Joseba Ibargutxi: “Jokalari eta entrenatzaile lanak uztartzea ez da batere erraza”

Jokalari moduan jarraitzeaz gain, Iker Buenoren laguntzailea ere izango da aurten aulkian joko antolatzaile donostiarra.

Bederatzigarren denboraldia dagoeneko klubean, baina denboraldi hasiera arraro xamarra da hau zuretzat ezta?

Lehenengo eta behin udara izan da zaila eta luzea. Taldea aterako zen edo ez zalantza handia egon zen. Xubik esan zigun oso zail zegoela kontua eta urtarrilean aita izan behar dudanez, txip aldaketa bat egitera behartu nahi izan nuen neure burua saskibaloi jokalari izateari utzita, ez bainuen nahi Iraurgi ez zen beste klub batean jokatu. Gainera badauzkat beste proiektu batzuk Donostian koordinatzaile eta entrenatzaile moduan. Baina azkenean taldea irtengo zela esan zigutenean, berriz buelta egin behar izan nuen hasierako ideiara. Jokalari moduan sinatu eta hiru astera berriz jaso nuen Jose Luisen deia esanez, Iker Buenok laguntzaile bat beharko zuela, Kataluniatik joko antolatzaile bat ekarriko zutela eta etxeko joko antolatzaileak (Imanol Zubizarretak) ere minutuak behar izango zituenez maila honetan esperientzia hartzeko, nire burua ikusten zuela entrenatzaile laguntzaile bezala.

Oraindik ere badirudi guztiz lekua hartu gabe zaudela.

Bai egia da, jokalari eta entrenatzaile lanak uztartzea ez da bat ere erraza. Aurre-denboraldian batzuetan jokatu dut, beste batzuetan ez. Aurreko partiduan ere 4 minutu eskas egon nintzen kantxan eta oraindik guztiz garbi ez daukat non nagoen ere. Hala ere, Ikerri ahal diodan guztian laguntzen diot eta forma onean egoten saiatzen naiz, denboraldiak luzeak baitira eta sekula ez dakizulako noiz jokatu beharko duzun. Suertez beti jokatu ahal izan ditut minutu asko egon naizen talde guztietan eta orain kantxa horren gutxi zapaltzea asimilatzen zaila egiten zait. Baina zorionez badaukat beste eginbehar bat. Ez nago aulkian noiz jokatuko dudan zain, baizik eta neurketan zehar gertatzen diren detaile guztiei so egon beharra daukat Ikerri ahalik eta pista gehien eman ahal izateko. Gainera kantxatik kanpo ere, bideoak ikusi, kontrarioak estudiatu, Ikerrekin egunero daukat zer egin eta elkar komunikazioa ere bikaina izaten ari da. Ni klubeko bat gehiago sentitzen naiz eta hemen egoteaz arro nago. Edozertan lagundu ahal badezaket hor egongo naiz eta gainera uste dut harmailetara gerturatzen den zaleak beti bezala animatzeaz gain, disfrutatzen amaituko duela, talde polita osotu baitugu.

Ohitu gabe egongo zara oraindik, baina joko antolatzaile zaren aldetik, aulkira pausoa ez al da errazagoa?

Bai egia da, batez ere joko antolatzaile gazteekin lan egiterako orduan, sistema ondo barneratzeko, akatsak non bilatu behar dituzten ikusteko… baina egia da baita ni normalean erasoari begira bizi izan naizela gehiago, defentsan beti ahulxeagoa izan bainaiz, eta normalean entrenatzaile gehienek defentsari gehiago begiratzen baldin badiote ere, aitortu beharra daukat nik erasora jotzen dudala gehiago. Hala ere, kantxa barrutik defentsako gauza asko ere ikusten dira eta horiek Ikerrekin gehiago lantzeko balio dit jokalari moduan ere jarraitzeak.

Iker Bueno, esperientzia izanagatik, oso gaztea da eta askok bera entrenatzaile jartzea pauso arriskutsu baino arriskutsuegitzat jo dezakete.

Bai, batez ere emaitzek laguntzen ez badute, horretarako joera egongo da. Baina, orain arte ezin dugu ezer txarra esan berarengandik. Aurre-denboraldia bikaina izan da, Euskal Kopa eta guzti irabazi ditugularik. Ligako aurreneko partiduan ere, lehen zati txarra jokatu eta gero, gauzak zuzentzen jakin izan zituen eta neurketa irabazteko aukerekin amaitu genuen. Gu taldean oso gustura gaude berarekin eta gainera berari zenbat eta hobeki irten gauzak guretzat ere hobe izango da. Taldea handia edo txikia datorkion… balantzeak urte amaieran egin behar dira. Klub askok hartzen dituzte horrelako erabakiak krisi egoeretan eta ez dauka zergatik gaizki irten behar.

Egia da baita denboraldi hasiera oso zaila egokitu zaizuela. Guadalajaran hasi eta ligako bi faborito nagusien bisita jaso behar lehen jardunaldietan.

Bai egia da. Aurrekoan Zilarrezko LEB ligako entrenatzaile guztiei elkarrizketa egiten zieten eta guztiek Castelló eta Palma jotzen zuten faboritotzat. Baten batek Prat ere esan zuen eta hori izango da gainera gure hurrengo irteera. Baina partiduz partidu joatea izan behar da gure helburua. Topikoa da, baina egia da. Gehiago atseden jardunaldia ere tartean daukagula jakinda. Hemendik hiru astera daukagun aurkariaz pentsatzen hasten bagara… Orain etxeko estreinaldian pentsatu behar dugu eta ia garaipena lortzerik badaukagun, atseden jardunaldira garaipen batekin iristen bagara, beste modu batera ikusiko ditugulako gauzak.

Eta azkena Joseba. Ikusita Euskal Kopan eman duzuen maila Zilarrezko LEB ligako kontrarioen aurka, edota Guadalajarako neurketari so, aurtengo ligan, iazko maila antzekoa ikusiko dugu?

Liga luzeagoa da, bi talde eta beraz lau partidu gehiago daudelako, baina maiari dagokionez nik antzekoa ikusten dut. Lehenengo urtean hiru-lau talde ikusten ziren besteen gainetik zeudela, mailari dagokionez eta profesionaltasunari dagokionez ere. Baina orain talde guztiek daukate antzeko perfila. Bizpahiru beterano, gosez eta gauzak demostratzeko gogoz dagoen jokalari gaztez inguratuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide