Amaieraraino borrokan, baina fruiturik ez

Azkoitia Azpeitia ISBko jokalariak eta entrenatzailea.

Bigarren laurdenean egindako akatsek oso alde jarri zute markagailua etxekoentzat eta saiatu arren, azkenerako ezin izan zioten buelta eman partidari Azpeitia Azkoitia ISBkoek.

Azpeitia Azkoitia ISBko jokalariek ilusio handiz hartu zuten herenegun Guadalajarara eramango zituen autobusa, denboraldi berri bati hasiera onena eman nahian. Baina bigarren laurden eskas batek denbora osoan markagailuaren kontra borroka egitera eraman zituen. Jokalariek ondo ikusi zuten akatsak garesti ordaintzen direla Zilarrezko Adecco ligan, baina barruan zuten guztia emanda, partidari buelta emateko puntuan egon ziren, eta jarrera hori txalotzekoa da. Izan ere, denboraldi hasiera zail honi aurre egin ahal izateko modu bakarra izango da hori.

Iker Buenok, aurredenboraldian zehar nahiko ohikoa bihurtu duen bostekoa atera zuen kantxara, Arrutiren ordez Lander Lasa kantxaratuz, eta ondo irten zitzaion, Tolosakoak hiruko batekin estreinatu baitzuen San Jose kiroldegiko markagailua. Ideiak argi zituzten Iraurgikoek, defentsa sendoa egiten saiatu eta eraso azkarrak antolatuz. Partidako erritmoa euren alde jarri nahi zuten eta baita lortu ere, modu honetara markagailuan agintzen jarri zirelarik. Javi Juarezek segituan eskatu behar izan zuen bere lehen hutsartea eta Guillenen eskutik etorri zen erreakzioa, markagailuan lehenengo aldiz aurretik jarriz.

Erritmo azkarrak askotan akatsak ekartzen ditu berarekin eta hori gertatu zitzaien ISBkoei, huts askotxo egin baitzituzten hasierako minutuetan, etxekoei aukera bat edo beste emanez markagailuan agintzen jartzeko. 8 eta 0ko partziala jasota Iker Buenok ere hutsartea eskatu behar izan zuen. Etxekoek aurretik amaitu zuten lehen laurdena, baina ez zuten alde handirik hartu behintzat: 13 eta 11. Baina, Guadalajarak ordura arte lortu ez zuena, bigarren laurden hasieran lortu zuen: markagailuan aldea zabaltzea. Uclés ahalegindu zen Javi Juarezen taldearen aldea murrizten, baina Edu Guillen oso nagusi izan zen taula azpian eta gainera gipuzkoarrak faltaz betetzen hasi ziren. Aldeak behera egin beharrean gora egin zuen eta markagailuan bikoiztera iritsi ziren gaztelarrak (30-15, 18. minutuan). Azpeitia Azkoitia ISB ezinean zebilen.

Atsedenalditik bueltan aldea murrizten hasi nahi izan zuten gipuzkoarrek. Assalit protagonismo nahian azaldu zen eta Zyle eta Lasa puntuak jartzen ahalegindu ziren, baina huts bakoitza zigortzen jakin izan zuen Guadalajarak eta 12 puntu goitik mantendu zen une oro. Azpeitia Azkoitia ISBko joko antolatzaileak baina ez zuen Zilarrezko Adecco ligan bere debuta horrelako porrot argi batekin hasi nahi ordea, eta bere taldea erreakziorantz bultzatu zuen.

Uclésen laguntza topatu eta 4 puntura gerturatu zuen Iraurgi. Lander Lasa ere bere pisua erakusten hasi zen gutxika-gutxika eta bere saskiratze bati esker 43 eta 41 amaitu zen hirugarren laurdena. Bazirudien gipuzkoar kolorea hartzen hasia zela neurketa. Iker Buenorenak sinesten hasiak ziren jada, baina agian gehiegi sinetsi zuten, Lázarok bi hiruko jarraian sartuta erreakzioa bertan behera utzi baitzuen. Bazirudien etxekoek neurketa erabakita utziko zutela, baina Azpeitia Azkoitia ISBren azken hitza esateko zegoen oraindik. Pape Sow-k 5 puntu jarraian sartu eta markagailua estutu zuen berriz. Amaiera arte borrokan jarraitu zuten Iker Buenorenek. Harmailetan izu pixka bat ere zabaldu zuten momentu batez, baina Guillenek ez zuen huts egin azken jaurtiketa libreetan eta azkenean 65 eta 61 irabazi zuen CEBA Guadalajarak.

Datorren igandean beste aurkari zail bati egin beharko dio aurre Azpeitia Azkoitia ISBk etxeko lehen partidan: Ola Atoyebiren Amics Castelló etorriko da Azpeitiko kiroldegira.

Saskiratzaileak: (13-11/34-21/43-41/65-61)

CEBA GUADALAJARA: Solé (3), Duran (2), Guillen (14), Martin (6) eta Salsón (16) –hasierako bostekoa- Lázaro (10), Medori, Vidal (5), Kiknadze, Kouril (9) eta Gonzalez.

AZPEITIA AZKOITIA ISB: Assalit (10), Zyle (11), Guridi (3), Lasa (15) eta Sow (9) –hasierako bostekoa- Arruti (2), Uclés (14), Zubizarreta, Ibargutxi, Barberena eta Alberdi.

MVP: Edu Guillen (22)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide