Norberak bere "papera" aurkitzeko gonbitea luzatu du Atzegik aurtengo kanpainan

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2013ko urr. 8a, 19:22

Urola Erdiko Atzegiko kideek Txolarten aurkeztu dute kanpaina.

Aurten bailaraz bailara aurkezten ari dira urteroko sentsibilizazio ekimena. Urola Erdiko atzegizaleak atzo, astelehena, elkartu ziren Azpeitiko Txolarteren egoitzan, Atzegin guztiok dugu papera. Aurkitu zeurea! leloa duen kanpainaren berri emateko. Besteak beste, bederatzi bideo prestatu dituzte, Joseba Huegunen hau tartean.

Atzegi adimen urritasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteak sentsibilizazio kanpaina abiatu du Gipuzkoan. Urriaren 7tik 11ra egingo dute kanpainaren zabalkundea eta, ekitaldia nagusia urriaren 9an Donostian egingo badute ere, aurten eskualdez eskualde ari dira aurkezpenak egiten.

Urola Erdikoa atzo, astelehena, egin zuten Azpeitian, Txolartek Perdillegi kalean duen egoitzan. Atzegin guztiok dugu gure papera. Aurkitu zurea! izenpean hasi dute egitasmoa elkarteko kideek, eta herritarrei dei egin diete euren alea jar dezaten. "Gizarte hau guztion artean osatzen dugu, eta gutako bakoitzak badu zer eskaini. Senide bazara ala ez, urritasunik baduzu ala ez, denbora libre asko edo gutxi izan, edonongoa izanik, gizon edo emakume, ikasketak eduki edo ez... Zuk ere aurkitu dezakezu zure papera Atzegin", dei egin dute Urola Erdiko Atzegiko kideek prentsaurrekoan.

Bailarako ordezkariek azpimarratu dute adimen urritasuna dutenentzat "oso garrantzitsua" dela "ezagutzen, kontuan hartzen eta behar dutenean laguntzen" dieten ingurunean bizitzea. Horien arabera, urritasuna izateak baino, "ingurune desegokian" bizitzeak sortzen ditu zailtasunak.

Hori hala izanik, adimen urritasuna dutenei laguntzeko askotariko proposamenak helarazi ditu elkarteak; besteak beste, adimen urritasuna dutenekin denbora librea partekatzeko, erosketak egiteko edota kirola egitera joateko aukera dagoela jakinarazi dute. Gainera, gogoratu dute horietako batzuk seniderik ez dutela, eta beharra areagotu egiten dela halakoetan. Horrez gain, elkartearen jarduna zabaltzeko sare sozialak erabiltzea, kartelak pegatzea eta herriko osasun zentro eta gizarte zerbitzuetan beren eskuorriak egon daitezela bermatzea proposatu diete herritarrei. Era berean, ikastetxeetan sentsibilizazio hitzaldiak emateko lagundu dezaketela eta adimen urritasuna dutenek laneko praktikak egiteko lekua bilatzen lagundu dezaketela azpimarratu dute. Ekonomikoki laguntzeko aukera ere badute. "Aukera desberdinak daude laguntzeko. Inork bere zeregina aurkitzen ez badu, guk lagundu diezaiokegu aurkitzen", gaineratu dute.

Kanpainaren ildoa

Sentsibilizazio kanpaina bederatzi lagunen bizipenetan dago oinarrituta; enpresari, irakasle, mendi-elkarteko kide, erizain, adimen urritasuna duen pertsona, erretiratu, kazetari, haur eta autobus gidari batek beren kasua kontatzen dute. Bakoitzaren istorioa kanpainarako prestatu dituzten bederatzi bideoetan ikus daiteke eta bideoak Atzegiren webgunean jarri dituzte.. "Guztiek zeregin desberdina dute, baina guztiak dira garrantzitsuak". Elkartearen esanetan, pertsona horiek adimen urritasuna dutenen bizitza hobetzen laguntzen dute; "ziur gaude jende askok bere papera izan nahi lukeela, baina ez dakiela nola egin. Aukera desberdinak eskainiko dizkiegu, beren denboraren, zaletasunen edota lanbidearen arabera".

Urola Erdian Atzegiko bazkide diren 91 familia daude, eta 57 bazkide kolaboratzaile dituzte, ekonomikoki laguntzen dutenak. Era berean, 693 atzegizale ditu elkarteak, Txolarteko boluntarioak barne.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide