Fatxada

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitzako 'Arkupean'-en 2013ko urr. 3a, 13:17

Zinezalea naiz. Zinea oso gustuko dut. Azkenaldian, egia esan, ezin izan diot nahi beste denbora eskaini. Hala ere, pasa diren asteetan denbora errekuperatu dudala esango nuke. 
 
Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak aukera hori eman dit. Ez naiz izan ni zinemaldi horren oso aldekoa. Oso zinemaldi elitista izan dela esango nuke, baina zuzendaritza aldaketak on asko egin dio proiektuari. Jose Luis Rebordinosen agindupean leihatilako zinema komertzial eta ikusleen gustura gehiago egokitzen diren film motetara gerturatu da Zinemaldia. Gainera, horren erakusgarri nagusi dira zine aretoen kanpoko aldean sortu diren ilara luzeak edota zein azkar agortu ziren film askotako txartelak.
 
Hala ere, horrelakoek beti ematen dute aukera kritikatzeko, gizartearen alde ilunak ateratzeko, aldarrikapenak egiteko… Eta uste dut euskal zinemak ez duela aukera hori galdu.
 
Euskal egileen dokumentalak ikusi nituen. Esaterako, Donostiako 200.urteurrenaren dokumentala, ETB Galan aurkeztu zutena; Iruñeko entzierroen inguruan 3Dn egindako dokumentala, non Azpeitia ere azaltzen den segundo batzuez; behar bada gehien hunkitu nauena, Alardearen seme-alabak deituriko dokumentala. Jone Karresek eta Eneko Olasagastik zuzendutakoa.
 
Filmak Irungo eta Hondarribiko alardeen gaia lantzen du. Zehazki, emakumeek haietan jokatu izan duten papera eta ohiko partaide moduan parte hartzeko izan duten arazoak. Oso irudi gogorrak agertzen dira, lekukotasun harrigarriak, oilo ipurdia jartzen duten adierazpenak… Dokumentala ikusi bitartean, sentimendu kontrajarriak sortzen zaizkizu barrenean. Batzuekin beste batzuekin baino identifikatuago sentitzen zara, Poliziaren ekintzekin asaldatzen zara, politikoen ganoragabetasunak haserretzen zaitu…
 
Ez dakit, beharbada, filmaren esaldi batekin geratuko naiz: "Alardean gertatzen dena ez da arazoa, arazoa gizartean dago, alardean gertatutakoa matxismoaren sintoma hutsa da". Egia da. Lotsagarria izan beharko luke guztiontzako XXI.mendean horrelako egoerak gertatzea Euskal Herrian. Nik horrela ikusten dut, lehen mailako eta puntako herria garen honetan tradizioaren izenean batzuetan, bestetan beste aitzakia batzuekin, emakumea baztertzen dugu. Ez da bidezkoa.
 
Saiatzen gara saltzen berdintasunean hezitako gizartea dugula, hartutako neurriek bere helburua bete dutela, etorkizuneko belaunaldiak aske eta berdintasunean biziko direla… Hori sinestarazi digute, baina egia da?
 
Ez dakit, nik uste fatxada dela dioguna. Horrelakoetan ikusi ditzakegu erantzunak. Karresen eta Olasagastiren dokumentalean aipatzen da kanpokoek ezin dugula ulertu alardearen gaia, guk ez baitugu barrutik bizi, ez baitugu sentitzen. Egia da, Azpeitian antzerako zerbait gertatzen da, baina horrek ez du matxismoa eta alardean gertatzen den indarkeria justifikatzen. Azpeitian emakumeak ateratzen dira danborra jotzen danborradan. Zenbait taldeetan aspaldi, beste batzuetan orain gutxitik, baina denetan daude emakumeak. Eta benetan diot, ez dut uste horrek jaia izorratu duenik, aberastu baizik.
 
2013ko urriaren 3an Urola-Kostako Hitzan argitaratua

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide