Partaidetzazko aurrekontuak izenarekin, urria hasieran partaidetza prozesua jarri zuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiak, "herritarrek erabaki dezaten diru publikoa zertan inbertitu". 2014ko foru aurrekontutik 500.000 euro jarriko ditu Aldundiak, parte-hartze zuzenaren bidez proposatutakoari erantzuteko. Prozesu berri hori Urola Erdiko bailaran jarri dute abian lehen aldiz, esperientzia pilotu gisa, datozen urteetan herrialdeko gainerako eskualdeetara zabaltzeko asmoarekin.
Prozesuaren lehenengo fasean Urola Erdiko herritarren 124 proposamen jaso ditu Aldundiak, postontzi eta Internet bidez. Besteak beste, jarduera ekonomikoari, ingurumenari, gizarte beharrei, mugikortasunari, gazteriari, kulturari, kirolari eta parekidetasunari lotutakoak dira proposamenak. Horiez gain, autobus eta garraio publikoaren zerbitzuarekin lotutako proposamenak ere jaso dituzte. Proposamen horiek aurrekontu horretatik kanpo uztea erabaki dute, Aldundiak abian duelako garraio publikoa hobetzeko prozesua ere.
Hurrengo hitzorduak
Parte-hartze prozesuari lotuta, azaroaren 6an, asteazkena, izango da hurrengo hitzordua, Azkoitiko Elkargunean. 18:30ean hasita, 124 proposamen horiek lehenesteko eta bozkatzeko batzarra egingo dute, eta Urola Erdiko herritarrei bertan parte hartzeko dei egin diete "aurrekontuen zati bat non edo zertan gastatu erabakitzeko".
Foru Aldundiak azaroaren 8-9an osatuko du lehenetsitako proposamenen zerrenda, eta prozesu parte-hartzaileko azken bilera azaroaren 28an, osteguna, izango da Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, 18:30etik aurrera. Urola Erdiko herritar guztiei zuzendutako batzarra izango da hori ere, eta bertan izango dira, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkaoko Ahaldun Nagusia, Helena Franco Ogasun diputatua, Arantxa Ruiz de Larrinaga Parte-Hartze zuzendaria, Batzar Nagusietako taldeen ordezkariak eta bost herrietako alkate eta zinegotziak. Azken batzar horretan zein proposamen aukeratu diren, zergatik eta nola hautatu diren, eta proposamen horiek aurrekontuetan sar daitezen eta urtebetean gauzatu daitezen zein bide egingo duten azalduko dute.
Hemen azpeitiarrek egindako proposamen batzuk:
- Betharram ikastetxeko jolastokian mahaiak eta eserlekuak jarri.
- Alokairu sozialeko etxe parkea handitu.
- Herritarren partaidetza bultzatzeko tresnak eta dinamikak bultzatu.
- Azpeitian eta Azkoitian turismo zerbitzu bana jarri.
- Azpeitiko Berdura plaza eraberritu eta nekazaritza proiektua landu.
- Atletismo pista eraiki.
- Ezinduentzat igogailua jarri Azpeitiko kiroldegian.
- Museo arkeologikoa egin, eta Munoaundi herrixka herritarrei zabaldu.
- Azpeitia-Tolosa bidea moldatu.
- Azpeitiko plaza oinezkotu.
- Azpeititik A-8 autobiderako errepide sarea hobetu.