Jubilatu eta langabetuentzat baratza ekologikoak

Imanol Agirre (Baigera Jubilatuen Elkarteko kidea) 2013ko urr. 10a, 11:32

Pertsona askoren ametsa jubilatutakoan baratza bat edukitzea izan ohi da. Bizitzako lan aroa bukatu eta bakoitzaren afizioen arabera aldi berria ondo planifikatzea garrantzitsua da. Aurrez egiterik izan ez dituen zenbait gauza egiteko une egokia izan daiteke. Etxeko lanak egiteaz gain, ondo merezitako aisialdia aprobetxatzeko garaia da. Urteak azkar doaz eta osasuna zaindu beharra dago, kirola patxadaz egin, bidaiatu, lagun berriak ezagutu, mokadu goxoak egin edo baratzetxo bat zaindu izan daitezke, beste askoren artean, aukera batzuk.

Azpeitian lehendik ere bazituen udalak 45 baratza jubilatuei emanak,180 m² bakoitza. Orain beste 100 baratza inguru jartzeko asmoa du. Ideia lehendik zetorren, baina aurtengo udan Mahai Sozialeko bileratan gorpuztu zen gehien. Datorren urteko udaberrian landatzen hasteko moduan izango dira eta Ikasberriren eta Olatzeko komentuaren artean egongo dira kokatuta.

Oraingoak neurri txikiagoa dute, batzuk 30 m² izango dituzte eta besteek 60 m². Horiek hilero zazpi euro ordaindu behar dira eta txikiak 3,50 euro. Jendeari aukera gehiago emateko egin dituzte txikiagoak. Kaletar petoa izanez gero, noiz, zer, eta nola landatu, zer ongarri bota, eta abar jakiteko Ekoguneak baratza ekologikoei buruz antolatzen dituen ikastaroak hartzera derrigortuta egongo dira eta etenik gabeko ikuskaritza jasoko dute.

Oraingoek duten berezitasunetako bat da, langabetuek ere parte hartu dezaketela. Izan ere, langabeziak gogor jo du gure herria azken urte hauetan, eta gazte asko aspertuta dago bidalitako Curriculum mordoaren erantzunaren zain. Edadean aurrera, baina jubilaziora iritsi ezinda harrapatu ditu beste asko. Horien egoera ere ez da xamurra, familiako gastuez gain kotizatu beharra dute-eta.

Baratzarena ez da soluzioa izango, baina etxean egotea azkena da. Zenbaitentzat entretenigarri gerta daiteke, edo irtenbide bat langabeziaren zulo beltzean. Bien bitartean eurek landatu eta zaindutako barazki sanoak jateko aukera izango dute behintzat, eta ez da gutxi.

Bestalde, baratzeek ekologikoak izan behar dute, guztiz. Alegia, lurra kutsatzen duen ongarri kimikorik ez da onartuko eta, bertako produktuekin egindako erremedio naturalak erabiliko dira izurri eta gaixotasunen aurka. Ingurua kaltetzen duen oro debekatua egongo da, baita itsusia egiten duena ere. Negutegirik ezingo da instalatu, soberakinak erretzea galarazita egongo da, eta horiek konposta egiteko erabiliko dira. Sasi eta belar txarrak desagertzeko herbizida kimikorik ez da inolaz ere onartuko. Ezta intsektu eta zomorroak akabatzeko naturala ez den botikarik ere. Ongarriak, konposta, simaurra eta hondakin organikoak erabiliko dira.

Baratzaren erabilera urte baterako emango da eta ezezkorik ezean beste lau urte luzatu ahalko da. Eremuek ez dute hesirik izango, horrela pribatutasuna ekiditea nahi da eta elkarren arteko giro ona bultzatu. Utzi beharra izanez gero hilabete lehenago adierazi beharko da eta dena txukun utzi. Talde lana lehenetsiko da eta adin, genero eta arraza ezberdinen arteko harremana ahalbideratu. Gune ekologiko bat izango denez, herriko ikastetxeetako gaztetxoek laborantza ekologikoaren baloreak ikasi ahal izango dituzte.

Esperientzia ausarta eta interesgarria Azpeitiko Udalarena. Aurrera pauso bat, ingurumena zaintzeko heziketan eta nekazaritza ekologikoa bultzatzeko ahaleginean.

Izen-ematea martxan dago, udaletxean egin behar da, 943 15 71 91 telefono zenbakian. Urriaren 31an bukatzen da inskribatzeko epea. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide