Antxieta Arkeologia taldea 1965. urtean sortu zuten Andoni Albizuri Katxo eta Rafael Rezabalek. Azpeitiko Kultur Mahaiko talderik zaharrenetakoa da, 22 taldeetatik bigarren zaharrena —Azpeitiko Musika Banda (1895) da zaharrena—. Gipuzkoako ikerketa arkeologikoa egiteko biltzen da eta ezkutuko lana egiten du: aurkikuntzak topatu, aztertu, sailkatu eta eskumenak dituen Gipuzkoako Foru Aldundiari ematen dizkio emaitzak.
Ez dira nolanahiko emaitzak izan ia 50 urte hauetan. Nagusienak dira, Ekaingo koba (Goi Paleolitikoa, Zestoa/Deba), Errailla (Goi Paleolitikoa, Aizarna-Zestoa), Arnailleta (Behe Paleolitikoa, Errezil), Irikaitz (Goi Paleolitikoa eta Behe Paleolitikoa, Zestoa) eta Urkulu (Erdi Paleolitikoa, Lastur). Bestelako hainbat aurkikuntza ere egin dituzte, denak isilean, esanda bezala. Azoka Herritik asteburuan, ordea, Antxieta taldea eta honen lana gertuagotik ezagutzeko aukera izango dugu, zapatu arratsaldean. Plaza Txikian, erakusketa txiki bat jarriko dute, eta Azpeitian egin dituzten aurkikuntza batzuen berri emango digute, esposizio bidez.
Eta horrez gain, arkeologiako tailerra ere emango dute, Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoaren laguntzarekin.
Sua, tresnak eta jaurtiketak
Tailerraren baitan hiru erakustaldi eta praktikarako bide emango dituzte. Suarekin hasiko dira, eta aitzina nola pizten zuten erakutsiko du Tapiak. Bi modutara egiten zuten; batetik, igurtzi bidez, egurra egurrarekin higatuz eta, bestetik, ardagai (perretxiko mota bat) lehorraren hautsa eta bi suharriren talkak erabilita. Nahi duenak probatu ahal izango du sua sortzeko gai den. Suharrizko pieza horiek landu egiten zituzten eta horren erakustaldia ere egingo du.
Eta ehizarako erabiltzen ziren bi tresna ere ezagutu eta probatu ahal izango da. Hiru jaurtiketa mota egongo dira. Lehendabizi, lantza bere horretan; bigarrenik, lantza propulsore bidez —eta asmakuntza horren demostrazioa ere emango du—; eta azkenik, arku bidezko gezi jaurtiketa.
Zapatuan, 16:00etatik 20:00etara bitartean egongo da Antxieta Arkeologia taldearen postua Plaza Txikian.
Antxieta Arkeologia Taldea. Sorrera: 1965. / Gipuzkoako ikerketa arkeologikoa egiteko biltzen den taldea da. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak