Egungo gizarte kontsumista honen ondorioa da horrenbeste zabor eta horrenbeste soberakin sortzea. Gizarteko beharrak baino ondasun gehiago sortzen dugu, sistema horretarako dago diseinatuta, produktuak epe labur eta jakin baterako pentsatuta daude, azkar iraungitzen dira edo modatik pasa, berdin dio jatekoa izan edo ordenagailua edo arropa. Gutxi erabili eta azkar bota. Horregatik igo da horrenbeste hondakinen kopurua, arazo larria bilakatuz.
Prebentzio neurriak ezartzea eta kontsumoko eredu berriak, justizian, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarrituak bultzatzea ezinbestekoa da, biharko eredu berriak eraikitzen hasteko.
Gaurko produkzio sistema ez dago gizartearen beharrak asetzeko pentsatuta egina, sistema kapitalistaren oinarriei jarraituaz gutxi batzuk ahalik eta mozkin gehien ateratzeko baizik. Gaizki deitutako herri "aurreratuek" gehiegizko produkzioa dute (eta gainera gehiago produzitzeko ahalmena), herri "atzeratuek" jateko eskasia eta oinarrizko bitartekoen falta dutenean.
Prebentzio neurriak exijitu behar ditugu, baina geure herriko merkataritzaren antolaketan eta geure eguneroko kontsumo ohituretan aldaketak egiten hastea ere ezinbestekoa dugu.
Zentzu honetan Elkar-Ekinek antolatu duen bigarren eskuko azoka interesgarria deritzat. Goian aipatutako arrazoiengatik eta krisi egoeran gaudenez, ez dugu arduragabeak izan behar gauzak erosteko garaian, non eta nolakoak erosi ondo pentsatu behar dugu eta bestetik solidarioak izan behar dugu, guk alferrik duguna beste bati oso ondo etor dakioke. Beraz etxeko sabaian gordeta ditugun arropa, tresna elektriko, bizikleta, altzari, liburu, etab., garbitu eta kalera ateratzeko une egokia da. Zabortegian bukatu edo behar duen bati eman badago aldea.
Bestalde, erosketa bat merke egiteko leku aproposa izan daiteke, ziur bilatzen duzula aspaldiko irrati politen bat edo mendiko bizikleta, armairu edo bila zenbiltzan gaztetako liburuxka. Zertarako erosi gauza berria lehengoa aprobetxatu ahal badezakezu
Azoka irailaren 21an eta 22an izango da, Done Jakue kalean, eta materiala aurrez jasoko da: Irailaren 9tik 13ra eta 16tik 20ra, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara. Sanjuandegiko auzo lokalean (Bodegillan) eta Soreasuko eraikinean. Zalantzak bertan argituko dituzte.
Bigarren eskuko produktuen azoka, Azoka Herritik ekimenaren baitan dago kokatua. Ekimen hau alde zaharra biziberritzeko asmoarekin antolatutako ekimena da. Azpeitiko ekonomia sustatzeko, bertako ekoizpena bultzatuz, Azpeitian kontsumituz, zuzeneko salerosketa bidez....
Ekimenak egitarau zabala du. Elkar-Ekinek antolatutako bigarren eskuko azokaz aparte, merkatariak egongo dira eta herriko beste talde askok ere parte hartuko du.