zilarrezko LEB ligan entrenatzeko aukerak ez direla egunero sortzen eta hartu beharreko trena zuela hau.

Dagoeneko badira hiru aste Iker Buenok (Azpeitia, 1988) Iraurgi SBko Zilarrezko LEB ligako taldearen ardura ofizialki hartu zuela. Askorentzat, apustu arriskutsua izan daiteke klubak hartu duena, baina Buenok berak ere argi dauka ezin ihes egiten utzi zezakeen tren bat zela hau eta gaztea izanagatik esperientzia faltarik ez daukala. Aurre-denboraldian murgilduta dago duela bi astetik eta bere lehen sentsazioak ezagutzeko nahiarekin berarekin egon gara.

Iraurgi SB: Nola hartu zenuen lehen entrenatzaile izango zinenaren notizia?

Iker Bueno: Xubi-rekin [Jose Luis Zubizarreta] ia egunero hitz egin dut eta halako batean bota zidan ia nire burua postu horretan ikusten nuen. Nik segituan eman nion baiezkoa, dagoeneko hiru urte neramatzala laguntzaile moduan eta liga ezagutzen nuela esan nion. Niretzako aukera handi bat da, erronka eta erantzukizun handi bat ere bai, baina azkenean gustura hartzen den notizia bat da. Ez daukate entrenatzaile askok bere herriko goi mailako taldean entrenatzeko aukera eta ilusio handiz hartu nuen notizia, indarrarekin eta lehenbailehen hasteko gogo biziz.

Jendeak agian pentsatuko du 25 urteko mutil gazte batentzat erronka handiegia izango ez ote den.

Nik ulertzen dut gauza hori pentsatu ahal izatea, baina dagoeneko hiru urte da Zilarrezko LEB ligako dinamikan nagoela. Amerikarrak izan ditugu, Espainiako mailako jokalari onenetakoak pasatu dira... eta badakit nola funtzionatzen duen ligak, aurkari pila bat ezagutzeko aukera izan dut eta talde bat eramateko orduan ere ikusi ahal izan dut non sortzen diren arazoak eta non ez. Azkenean ikasteko aukera handia izan dut bai bi urtez Iurgi Caminosekin eta baita beste batean Jon Txakartegirekin, eta horrez gain, 15 urterekin hasi nintzen entrenatzaile lanetan... Ulertzen ditut jendearen dudak, baina ez dut gauza txar bat bezala hartzen hori. Nik argi daukadana da taldearekin kantxa gainean egin behar dudala lan.

Proiektua aurrera atera zenean eta esan zizutenean zein jenderekin lan egin ahal izango zenuen, lagundu al zizun erabakia hartzeko?

Egia esan, Zilarrezko LEB ligako proiektu bat eskaintzen dizutenean, ez duzu beste ezertan pentsatzen, derrigorrez hartu beharreko tren bat baita. Etxeko jendea edo kanpokoa izan, nik uste beti baiezkoa emango niola. Hala ere, egia da etxeko jendez inguratuta egoteak motibatu egiten duela. Txiki-txikitatik entrenatu dituzun jokalariak inguruan izatea eta horrelako maila batean, gainera erakutsiz maila horretan joka dezaketela, beti da erronka politagoa. Badakizu kanpotik jokalariak ekarri beharko dituzula ligak eskatzen duen mailara iritsi ahal izateko, baina asko laguntzen du Ibon Guridi, Imanol Zubizarreta edo Joseba Ibargutxi bezalako jokalariak taldean egoteak.

Dagoeneko pasatu dituzu egun batzuk lanean taldearekin. Ze motatako sentsazioak utzi dizkizu?

Aurre-denboraldiko arazoak arazo, taldea gogotsu eta lanean gogor dabilela ikusten dut. Oraindik, baina, taldea osotu gabe dago, jende gutxi gaude eta bigarren taldetik jokalariak igotzen gabiltza; baina gogoak ez dira falta. Talde gaztea da, oldarkorra eta langilea. Aurreneko egunak dira eta agian lortu beharko duguna da, jarrera hau urte guztian zehar mantentzea.

Zure buruari helbururik jarri diozu? Eta taldeari? Iazkoa errepikatzea gutxienez?

Iazkoa atzean gelditu da jada. Taldea ez da berdina eta liga ere ez. Talde gehiago daude eta play-offetan sartzeko talde gehiagoren aurka borrokatu beharko dugula esan nahi du horrek. Nire helburua gutxika-gutxika joatea da. Taldeak ahalik eta hobeen jokatzea eta jokalari bakoitza egunez egun hazten dabilela ikustea. Jarri beharreko lehen helburua da, ligako lehen partida irabaztea, eta gero gerokoak. Denborak esango digu gure maila non dagoen eta gure lanak emango digu play-offetan sartzeko aukera irabaztea edo galtzea. Noski ederra izango litzakeela iazkoa errepikatzea, baina oraindik hasi besterik ez gara egin.

Zer motatako jokoa ikusiko diogu taldeari?

Garbi daukaguna da gure jokoaren identitatea defentsatik hasi behar dugula lantzen. Oldarkortasuna erakutsi eta gero erasoan ahalik eta alaien jokatu. Baina bigarren hau egin aurretik, atzean kontrarioari arazoak sortu behar dizkiogu, bestela oso zaila da guztioi hainbeste gustatzen zaigun joko mota hori erasoan ikustea. Saskiratze errezik ez dut ikusi nahi eta jokalari guztiek lan egiten baldin badute mota horretako jokoan sinetsita, minutuak izango dituztela badakite.

Harmailetan, beraz, ez da aspertzeko motiborik egongo.

Taldeak argi eduki behar duena da gure zaletuak direla gure altxorra eta astean zehar egiten dugun lana harmailak betetzen dituzten 800 pertsonei ahalik eta poz gehien emateko dela. Batzuetan ez dugu irabaziko baina dugun dena eman beharra daukagu, hori delako jendeak baloratzen duena. Gure altxorra etortzen diren 800 horiek dira, eta horietatik asko gure harrobiko mutilak izaten dira eta hauek saskibaloiarekiko duten ilusioa bizirik mantentzen saiatu beharra daukagu. Proiektu hau aurrera ateratzea asko kostatu da eta bizirik jarraitzeko jendearengana iritsi beharra daukagu. Horregatik taldeak identitate eta pertsonalitate propio bat lortu beharra dauka, harmailetako zaleekin bat egingo duen identitate bat.

Eskerrik asko Iker eta benetan, zorterik onena!!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide