Joxean Agirre: "Banekien klandestinitatearen gaiak izan behar zuela ardatza, asko markatu gintuen gaia izan zelako"

Elkarren Postdata bloga 2013ko urr. 1a, 13:26

Joxean Agirrek gaur auzkeztu du 'Adiskide bat nuen' eleberria. (Ilargi Agirre)

Joxean Agirre (Azpeitia, 1949) idazle azpeitiarrak Adiskide bat nuen eleberria kaleratu berri du, eta gaur, asteartea, aurkeztu du Donostiako Elkar aretoan. Bere lanetan aurki ditzakegun ezaugarriak ere topa daitezke eleberri honetan: hizkuntza jolasti eta dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa, erotismo bizizale eta sentsuala...

Klandestinitatea da eleberriaren ildoa. Zergatik?

Gure belaunaldia markatu zuten gai batzuei heltzeko gogoa sentitzen nuen eta banekien klandestinitatearen gaiak izan behar zuela ardatza, asko markatu gintuen gaia izan zelako. Gure belaunaldia diodanean aspaldiko kontuez ari naiz, 68an gazteak ginen belaunaldi bati buruz, alegia. Laburtuz, diogun erbesteari eta  klandestinitateari buruzko kontakizuna dela nagusiki nobela eta gai nagusi hori jorratzeko adiskide biren arteko harremanetan oinarritu naizela. Diodan bidenabar klandestinitatea berez dela gai oso literarioa, joko asko ematen duena.

Kontatzen duzun istorioa egiazkoa izan liteke, baina fikziotik ere badu.

Nik Parisen, 69tik aurrera, euskal erbesteratu mordoxka ezagutu nuen. Gutxi batzuek gerra ondoko erbesteratuak ziren eta gehienak bigarren erbestealdikoak eta hauen artean ETAkoak ziren nagusi. Erakunde horretako kide batzuk sekulako dohainak erakusten zituzten beren bizimoduari buruzko zertzeladak kontatzen hasten zirenean. Adibide bat jartzearren, garai hartako bahiketa bati buruzko kontakizuna datorkit gogora eta film bat egiteko modukoa zen. Bizimodu dramatikoa bizi zuten, baina artean ez zuten espainiar poliziak gerora iheslariei ezarri zien kontrolik eta erbestean bederen giro lasaixeagoan bizi zirela esango nuke. Eta beren kontuak kontatzen hasten zirenean, san bezala, gauzak esajeratzeko joera zuten. Literatura egiteko asko balio duen joera da hori. 

Zer lortu nahi izan duzu fikziora salto eginez.

Ez da inondik inora nobela errealista bat. Ez nuen militante baten biografia bat idatzi nahi. Historiak ere araka dezake errealitate enpirikoa. Kazetaritzak ere eman dezake errealitatearen lekukotasuna. Literaturaren egitekoa beste bat dela uste dut: errealitateari zirriztu batzuk aurkitzea, begiratzeko beste modu bat erakustea, batzuetan ihesbideak proposatzea, gordeleku bat… luze joko liguke kontu horrek.

Kizkitza Larretxea kazetariak egindako elkarrizketa osorik Elkarren Postdata blogean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide