Tantaz tanta euskal presoen eskubideen alde

Erabiltzailearen aurpegia Herrira 2013ko urr. 8a, 11:45

Astebete pasa da Herrira mugimenduaren aurkako polizia operazioa burutu zutenetik, 18 euskal herritar atxilotuz, horien artean Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra. Zorionez kalean dira guztiak eta ezer baino lehen gure besarkadarik beroena helarazi nahi diegu.

Auzipetuak, espetxetik libre gelditu dira, baina auzitegietatik ez. Ez dira erabat aske gelditu: inputatuta jarraituko dute, pasaportea kendu diete, eta hamabostero joan beharko dute polizia etxera, sinatzera. Euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egindako lanagatik, "talde terroristako kide" izatea egozten die, presoei ongietorriak prestatzeagatik "terrorismoa goratzea", baita "erakunde armatua finantzatzea" ere. 

Eta ez hori bakarrik, Herrira-ren jarduera debekatu du epaileak, "badaezpada", gutxienez bi urterako. Herriraren egoitzak itxi dituzte, Twitterreko beste 32 kontu, 38 webgune eta Facebookeko 125 kontu inguru ixteko agindu du epaileak. Baita Herrira-ren diru kontuak ere. 

Presoen eskubideen errespetuaren aldeko euskal jendartearen gehiengo zabalaren aldarrikapena kaletik ateratzeko saiakera bat izan da polizi operazio hau. Euskal presoei dagozkien eskubideen aldarria kriminalizatu eta desagerrarazi nahi du Estatu espainiarrak. Euskal gizartearen gero eta esparru zabalagoa euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen alde lerrokatzen den momentu honetan, lan hau kriminalizatzea dute helburu.

Euskal Herri osoaren aurkako operazio bat izan da hau, konponbide eta bakearen aurkakoa. Ikusi besterik ez izan duen erantzuna, herri bezala erantzun zabal zein irmoa emateko gai izan gara. Azpeitian bertan, ideologia desberdinetako herritarrak bat egin eta Herriraren aurkako erasoa salatu eta Eneko eta bere senide nahiz lagunekiko elkartasuna adierazi zuten hainbat mobilizazioetarako dei eginez. Txalotzekoa, bide horretan ezberdinen artean elkar ulertuz eta eskubide urraketak salatuz, tantaz tanta egin behar dugu bidea. Zer esanik ez, pasa den larunbatean Bilbon 65.000 tantek osatutako olatuaz.

Aro berri honetan, bake justua lortzeko aukera hain gertu sentitzen dugun honetan, etxean nahi ditugu preso eta iheslari guztiak. Etxean nahi ditugu euskal preso eta iheslari politikoak, zauri guztiak senda ditzagun, garai ilunenak atzean utz ditzagun, herri honen etorkizuna denon artean eraiki dezagun.

Gure ustez, bizi dugun egoera honetan kartzelak husteko garaia da eta ez horrelako gertakariena. Inoiz baino gehiago gure lanean jarraituko dugu eta herritar guztiak gurekin batera bidea egitera deitzen ditugu.

Tantaz-tanta, olatuz-olatu euskal presoen eskubideen aldeko itsasoa osatu dezagun!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide