Ekonomia etxetik suspertuz

Urola Kostako Hitza 2013ko ira. 19a, 20:18

EgaƱa gozotegiko erakusleihoa ere propio apaindu dute Azoka Herritik-i begira.

Bihartik (ostirala) igandera kalea izango dute bizitoki Azpeitiko dendari, baserritar, artista eta bestelako eragileek, Azoka Herritik egiteko. Egitarau zabaletik lau proposamen zehatz bildu ditu Hitza-k irakurleentzat.

Datuak argiak dira. Azpeitian langabezia %17,1 izatera iritsi da aurtengo abuztuan. Konparazio batera, Gipuzkoakoa baino 2,9 puntu altuagoa da (%14,2 da herrialdean). 1.165 azpeitiar lanik gabe egoteak eragina du herri barruko kontsumoan; merkataritzan eta ostalaritzan, kasu. Baita animoetan ere. Egoera latz horren aurrean, ideia deigarria izan dute Azpeitiko Alde Zaharra Biziberritzeko Mahaian: urteroko Erdi Aroko Azoka egin beharrean, herriko azoka egitea. Eta horrela sortu dute Azoka Herritik egitasmoa. "Bertan kontsumitzea bultzatuz, Azpeitiko ekonomia sustatzea du helburu azokak". Asmo horrekin, atxikimenduak eta bide lagunak ere lortu ditu Alde Zaharreko Mahaiak; Elkar-ekin mugimendua, Bertan merkatari elkartea, Kultur Mahaia, Sanagustin kulturgunea, Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea, Urkome eta Azpeitiko Udala, hain zuzen ere.Eta horien barruan, dozenaka baserritar, dendari, artisau, ostalari eta kultur eragile.

Era guztietako ekitaldiak zain

Bihar 17:00etan hasi eta igandeko 20:00ak bitartean, era guztietako ekitaldiak egingo dituzte Azpeitian. Azokak, tailerrak, ikuskizunak, erakustaldiak... Azpeitiarrek ez dute erraza izango aukeratzen, baina Urola Kostako Hitza-k arrasto batzuk eman nahi ditu. Egitasmoan parte hartzeko prest azaldu diren herriko lau eragile edo arlotako kideak dira Nerea Zabala eta Maddi Mujika (Itsasi Kultur Elkartea), Juan Mari Ibartzabal (Azpeitiko Argazki Elkartea), Mitxel Igarataundi (Kimu Bat) eta Inazio Egaña(Pastelak elkartea eta Egaña gozodenda).

Erreportaje osoa irakurgai dago Urola Kostako Hitza-ren Arkupean gehigarrian, eta urolakosta.hitza.info webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide