'Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat' lemapean manifestazioa deitu dute azaroaren 9rako

Uztarria.eus 2013ko urr. 1a, 20:45

Manifestua eta manifestazioa aurkezteko agerraldia egin zuten ostiralean.

Elkar-ekin taldeak gonbidatuta, herriko eremu ezberdinetako talde eta norbanakoak batu dira ekimenera. Atxikimendu gehiagoren bila, manifestua plazaratu dute. "Batetik, herri mailan alternatiba berriak eta solidarioak eraikitzen joatea garrantzitsua dela uste dugu. Eta honekin batera, herritarren artean hain orokortua dagoen kezka kalean erakusteko beharra ere handia da une hauetan", diote antolatzaileek.

"Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan". Horrela dio Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat manifestuaren aurreneko paragrafoaren azken esaldiak. Herrian bizi den egoeraz "kezkaturik", Elkar-ekin taldeak gonbidatuta eremu ezberdinetako talde eta norbanakoek bat egin dute adierazpenarekin. Manifestuaren lelo berdinarekin manifestazioa deitu dute azaroaren 9rako, eta ordurako atxikimenduak gehitzeko lanean ari dira.

Azaroaren 9ko mobilizazioa 18:30ean izango da, plazatik abiatuta. Ondoren, 23:00etan, Sanagustin kulturgunean kontzertua emango du Lin Ton Taun eta Malder taldeek. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Aurrez erosten dutenek bost euro ordaindu beharko dute, eta egunean bertan erosten dutenek, berriz, zazpi euro.

"Ez gaude geldirik egoteko"

"Egoera zaila izanagatik ez gaude geldirik egoteko. Azoka Herritik izan da esaten ari garenaren adibiderik argiena. Ekimen horrek gauzak beste modu batera antolatu daitezkeela erakutsi digu, eta herritarren arteko elkarlanetik bide berriak jorratu ditzakegula ikusi dugu", azaldu zuten ekimeneko partaideek manifestua aurkeztu eta azaroaren 9rako deia luzatzeko agerraldian. Elkarlanaren balioa aldarrikatzen dute; "oinarrizkoa" dela uste dute, "bizi dugun egoera iraultzeko. Batetik, herri mailan alternatiba berriak eta solidarioak eraikitzen joatea garrantzitsua dela uste dugu. Eta honekin batera, herritarren artean hain orokortua dagoen kezka kalean erakusteko beharra ere handia da une hauetan". Horregatik ekin diote mobilizazioa prestatzeari.

Manifestua

Hona hemen azaroaren 9ko mobilizaziorako prestatu duten adierazpena:

"Pertsona asko momentu zailak bizitzen ari gara Azpeitian. Ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak diren honetan gero eta gehiago dira langabeziara, prekarietatera, etxea galtzera eta bazterketara kondenaturik gaudenak. Baina arazoa ez da herritar zehatz batzuena. Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan.

Ez da ulergarria gizartearen gero eta zati handiagoa txirotasunean bizi den bitartean, botere ekonomikoa maneiatzen duten politikari, enpresari handi eta banketxeetako nagusiek sekulako dirutzak irabazten jarraitzea. Bata bestearen emaitza da, noski. Gutxiengo baten onurarako antolaturiko eredu ekonomikoak gehiengoaren galera dakar. Eta honek ezin du horrela izan.

Egunerokoan ikusten eta entzuten ditugun egoerek sakoneko aldaketaren beharra inoiz baino ageriago uzten dute. Argi dugu, halaber, aldaketa hau ez dela bere kabuz etorriko. Aldaketa etorriko da baldin eta herritarrok elkartu eta horren alde egiten badugu. Albokoari laguntzea eta elkartasuna indartzea inoiz baino garrantzitsuagoak direla uste dugu. Baina honekin batera, egoera honen arduradunei ozen erakutsi behar diegu aldaketa nahi dugula.

Gizartean hain orokortua dagoen kezka eta ezinegona denon artean bideratzea beharrezkoa izango da zentzu honetan.

  • Ekonomia herritarren beharren neurrira antolatu behar da, ez gutxi batzuen interes ekonomikoen neurrira.
  • Justua, solidarioa eta jendea ondo bizitzeko pentsatua dagoen eredu ekonomiko bat aldarrikatzen dugu, gure herritik hasita.
  • Prekarietate egoerekin, kaleratzeekin, desjabetzeekin, murrizketekin eta mota guztietako eskubide urraketekin amaitzea eskatzen dugu. Zehazki, gure herrian ematen ari diren egoera zehatz hauei konponbide justu bat aurkitzeko eskaera egiten diegu erakunde, banketxe eta enpresari handiei.
  • Erakunde publikoek herritarren eskubide sozialak bermatzeko neurriak hartu behar dituzte. Bereziki, muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei irtenbide justuak eta duinak berehala eskaintzea beharrezkoa da.
  • Bai Azpeitian, bai Euskal Herrian, tresna propioak behar ditugu ekonomia herritarren beharren arabera antolatzeko. Erabakitzeko ahalmena herritarrok izatea beharrezkoa dela uste dugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide