Bi urte

Eider Alkorta ('Berria'-n) 2013ko urr. 20a, 11:47

Bi urte pasa dira ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitutzat emango zuela iragarri zuenetik. Atzo bertan izango balitz bezala gogoratzen dut egun hura, eta minutu haiek. Agiria errealitate zela esateko deitu nindutenetik agiria publiko egin arteko minutuak hain zuzen ere. Ez zen sorpresa izan, espero zen, baina azken hilabeteetan espektatiba batzuk behin baino gehiagotan ezerezean geratu zirenez, benetakoa zen galdetu nuen. Baietz erantzuten zidaten, ez geundela beste su-eten baten aurrean. Denei eman nahi nien berria, eta gustura, pozik eta urduri nengoela dut gogoan, zerbait garrantzitsua eta esanguratsua gertatu zen ustearekin. Orduan, bai, erabaki historiko baten aurrean geunden. Aieteko konferentziaren haritik etorri zen agiria, eta 59 urte igaro eta gero ETA bezalako erakunde batek jarduera armatua uztea historikotzat jotzeko adinakoa badela uste dut.

Orain balantzea egiteko unea da, eta idatzitakoa idatzi, ziur nago tarte honetan emandako gertaera eta ekimen asko bidean utziko ditudala. Bi urte pasa ondoren, aitortu behar dut ostegun hartan agiriaren ondorengoak irudikatzean ez nintzela batere errealista izan. Honekin, ordea, ez diot garrantzirik kendu nahi agiriaren irismenari, posible baita une hartan zabaldutako espektatibak oinarri oso sendorik ez izatea. Ez da gutxi, orain arte ETAk mehatxatuak zituen gehiengo bat bizkartzainik gabe bizi ahal izatea. Ez da gutxi ETAren biktima gehiago egongo ez dela jakitea. Hori bai, nire ustez, hortik bakera tarte handia dago, bakea eta biolentziarik eza parekoak diren premisa onarturik ere. Normalizazio politikoaren bidean ere, zenbait kasutan urratsak baino gehiago atzerapausoak ikusi ahal ditugu, Herrira-ren aurkako operazioa eta aste honetan bertan hasi diren makroepaiketak, besteak beste. Elkarbizitza normalizatu bat ote dugulako ezbaia konplexuagoa da, baina ezin ukatuko dugu herritarren arteko harremanak gaiztotu direla azken urteetan eta ikusezinak ez direla magiaz desagertuko. Eta hori guztia esku artean dugun memoria eta kontakizunaren patata beroa aipatu gabe. Auzi hau oin-puntetan landu nahi izango du zenbaitek, baina hurrengo tirabirak kontakizunaren borroka sinbolikoaren baitan gauzatuko dira.

Agerikoa da bi urteren tartean gehiegizkoa dela auzi horiei guztiei erreparatzea. Baina uste dut euskal gizartearen parte batek gutxienean presoen auziari helduko zitzaiola pentsatzen zuela. ETA jardunean izan den bitartean, EPPK-ko kideak bereziki zigortuak izan dira, eta behin baino gehiagotan entzun dugu erakundeak jarduera armatua utziz gero bestelakoa litzatekeela euren egoera. Eta hori da, nire ustez, momentu hauetan gizartearen parte horren frustrazio iturri handiena, zer esanik ez zigor horiek lehenengo pertsonan pairatzen dituztenengan. Urteetan tinko eta gogor mantendu direnek, eta mantentzea eskatu zaienek, azkenean ikusi ahal zuten beraientzat ere izango zela aterabiderik, eta hori agiri honen bidetik etorri ahal zela. Baina momentuz ez dugu horrelakorik ikusi.

Azkenengo totema desarmearena da, hori gertatuko balitz aldatuko omen litzateke orain artean bi Estatuek presoekin izandako jarrera, espetxe politikari dagokionez. Orain dela bi urteko agiriaren aurreko hilabeteetan bezala, azken denboraldian ere hortik dabil balizko arma uztearen agiria. Espainiako eta Frantziako Gobernuak geldirik daudela esatea motz geratuko litzateke, eta kartzela politikaren aldaketarako aukeretako bat Estrasburgoko epaiaren bidetik etorri ahal dela esan da, zuhurtziaz betiere. Nire ustean, presoen auziaren norarik ezak talka egin dezake bi urte hauetan Ezker Abertzaleak behin eta berriro aipaturiko aldebakartasunaren diskurtsoarekin. Aldebakartasunaren bideak bere mugak ditu, eta nabarmenak dira presoak Estatuen esku dauden unetik eta Espainia naiz Frantziako Gobernuek espetxe politikaren baitan aldaketa zantzurik ikusten ez den heinean. Hortaz, orain arteko bidearekin jarraituz ere, gobernuek aldaketarik egin ezean, presoen egoerak bere horretan jarrai lezake. Aldebakartasuna, ordea, beste era batera ere egikaritu ahal da, eta presoen egoera hobetzeko bidean, dituzten legezko bitarteko oro erabiltzearen eztabaida ere ez litzateke errotik baztertu beharko. Hori esatean ez diet, nik behinik behin, presoen egoeraren erantzukizunik kentzen gobernuei, eurek erakutsitako itxitasunaren aurrean irtenbide posibilista batez mintzo naiz. Sortu legezkoa izateko Ezker Abertzaleak aldebakarreko bidea jarraitu zuen, egin beharrekoa eginez, esan beharrekoa esanez, eta, nik dakidala, inori ez zitzaion burutik pasa Euskaldunan estatutuak aurkeztean Alderdien Legea zilegitzat jotzen zutenik. Eta horixe izan da, nire ustez, agiriaren ondotik Ezker Abertzalearen lorpen nagusia.

ETAk agiriaren bukaeran euskal jendarteari dei egiten zion konponbide prozesuan murgiltzeko, bake eta askatasun agertoki bat sortu arte. Euskal gizarteari erreparatuz, mobilizatuak daudenetatik haratago, uste dut horixe dela hain justu gertatu ez dena. Finean, Egigurenek bakea hauxe dela dionean, agian gizartearen zati handi baten ustea azaltzen du. Eta, hortaz, ze prozesutan murgildu behar dute? Azken bi urteetako balorazio bat eskatu bagenio euskal gizarteari, hemen aipaturikoek zenbatean islatuko lituzkete euren lehentasun, arazo eta buruko minak?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide