Enpresa topaketak egingo dituzte bihar, osteguna, Tecnaliaren Azpeitiko egoitzan

Urola Kostako Hitza 2013ko urr. 9a, 19:00

Egur eta altzari sektoreko bailarako enpresek hartuko dute parte, eta pertsona adinduentzako eta urritasun fisikoren bat dutenentzako sektorearen azken joerak aurkeztuko dituzte.

Iraurgi Berritzenek, Urola Kostako Udal Elkarteak eta beste hainbat eragilek sustatuta, egurraren eta altzarien sektoreko topaketak egingo dituzte bihar, osteguna, Tecnaliak Azpeitian duen egoitzan (lehengo Cidemco-n).

Urola Garaiko, Urola Erdiko eta Urola Kostako egur eta altzari sektoreetako enpresa eta langileei zuzendutako topaketak dira, eta pertsona adinduentzako eta urritasun fisikoren bat dutenentzako sektorearen azken joerak aurkeztuko dituzte, antzemandako beharretatik abiatuta. Antolatzaileek uste dute etorkizunean kolektibo horiek "potentzial handia" izango dutela, eta horren aurrean merkatu aukerak identifikatuko dituzte biharkoan; era berean, adibide praktikoak ezagutuko dituzte.

Sektorearen dibertsifikazioa

Urolako eskualdeko "jarduera nagusietako bat" egur eta altzari sektoreari zuzenduta dagoela azpimarratu dute antolatzaileek: "Etxe barneko nahiz kanporako altzarien ekoizpenetik hasi, eta eraikuntzarako egitura eta materialen produkzioa egiten duten enpresetaraino daude eskualdean". "Momentu honetan, pertsona adinduen eta urritasun fisikoa dutenen segmentua, sektorearen dibertsifikaziorako aukera gisa identifikatu da". Hori hala, produktuak bezero mota horren behar zehatzetara egokitzeko premia azpimarratu dute.

Enpresen topaketak 09:00etatik 13:00etara izango dira Tecnaliak Azpeitian duen egoitzan, Anardi Arean. Enpresek doan parte hartu ahal izango dute, baina horretarako aldez aurretik izena eman behar dute, 943851100 telefonora deituta.

Programari dagokionez, lehenengo aurkezpen teknikoak egingo dituzte; bertan, gizartearen azken joerak eta beharrak, sektorearen dibertsifikazio aukerak, eta pertsonalizazioa eta bezeroekiko orientazioa landuko dituzte. Esperientzia praktikoen txandan, berriz, etxeko merkatu aukerak, etxeko irisgarritasuna, atal praktikoak eta ondorio nagusiak jorratuko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide