1. Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra da Udalbiltza. 1.778 hautetsik sortu zuten, 1999an, Bilboko Euskaldunan egindako batzar batean. Hautetsi haien artean ziren Azpeitikoak, orduko alkatea (EAJ-PNV) buru zela; hamazazpi hautetsiek aho batez hartu zuten Udalbiltzaren aldeko erabakia udalbatzarrean.
Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea, Euskal Herriko egitura politikoa eraikitzen laguntzea, nazio eraikuntza bultzatzea, udalerrien artean harremanak sendotzea eta munduari Euskal Herria nazioa dela adieraztea izan ziren Udalbiltzaren sorrerako bost printzipioak, Bilboko batzar hartan onartutakoak.
Udalbiltza aro modernoko lehendabiziko nazio instituzioa zen, eta da.
2. Lizarra-Garazi akordioa hautsi ondoren, 2001ean Udalbiltza bi espresiotan banatu zen, desadostasunak medio: Udalbiltza-Udalbide eta Udalbiltza.
Azpeitiko EAJ-PNVren udal taldeak orain Udalbiltzaren laguntzari buruzko salaketa zabaldu duenean bete dira, hain justu, hamar urte Azpeitiko EAJ-PNVren udal taldeko kide bat izendatu zutela Udalbiltza-Udalbideko lehendakari: Julian Eizmendi alkatea (2003-11-08an izan zen, Basaurin). Handik bi hilabetera adierazpen garrantzitsuak egin zizkion Eizmendik Uztarria aldizkariari: “Euskal Herrian sinesten dugu. Udalbiltzan sei lurraldeetako udal hautetsiak ditugu eta gure helburua Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea da, prozesu dinamiko eta demokratiko gisa ulerturik. Naziogintza integratzailea, pertsonekiko eta lurraldeekiko errespetuan oinarrituta eta hiritarren borondate askean eraikia, behetik gora. Lurraldetasuna ez dago herritarren borondatearen gainetik inposatzerik; printzipio hori estatuek errespeta dezatela eskatzen ari baldin bagara, guk ere gure nazio eraikuntzan errespetatu beharra daukagu”.
Gure ustetan, Udalbiltza-Udalbidek ekimen interesgarriak burutu zituen; Kohesio Fondo bat sortuta, euskara, kultura, kirola, ingurumena, lurralde antolaketa, ekonomia, garapena eta gizarte ongizatea esparruetan ekimenak babestu eta diruz lagundu zituen.
Udalbiltza-Udalbidek ere finantzazioa behar zuenez, erakunde publikoetatik diru laguntzak jaso izan ditu: Eusko Jaurlaritzatik, aldundietatik eta udaletatik. Tartean, Azpeitiko Udaletik, eta hemen dago horren adibide bat, iturri gisa EAEko Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren txosten bat hartuta: 2000-2003 artean Azpeitiko Udalak Udalbiltzari hasieran eta Udalbiltza-Udalbideri gero, 61.301,90 euro eman zizkien.
3. Udalbiltza, alderdi guztietako hautetsiei eskaintza eginda, aurten berrantolatu da, ia hamar urteko etenaldi behartuaren ondoren –gogoratu 2003an bere kontrako operazioa egin zuela Espainiako Estatuak; 2011n absoluzioa jaso zuen; besteak beste, Miren Odriozola azpeitiarra epaitu zuten–.
Azpeitiko legealdi honetako hamazazpi hautetsietatik 11k udalbiltzakide egitea erabaki genuen (EH Bildukook). Udalak orain, udalbatzar baten bidez, deliberatu du Udalbiltzarekin hitzarmena sinatzea eta hari diru laguntza bat ematea. Gure udalaren 2013ko aurrekontu propioa 16.304.180 eurokoa da. Udalbiltzari aurten 15.000 euroko laguntza emango diogu; gure aurrekontuaren %0,09.
Badakigu ekarpen hori egitasmo praktikoetarako izango dela; besteak beste, Pirinioetan tokiko garapenaren egitasmo bat hastear da Udalbiltza, bertako instituzio, eragile eta herritarrekin batera. Euskal Herrian lurralde bazterketarik handiena nozitzen duen eremutzat jo du, azterketa baten bidez.
4. Bai udal komisioan eta bai udalbatzan antzeko ekimenak aurkezten badira beste udal talde politikoen bidetik, EH Bilduk azaldu eta defenditu du gure babesa adierazteko prest gaudela.
5. PNVk dio “eskandalagarria” dela aipatu dugun kopuru hori gure udalak Udalbiltza nazio instituziora bideratzea. Eskandalua historikoa izango da PNVrentzat, ez soilik gaur egungoa. Izan ere, Azpeitiko Udala eta nazio eraikuntza estu lotuta izan dira azken hamarkadatan, eta gure udalak “gertutik eta modu zuzenean parte hartu izan du Euskal Herriaren eraikuntzan”, Uztarria aldizkariaren 2004ko urtarrileko zenbakiko erreportaje batek gogoratu zigun bezala.
6. Demagogikoa da "aurrekontuen azken eurora arte" Azpeitian inbertitzeko eskatzea. Udalbiltzaren hau ez da udalak Azpeititik ‘kanpo’ bideratzen duen laguntza bakarra. Adibidez, hirugarren mundurako gure laguntzak ia 100.000 eurokoak izan dira aurten. Udalbiltzari egindako ekarpen honen aurka zergatik jo du PNVk?
7. Guretzat, tartean krisia izan ala ez: Euskal Herria da gure nazioa, Euskal Herria Azpeitia ere bada, herria eta nazioa eraiki egin nahi ditugu, udalerriok ere eraikuntza nazional horretan ezinbesteko gara eta, beraz, nazio instituzio bakar den Udalbiltza Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrari ekarpen ekonomiko bat egitea erabaki dugu.
Abertzaleok euskotarron aberria osatzea nahi dugu, gure aberri osoaren alde egitea dugu helburu nagusitzat. Zuberoan edo Nafarroan gure herria defendatzen duten herritarrei lagundu behar diegu, nazio proiektuak landu eta elkarri lagunduz gure aberria osatu beharra daukagu. Euskaldun jendea bizi den Pirinioetako bi aldeetara dagoen lurraldea da gure aberria, eta eraiki egin behar dugu. Horregatik da garrantzitsua Udalbiltza.
8. Joan den martxoaren 2an Udalbiltzaren berrantolaketarako batzarrean 1.200 udalbiltzakide ginen. Orain 1.424 gara –horietatik 176, alkateak–. Azpeitiko PNVren udal taldeak, ordea: “Ezker abertzalearen orbitako hautetsiek osaturiko beste plataforma bat besterik ez da”. Udalbiltzari irakurri diogu aurten: “Plurala ere bada Udalbiltza. Euskal Herria aintzat hartzen duten hautetsiek osatzen dute, kolore askotakoek, izan alderdi edo koalizioetakoak, edo independente gisa aurkeztu zirenek. Nabarmendu nahi dugu Udalbiltzako partaideen %17 hautetsi independenteak direla”.
Kide gehiago izan nahi ditu Udalbiltzak, gehiagoren artean eraiki nahi dugu. EAJ-PNVri eskatzen diogu nazio eraikuntza lehentasun gisa jotzeko, inboluzio nazionalari bukaera emateko (desaktibatua du Udalbide bera ere), eta atxikitzeko Udalbiltzaren egitasmora. Eskua luzatzea nahi dizuegu, gurekin batera, batzen gaituena banatzen gaituena baino askoz gehiago delako. Azpeitiak gure Herria (letra larriz) eraikitzen asko eman du eta ematen jarraitu behar du, gure aberria euskaldun denon aberria baita.
Garai interesgarriak datoz; hau da unea.