Higiezinak, kiroldegia eta zaborrak bere horretan, eta gainerakoei KPIa

Uztarria.eus 2013ko urr. 17a, 20:34

Udalak 2014. urterako zerga, tasa eta prezio publikoak onartu ditu, aho batez. Krisiaren eragina, ekonomia suspertzeko eta ingurumenaren aldeko neurriak, eta zerbitzu publikoen jasangarritasuna dira zergak ezartzerakoan kontuan hartu dituzten irizpide nagusiak. Neurri berri batzuk ere hartuko dituzte, tartean iruzur fiskalaren aurkakoak.

Datorren urtean Azpeitian indarrean izango diren udal zerga, tasa eta prezio publikoak onartu zituzten atzo, asteazkena, ez-ohiko Udalbatzarrean, eta aho batez.

2013rakoak onartzerakoan ezarritako ildotik, krisiaren eragina, ekonomia suspertzeko eta ingurumenaren aldeko neurriak, eta zerbitzu publikoen jasangarritasuna dira zergak ezartzerakoan kontuan hartu dituzten irizpide nagusiak. Orduan ez bezala, ordea, zerga eta tasa batzuk, "herritarrei eragiten dieten nagusienak", Eneko Etxeberria alkatearen hitzetan, bere horretan mantenduko dira; 2013ko kopuruetan, alegia. Hori da Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ edo kontribuzioa, erdaraz IBI bezala ezagutzen dena), kiroldegiko kuoten eta zaborraren tasaren kasua. Gainerako zerga, tasa eta prezio publikoak, berriz, %1,5 igoko dira; horixe da, hain zuzen, iazko abuztutik aurtengo abuztura KPIak izan duen igoera, horrelakoetan aplikatzen dutena, "nahiz eta KPI erreala handiagoa den".

Hobariak eta laguntzak

Aipatutako egoeraren zailtasuna kontuan hartuta, tasei aurre egiteko zailtasunak dituztenentzako hobariak eta laguntzak ere izango dira. Horrela, langabetuek, iritsi ezin direnek, eta familia ugariek laguntzak izango dituzte Kirol Patronatuan, Euskara Patronatuan eta Gizarte Zerbitzuetan. Tasei aurre egiteko laguntzak, berriz, Gizarte Zerbitzuetatik bideratuko dituzte; egoera sozial eta ekonomiko larria dutenei, hobariak eta ordainketen atzeratzeak aplikatuko dizkiete. Familia ugarien kasuan laguntza sistema aldatzea ere onartu dute, kuota sistematik errenta errealaren sistemara pasatuz, "justuagoa delako". Familia ugariei dagozkien hobariak zehazterakoan, gainera, familia ugari izaera ez ezik, familia horien diru-sarrerak ere kontuan hartuko dituzte.

Ingurumenaren aldeko neurriak sustatzeko, aurten ere kotxe elektrikoak edo hibridoak erosten dituztenei %50eko hobaria ezarriko zaie zirkulazio zergan; eta auzo edo autokonposta egiten dutenentzat ere mantendu egingo dute %25eko hobaria, kasu honetan zaborren tasan.

Ekonomia jarduera suspertzeko

Ekonomia suspertzeko neurriak ere jaso dituzte 2014rako udal zerga, tasa eta prezio publikoetan. Hona hemen aipagarrienak:

  • Komertzio berriak irekitzen dituztenei edo berrikuntzak egiten dituztenei obra lizentziengatik ordaindu beharrekoa erdira jaitsiko zaie.

  • Industriarako ibilgailuei (kamioiak, erremolkeak, autobusak eta traktoreak) igoerarik ez zaie ezarriko.

  • Industriako hobariak banaka-banaka aztertuko dituzte.

  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergak ez du eraginik enpresa txiki eta ertainetan, 1.000.000tik gora fakturatzen dutenetan bakarrik.

  • Alokairua sustatzeko, etxebizitza hutsen OHZri %50eko errekargua ezarriko diote 2014an ere

  • Baserritarrek, bertako produktuak saltzen dituztenek, %50eko hobaria izango dute.

  • Higiezin industrialen kasuan, orain ordaindu ezin dituzten enpresei zergak atzeratzea.

Neurri berriak

2014rako berrikuntzen artean, iruzur fiskalaren kontrako zenbait neurri aurreikusi ditu Udalak. "Inspekzio esfortzu berezia" egingo dutela iragarri dute, akatsak edo fede txarreko jarrerak direla medio, OHZ ordaintzen ez duten etxebizitza eta eraikinak kontrolatzeko. Etxeak hutsik ez daudela egiaztatzeko dokumentazio guztia Ogasun sailean gainbegiratuko dute, eta Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan ere enpresen deklarazioari orain artekoa baino arreta handiagoa jarriko zaie.

Zirkulazio zergari dagokionez, zilindrada txikiko ibilgailuen (12-14 zaldi artekoak) zergari KPIaren igoera aplikatuko zaie. Hortik aurrera, zilindradak gora egin ahala, igoerak %5, %7,5 eta %10 bitartekoak izango dira.

Zerga berria ezarriko zaie, bestalde, kutxazain automatikoei, espazio publikoaren okupazioagatik. Urrestillakoa salbuetsita geratuko da, "auzoetako okupazioak interes publikoaren alde direlako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide