Egindakoa gogoan, egiteko dagoena ahaztu gabe

Uztarria.eus 2013ko urr. 21a, 21:02

Ezkerretik eskubira, Egiguren, Etxaniz, Segurola, Lili, Garate, opetegi eta Landa, mahai-inguruan.

Asteburuan egin diren Azpeitiko Emakumeon Topaketek etorkizunari eragiteko balio izan dute, iraganean egindakoetatik eta gaur egiten direnetatik abiatuta. Herrian bertan garai ezberdinetan baina borroka berean aritu direnen arteko harremanak sendotzeko ere baliatu dituzte topaketak azpeitiar feministek. Horren erakusle izan zen ostiraleko mahai-ingurua.

Azken hogeita hamar urteetan Azpeitian emakumeen eskubideak aldarrikatzen lanean aritutako hiru belaunaldi ezberdinetako lagunak mahaiaren bueltan eseri ziren ostiral iluntzean Emakumeen Txokoko areto nagusian. Haiek esan behar zituztenak entzuteko prest, berriz, 30-40 emakume gehiago; horien artean ere belaunaldi ezberdinetakoak, baina gazteen presentzia nabarmenarekin.

Emakumeen Txokoko teknikari Izaskun Egiguren gai-jartzaile zela, Mila Landa, Maite Lopetegi, Susana Garate, Leire Etxaniz, Maite Segurola eta Ilazki Lili ordubete pasatxo aritu ziren bataz eta besteaz berriketan eta giro onean. Azkenaldera, ikus-entzuleak ere batu ziren solasaldira, topaketen aurreneko hitzordua borobilduz.

"Burugogorkeria" eta emaitzak

Eskaerak luzatu eta salaketak egiterakoan urteetan zehar hainbat emakumen erakutsitako "burugogorkeria" aipatu eta horri esker izandako lorpenak jarri zituen mahai gainean, hasteko, Egigurenek; hala nola, danborrada, Udalean lortu diren baliabideak, eraso sexisten kasurako protokoloa... Garai batekoen eta gaur egungoen baliabide ezberdintasuna ekarri zuten gogora puntu horretan hizlariek: bilerak Kutxak utzitako lokalean edo Sindikatu Zaharrean, "orain toki batean, orain bestean" eta oso noizbehinka egiten zituztenak Emakumeen Txokoaren 'inbidiaz' azaldu ziren. "Zeinek esan garai hartan guri, lokal hau-eta izango zirenik?", zioen Mila Landak. "Eta ez genuen ba gauza asko eskatzen, azkenean. Lokaltxo bat, jende gehiagok ere erabil zezakeena, eta armairu bat edukitzea, materiala gordetzeko".

Helduagoekin esperientziak elkarbanatuz, "orain hain oinarrizkoak iruditzen zaizkigun gauzak zenbat borrokaren bidez lortu diren" konturatzen direla esan zuen mahaiko gazteenak, Ilazki Lilik. "Ikusten duzu dena dagoela lotuta, aurretik egin den lan baten ondorioa dela". Lortutakoari garrantzia kendu gabe, eskaera eta salaketen aroa "ez dagoela bukatuta" ekarri zuen gogora Maite Segurolak: "Dena perfektoa izango balitz, bihar bertan oporrak hartzeko moduan! Ez, ez, oraindik bidea luzea dela. Ematen du protokoloa eginda dagoela, Emakumeak Plazara egiten dela saninazioetan, Txitximore existitzen dela, eta jada festa parekideak ditugula Azpeitian. Eta ez, oraindik asko dago egiteko". "Igoal lortu beharko dena da protokoloaren beharrik ez izatea. Horrek esan nahiko luke ez dagoela erasorik", gaineratu zuen Susana Garatek.

Aldarrikapen baten eboluzioa

"Herri tradizional eta elizkoi honetan" mugimendu feministari esker sortu diren erreferentziak nabarmendu zituen ondoren Egigurenek, eta bat bereziki: sexu askatasunaren aldeko aldarrikapena. Puntu horretan, 'beteranoek' zioten haien garaian asko landu gabeko gaia izan zela. "Homosexualik ez zegoenez...", bota zuten, umoretsu. "Gure garaian dibortziorik ere ez zegoen", azaldu zuen Landak, "eta dibortzioaren alde, abortatzeko eskubideaz... gehiago aritzen ginen". Sexu askatasunari lotutako gaietan, lan oinarrizkoagoak zeuden egiteko orain 30 urte. "Emakumeen sexualitatea tabua zen garai hartan, ez zen horretaz hitz egiten. Horren gaineko hitzaldiak-eta egiten genituen, eta liburuak salgai jarri ere bai, gaiari buruzkoak", kontatu zuen Maite Lopetegik.

Ilazki Lilik esan bezala urteekin "sexualitatea lantzeko moduak ere aldatuz edo garatuz joan" diren arren, mahai-inguruko protagonista denak bat etorri ziren kontu batean: gai horrekin zerikusia zuten kartelak eta bestelako materiala kalean jartzerakoan pasatutako tratuarekin. Gehienek zeukaten pasarteren bat kontatzeko, Egaña gozotegi ondoko paretan kartelen bat jartzea tokatutakoa, edo zinegotziren batek kartel batzuk udaletxe azpitik kentzea eskatutakoa, une bakoitzeko larritasuna barre eta broma artean gogora ekarri bazuten ere.

Lorpenen ahuldadeaz

Azkenaldiko neurriek eta lege aldaketa proposamenek, abortuarena kasu, pixkanaka eta borroka luzearen ondorioz eskuratutakoak atzera botatzeko arriskuaz ere hitz egin zuten mahai-inguruan. "Borondate politikoa" aipatu zuen Susana Garatek. "Agintzen dagoenaren eta haren sentsibilitatearen arabera, erraztu egiten du edo ez du errazten". Leire Etxanizek eta Maite Segurolak, berriz, "30 urte atzera" egitearen arriskua hor dagoela ikusten dute. "Inork ez digu esango orain kontu korrontea lortzeko zure bikotearen edo aitaren sinadura behar duzula... baina ez gaude urruti, e? -ohartarazi zuen Segurolak- Ze ahuldade duten lorpen horiek guztiek, horrela, plast, eta edozein eratara kentzeko aukera dutenean. Ez dakit nola egonkortu daitekeen hori, jendeak pentsatzen duenean dena eginda dagoela. Baina ez da hórrela. 1983ra bueltatzera goaz!".

Indarkeriaren aurpegi ezberdinak

Herriko mugimendu feministaren kide izanik, emakumeen kontrako indarkeria kasuetan era batera edo bestera aurpegia ematea tokatu zaie ostiraleko mahai-inguruaren protagonistei. Eta jendearen jarrera eta pertzepzioetan onerako aldaketak somatu arren, arlo horretan ere oraindik egiteko asko ikusten dute batzuek zein besteek, gazteenek eta beteranoenek.

"Kakotx artean esanda, emakumearen kontrako indarkeriaren aurreko jarrera sozialki onartuago dagoela esan daiteke.  Teorian, mundu guztia irteten da kontra. Baina gero, errealitatean, gauzak bestela dira. Egia da mobilizazioak egiten ditugunean-eta jende kopuru bat mugitzen dela, 40-50 lagun, eta hori lorpentxo bat izan dela, egindako lan guztiaren ondorio. Baina gauza horiek herrian gertatzen direnean, edo egiten duena zein den, ezaguna al den... Hor aldatu egiten dira kontuak", zehaztu zuen Ilazki Lilik.

Susana Garatek, berriz, gizartearen eboluzioan alde nabarmena ikusten du tratu txarren aurreko jarreretan eta bortxaketen aurrekoetan: "Tratu txarrena, lehen etxe barruan geratzen zen gauza, gizarteratu egin da, gaur egun ez da onartzen. Baina bortxaketak gertatzen direnean, lehen eta orain, inpotentzia hori... Nola demostratu zer gertatu den, esaten dituztenak, inork ez zaitu babesten... Niretzat askoz egoera gogorragoak bizi izan ditugu bortxaketen aurrean. Oso gaizki pasatu izan dut eta pasatzen dut, horrelakoetan". Lilirentzat, "erailketen aurrean lortu dugu hori gaizki dagoela ulertaraztea, emakumeen kontrako indarkeria dagoela. Baina ez dugu asmatu azaltzen, edo ez da ulertzen, hori zergatik gertatzen den, indarkeria estruktutal bat dagoela atzean. Eguneroko hainbat gesto txikik zer ekar dezaketen".

Arazo eta egoera larrien kontrako aldarrikapena umorez hornitzen jakin izan dutela ere baloratu zuten emakumeek, Txitximore edota festetako txosnaren dekorazioaren harira, eta anekdota artean barrez. "Gustatu egiten zaigu mozorrotzea", zioen Lilik. "Gu serioagoak ginen, e!", berriz, Garatek.

Memoria, oroitzapen onak eta ez hain onak, astinduz, eta egiteko falta dena mahai gainean jarrita. Eta Azpeitiko mugimendu feministan pisu berezia izan eta ostiralean han ez zeuden Arantxa Arruti, Esther Lizarralde eta Bea Aldalur gogoan. Horrela hasi zen Azpeitiko Emakumeon Topaketen lehen edizioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide