Mikel Aranburu: "Sekula huts egin ez didan pertsona eta lagun ona da Labaka"

Uztarria.eus 2013ko aza. 14a, 13:23

Mikel Aranburu bihar Labakari egingo dioten omenaldiko kartelarekin.

Futbolari izateari utzi eta bost hilabetera, Mikel Labakari (Azpeitia, 1980) omenaldia egingo diote bihar, ostirala, Garmendipe futbol zelaian. Realak eta Rayo Vallecanok lagunarteko partida jokatuko dute, 19:00etan hasita.

Aranburuk ere jaso zuen herritarren omenaldia futbola utzi eta gutxira. Orain, Realeko jubenil eta kadete mailako erdilariak entrenatzen eta harrobiko zenbait talderen partidetako begirale gisa dabil Zubietan, azpeitiarra. Biharko omenaldiaz Labakaren lagun eta Realeko taldekide ohi Mikel Aranbururekin hitz egin du Uztarria.com-ek.

Garmendipen izango al zara bihar?

Bai, noski. Jende asko joango delakoan nago. Labakaren familiako, lagun eta futbolean ezagututako jende ugari ere han izango da eta ni ere, normala den moduan, han izango naiz. Beste edozeinek bezalaxe hartuko dut nik parte omenaldian. Garmendipen bertan ikusiko da nolakoa den omenaldia, baina nik ez dut zuzenean parte hartuko.

Labakak eta biok profesionalki eta lagun bezala elkarrekin asko partekatu duzuenez, barreneko sentsaziorik-edo eragingo al dizu biharko omenaldiak?

Nik uste eragingo didala. Hala eta guztiz, aste asko ez direla beste omenaldi bat egin zitzaion. Gertuko jendeak omenalditxoa egin genion, afari baten bueltan, eta han une politak bizi izan genituen. Bideo bat egin zitzaion, eta afari polita izan zen.

Bihar ere, nik uste, momentu hunkigarriak izango direla Garmendipen. Labakak futbol ibilbideari halako bukaera txukuna emanda, jendearen onarpena ikusteak neuri ere egingo dit ilusioa. Herrian izango da, bai herriak eta, bereziki, Lagun Onakek omendu nahi izan duelako. Lagun Onaken hasi zen Labaka futbolean txikitan, eta hirugarren mailako taldean 16 urterekin jokatu zuen aurrenekoz. Beste askori bezala, hari ere gero futbolari izateko bidea Lagun Onakek ireki zion. Hori dela-eta, berarentzat polita izango da ibilbidea bukatu eta gero, Lagun Onakek herriaren aurrean halako detailea izatea.

Omendua izatea zer den ondotxo dakizu. 'Gomendiorik' eman al diozu Labakari?

Bai zera. Bakoitzak nola bizi duen, eta zein eratako omenaldia den desberdina da. Nik uste erraz asmatuko duela omenaldiaren aurrean. Kritikak eta gaizki esanak entzutea zailago izaten da, eta hari ere bere ibilbidean tokatuko zitzaizkion halakoak. Orain gozatzea tokatzen zaio.

Haren meritu bat baino gehiago aipatu dute egunotan, kirolari eta pertsona bezala. Zuretzat, lankide ohi bezala, zer izan da aipagarriena Mikel Labakaren kirolari ibilbidean?

Kirolari bezala, esan beharrik ez dago zer izan den Labaka. Jendeak badaki, nik bezalaxe, zer ibilbide izan duen.

Eta lagun bezala?

Lagun bezala, lagun on bat izan da. Realean hasi aurretik ezagutzen nuen, eta bagenuen erlazioa. Futbolak asko sendotu du erlazio hori, eta sekula huts egin ez didan pertsona eta lagun ona da. Futbolean ibili garen bitartean hala izan da eta gerora ere halaxe izango da.

Lagun Onaken batera aritu al zineten futbolean?

Guk aurrenekoz taldean batera Realeko lehen taldean jokatu genuen. Lehen taldera iritsi arte sekula ez ginen elkarrekin talde berean aritu. Kontra bai, jokatu genuen. Lehen taldean ginela hasi ginen Zubietara-eta batera joaten. Topo futbolean lehenengo mailan egin genuen. Beno, gero bigarren mailan ere bai...

Urtebete pasa da zuk futbolari izateari utzi zeniola, eta hilabete gutxi batzuk igaro dira Labakaren kasuan. Futbolaz orain lehen baino gehiago hitz egiten al duzue, berdintsu ala gutxiago?

Hitz egiten dugu orain ere, baina beste modu batean. Lehen, futbolean eta Zubietara bueltaka genbiltzala, normala den gisan, edozerren inguruan hitz egiten genuen gehiago. Ez da futbolarekin nazkatuta bukatu dugula, eta horri buruz ez dugula hitz egiten. Normaltasunez hitz egiten dugu, orain gauza asko kanpotik ikusten ditugu eta gure iritzia ematen dugu, beste edozeinek bezala.

Kirolari profesional batzuei ibilbidea bukatu eta bizimodu berrira egokitzea zaila egiten omen zaie. Horretaz hitz egiten al duzue?

Hitz egin izan dugu. Aldaketa dezentekoa da, baina bai berak eta bai nik erabakia hartzerako asko pentsatu genuen. Ez da kolpera etorritako zerbait izan. Futbola uzteko erabakia ez zen izan lesio baten ondorioz etorritakoa edo talderik gabe gelditu ginelako halabeharrez hartutakoa. Bion kasuetan ez da hori izan arrazoia, eta burua prestatzen joaten zara erabakia hartzerako.

Labakak, gainera, azken urtea bakarrik, etxetik kanpo pasatu zuen. Bi alaba eta neska-laguna hemen zituen, eta egokitzapena ez dut uste zaila izan denik. Nik ondo ikusten dut eta berak ere ondo dagoela dio.

Lehen lotura estua zenuten. Donostiara joan-etorrian bidaia ugari egiten zenuten batera. Elkarrentzako 'konfidente' izango zineten, zenbaitetan. Oraindik eusten al diozue horri?

Bai, asko egoten gara oraindik ere. Lehen egunero egoten ginen, ordu asko. Orain ordu gutxiago egoten gara, baina egoten gara, hitz egiten dugu eta geure tarteak bilatzen ditugu, aitzakia bat edo bestea izan.

Eta, Zubietara egindako bidai haietako anekdotarik bai?

Anekdotak asko ditugu, baina bat, horrela, ez zait etortzen. Hainbeste egon daitezke...

Lagun Onaken hasi zenuten futbol ibilbidea biok. Bertan erretiratzea ez al zenuten inoiz pentsatu?

Nik ez, ez naiz-eta ikusten. Labakak ez dakit pentsatu zuen ala ez. Ez zait iruditzen, baina hori berari galdetu beharko diozu. Aurrekoan beteranoekin jokatu genuen partida bat, eta... gu ja tarteka jokatzeko gaude. Futbola ez da txantxetarako kontua. Ondo prestatuta egon behar da, eta prestatzen ez bazara lesionatzeko aukera galantak daude.

Beraz, futboletik 'erretiratu' arren, beteranoen taldean ere elkartu zarete Labaka eta biok.

Realeko beteranoen taldearekin jokatzeko elkartu ginen duela pare bat aste. Jokalari guztiak ez dira lehen taldean jokatutakoak, batzuk Sansen aritutakoak dira eta beste jokalari batzuk ere badira. Batzuk dira beterano helduagoak, eta beste batzuk gazteagoak.

Orain liga bat hasi behar dute hiru astean behin-edo partidak jokatzeko. Guk aurrenekoa jokatu genuen, San Mamesen, Athleticen kontra, esan zigutelako gaixotasun arraroen ikerketarako dirua biltzeko zela. Hura jokatu genuen, baina ez ditugu guztiak jokatuko. Dena den, ez dugu baztertzen partidaren bat edo beste jokatzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide